Hezkuntza Legea. Euskara

Irakasleen euskara maila kezkagai

Hezkuntza Legearen aurreproiektuak jasotzen du irakasleak euskaran eta euskal kulturaren transmisioan trebatzeko prestakuntzak emango dituztela. Beraz, behar besteko maila al daukate? EHUren Hezkuntza Fakultateetako zenbait irakasle gaiarekin kezkatuta daude.

Ikasle batzuk euskararen aldeko mezu bat atzean dutela, Tolosako Laskorain ikastolan. JON URBE / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Ikasleen euskara mailarekiko kezka aspaldikoa da. Eta ez dira zurrumurru edo irudipen hutsak, datuek berresten dituzte: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako bigarren mailako ikasleen %53,3k hasierako maila dute euskaraz, ISEI Irakats-Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak iaz kaleratutako datuen arabera. Baina non dago arazoaren jatorria? Zer maila daukate haien irakasleek? Eusko Jaurlaritzak aurkeztu berri duen Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroak ere indarra jartzen du hizkuntzen inguruko prestakuntzan. Beraz, ba al dago hutsunerik? BERRIAk EHU Euskal Herriko Unibertsitatearen Hezkuntza Fakultateetara jo du galdezka, eta ondorioa argia da: irakaslegaiek ez dute behar besteko euskara maila, baina gizartean gertatzen denaren isla da.

«Orokortzeak daukan arriskuarekin, orokortuz, euskara maila eskasa da gutxienez, eta batzuetan, oso eskasa. Kasu gutxitan ikusten da maila edo erraztasun handia». Etorkizuneko irakasleak trebatzen ditu Alex Gurrutxagak Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultatean, eta egoeraren diagnostiko gordina egin du. Ñabartu du esana: «Euskararen ezagutza badaukate, baina erabilera oso-oso apala da». Eta zer gertatzen da euskal kulturaren ezagutzarekin? «Gure ikasleek hobeto ezagutzen dute Espainiako errealitatearen edozein ertz —kultural, musikal, geografiko...— Euskal Herrikoa baino».

Dena den, unibertsitatea ez da leku bakartu bat; gizartearen isla da han bizi dutena. Euskarari oro har ematen zaion garrantzian eta irakaslegaien euskara mailaren artean, esaterako, lotura ikusten du Nerea Arrutik, Gasteizko Hezkuntza eta Kirol Fakultateko irakasleak: «Iruditzen zait guk dauzkagun ikasleak oso langileak direla, oso motibatuta etortzen direla, lan egiteko prest. Daukaten maila gizartearen isla da». Euskararen prestigio faltan ikusten du arazoaren funtsa.

Antzera mintzatu da Gurrutxaga. Adibide bat jarri du prestigio falta horretaz: «Konparatzen dugunean geure burua Europako beste unibertsitateekin eta pentsatzen dugunean unibertsitate homologagarri bat izan nahi dugula, askotan pentsatzen dut guk euskaraz eskatzen dugun mailarekin joango bagina Parisko Sorbona unibertsitatera eta maila hori erakutsi frantsesez, ziurrenik ez gintuzketela onartu ere egingo». Ikasgeletan ere ikusten du: «Gure ikasle askok onartzen dute testu bat ez ematea balekotzat gaztelaniaz orri batean bost akats gramatikal daudelako, baina euskaraz bost akats gramatikaleko orrialde bat ez balekotzat emanda, jende askok zailtasunak ditu onartzeko. Estatus kontu hori EHUtik harago doa».

Gasteizen bezala, Donostian ere badute gaiaren inguruko egonezina. Ana Gandara irakaslea da Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean, eta ikusi dute unibertsitatera iristen diren ikasle «aunitzek» ez dutela aitortzen dieten hizkuntza maila: «Batxilergoa euskaraz egiteagatik aitortzen zaien delako B2 maila hori gero ez da islatzen haien gaitasun komunikatiboan, ez euskaraz, ez gazteleraz ere kasu aunitzetan».

Hala ere, erabilerari dagokionez, Gandarak uste du momentuz egoera ez dela «larria»: «Gurean ez da larria. Ikasleak baditugu euskaraz aritzen direnak eta sumatzen zaienak beren egunerokoan euskaraz ari direla, baina egia da joeraren bat baldin badago haien artean gazteleraz aritzekoa, kalean ikusten dena dela; ez gehiago eta ez gutxiago, gizartean duguna da».

Bukatzerako, hobeto

Eta lau urteko graduaren ostean, zer? Irakasleek nabaritzen dute hobekuntza, hala moduzkoa bada ere. Gurrutxaga: «Hobekuntza badago, baina ez behar lukeen adinakoa; maila altuagoa beharko genuke». Gandara ere ildo bertsutik: «Saiatzen gara prestatzen C1era arte, euskaraz eta gazteleraz. Halere, egia da batzuetan, daukagun ikasle kopuruagatik eta graduen diseinuagatik, zaila egiten dela ikasle guztien banakako jarraipena egitea. Orduan, baten batzuetan agian ez da lortzen C1 maila hori guztiz ziurtatzea». Baikorxeagoa da Arruti: «Badaude ikasleak lan egiten dutenak eta laugarren mailan maila askoz hobea daukatenak, baina euskaraz ez dira bizi. Gure helburua ez da filologoak formatzea, haurrekin lan egingo duten irakasleak baizik. Zuzentasuna oso garrantzitsua da, baina atxikimendua ere bai».

Kontuak horrela, badute «sorgin gurpilean» sartuta egotearen sentsazioa, Arrutiren esanetan: «Ikasle batzuk aurreneko mailan argi dago irakasleen akatsak errepikatzen ari direla, horrela ikasi dutela, eta hori arazo bat da». Gurrutxagak xehatu du: «Ez dakigu oso ongi hasierako puntua non dagoen. Guk hemendik ikasleak bidaltzen ditugu eskoletara, eta irakasle izango dira, eta nolabait arazoak edo gabeziak errepikatzen jarraitzeko aukera daukate». Uste du, dena den, hasi Eusko Jaurlaritzatik eta eskoletaraino horri buelta eman nahian ari direla, baina ikusten du «jende asko» kontra ere: «Badago jendea oso argi daukana eta diru asko inbertitzen duena euskarak bere bidea egin ez dezan».

Nondik jo daiteke?

Ezintasunak ezintasun, bada bidezidorrak irekitzeko lanetan ari denik. Horixe da, esaterako, Donostiako fakultateko kasua. Gandarak azaldu duenez, Hitzgai proiektua abiatu zuten bertan 2017an, zenbait irakasle kezkatuta zeudelako: «Batetik, sumatzen genuen ikasleen B2 maila kasu batzuetan ez zegoela bermatuta unibertsitatera sartzen zirenean. Bestetik, ez ginen ziur geuk bermatzen ote genuen C1 mailarekin ateratzen zirela, bai euskaraz, bai gazteleraz». Kezka horretatik abiatuta, 2017-2018ko eta 2018-2019ko ikasturteetan proba batzuk pasatu zizkieten ikasleei.

Orain, pandemiako etenaldiaren ostean, irakasleak kontzientziatzeko lanetan murgilduta daude: «Uste dugu oinarrietako bat izan beharko litzatekeela etorkizuneko irakasle izango diren horiek prestatzen ditugun irakasle guztiok kontsideratzea hizkuntza irakasle garela, eta hizkuntza irakastea edo komunikazioari dagokiona ez izatea irakasgai gutxi batzuei dagokien zerbait». Gainera, proiektuaren egitura hiru edo lau urterako diseinatzen ari dira: «Gure helburua da —eta horretan ari gara— proiektu bat diseinatzea ikasleei C1 maila hori lor dezaten baliabideak diseinatzeko graduan bertan».

Proiektu jakin batzuez gain, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren lehen zirriborroan jasotakoa ere lagungarri izan daitekeela iruditzen zaio Gurrutxagari: «Aurreproiektuan hizkuntzari buruz irakurri ditudan gauzak ideia aldetik onak iruditzen zaizkit: eleaniztasunarena, euskara sustatzearena, C1+ maila lortzeko prestakuntza, berariazko planak, momentu batean aipatzen du jauzi kualitatiboa eta kuantitatiboa gertatuko dela...». Alabaina, xehetasunen falta sumatu du: «Orain, zehaztasuna behar dugu: zehazki zer esan nahi duen, lan hori nork egingo duen, nola egingo den...».

Arrutik, berriz, formakuntzak bainoago, baliabideak nahi ditu, eta ez hezkuntza formalera soilik bideratuak: «Dirua jarri, ikus-entzunezkoak sustatu, gazteen kontsumo ohituretan dirua jarri, fikzioa euskaraz... Bestela, dena gazteleraz ikusten eta entzuten dute. Gazteleraz bizi badira, oso zaila da hemen ordu batzuetan konpontzea».

Ikusi gehiago:Zehaztasun falta «arrisku»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.