Pozik dago Jaizkibel konpainiako kapitain Oihana Etxebarrieta. Harrotasuna ere igartzen da bere hitzetan: «Entseguak oso ondo joan dira. Lehen egunean, adibidez, birritan pasatu ginen San Pedro kaletik, zoragarri». Jendea alde sumatu dute espaloietan, eta desfilea bera jendetsua izango dela argi dute, entseguetara egunotan hurbildu baitira ehunka pertsona; gazteak dira, gainera, asko. Irudi indartsuak zabaldu dituzte sare sozialetan, datorrenaren erakusgarri. Izurriaren aurretik Hondarribian (Gipuzkoa) ospatu zen azken alarde egunean, 2019an, lehen aldiz lortu zuten Kale Nagusia konpainiaren aurkako plastiko beltzik inork zabaldu gabe igotzea, eta hori bera bihar errepikatzea espero dute. Aldarriak, ordea, bizirik dirau. Baztertzailea da oraindik alardea, eta, ohi dutenez, justu haren aurretik desfilatuko dute Jaizkibel konpainiako gizonek eta emakumeek, iragan 25 urteotako helburu berarekin: alardearen parte izan nahi dutela aldarrikatzeko. 08:00etan abiatuko dira.
Ikusi gehiago:Lur hartzeko pista bat alardean
Tamalez, izurriaren ondorioz alarderik egin gabe igaro diren urteotan instituzioen partetik ez da urrats argirik egin aldarri parekideari dagokion aterabidea emateko, eta pena hori badute Jaizkibelen, bereziki Hondarribiko Udalaren jarrerarengatik. «Guretzat interlokutore izan behar luke udalak. Guztion instituzioa den heinean, guk udala bitartekari ikusten dugu; lan honetan ibili behar lukeen norbait da. Tamalez, ez du rol hori hartu», salatu du Etxebarrietak.
Alkatearen jarrera
Areago, salatu du udaleko ordezkarien partetik egon direla berriki keinu guztiz desegokiak. Asteburu honetan, esaterako, Txomin Sagarzazu alkatearen argazkiak zabaldu dira alarde baztertzaileko konpainia baten entseguan parte hartzen. Irudiak «mina» eragin duela adierazi du Etxebarrietak: «Irudi aldetik, atzerapauso ikaragarria izan da». Egin beharreko beste hainbat urrats, gainera, ez dituelako inoiz egin. Adibidez, alkateak igaro urteotan bilera bakar bat ere ez du egin Jaizkibelekin aldarri parekidea bideratze aldera; era berean, orain arte desfile baztertzaileari besterik ez dio egin beti harrera alarde egunean, eta baztertu egin du Jaizkibel. Bihar, printzipioz, ez dute aldaketarik espero. «Baina guk, beti bezala, gonbidapena egin diogu», zehaztu du konpainiako kapitainak.
Aldarri parekidea hauspotu duten beste mugimendu batzuen aurrean ere, ez da batere mugitu udala. Guztion Alardea mugimendua indartu da urteotan: 2019ko udazkenetik martxan dira, eta aurtengo uztailean jakinarazi dute 64 andrek Alarde Fundazioari eta Hondarribiko Udalari egin zietela alardean desfilatzeko eskea, eta udalak ez die erantzun ere egin. Arrangura eragin du Alarde Fundazioaren erantzunak ere: andreei esan die ezin dutela irten desfilean. Erantzunak horiek izan diren arren, eta aldarri parekidearen kontra daudenak zeinen gotortuta dauden erakusten badute ere, Guztion Alardeak hilabeteotan konponbide bat bideratze aldera egin dituen urratsak poz handiz hartu ditu Jaizkibelek. «Erakusten dute zorionez herria ez dagoela geldirik», nabarmendu du Etxebarrietak. «Agintariek nahi badute beste aldera begiratzen jarrai dezakete, baina errealitatea da Hondarribian gero eta jende gehiago mugitzeko prest dagoela alarde parekide baten alde: konponbidearen alde».
Hilaren 2an hori erakusten zuen argazki jendetsu bat egitea lortu zuten Guztion Alarde mugimenduko kideek: Gernikako Arbola plazako zelaigunean ehunka lagun batu zituzten, eta «guztiona eta guztiontzat» izango den alardea aldarrikatu zuten. Ezin uka, irudi hori gogoan izango dute askok bihar Hondarribian.
Guztion Alardearen eskeak jaso duen erantzuna «lotsagarria» dela argi du Etxebarrietak. Uste du jarrera horrek lehen baino argiago utzi duela, ordea, aldarri parekideari emandako ezezkoak arrazoitzeko maiz erabili izan diren argudioak faltsuak direla, eta muinean andreak baztertzeko borondatea besterik ez dagoela. «Batzuek pentsatu izan dute arazoa Jaizkibel zela, Jaizkibel konpainiako kideak. Ikusi da ezetz».
Gazteak eragile
Gazteak aldaketaren hauspo direla ikustea ere oso garrantzitsua dela uste du Jaizkibel konpainiako kapitainak. «25 urteren ondoren belaunaldi gazteek lidergoa hartzea oso ona da. Gazteak aldaketaren agente izatea oso garrantzitsua iruditzen zait». Eta argi du nork eragina badela. Guztion Alardea bereziki gazteek sustatutako mugimendua da, eta jende gazte asko dute Jaizkibelen ere.
Hondarribiko alardea
Alarde izateko urratsa, 25. aldiz
Jaizkibel konpainia urteroko eran aterako da bihar, desfile baztertzailearen aurretik. Konponbiderik ez da bideratu izurriaren urteetan, baina aldaketa gogoa agerikoa da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu