gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Chill afera (eta III): eta musika?

2021eko martxoaren 14a
00:00
Entzun

Fenomeno musikal batek, zer duda egin, barnebiltzen ditu aldagai sozialak, klasearenak, generoarenak, hizkuntzarenak... Esana dugu, modu batez edo bestez, horiek guztiek ispilatu dizkigu chill fenomenoak, eta interpelatu gaitu batzuok zein besteok, besteok zein batzuok. Baina nekez izango luke izaten ari den dimentsioa oinarri musikal indartsurik gabe. Esparru horretan asko egonagatik esateko, gutxi ari gara esaten. Gutxiegi. Taldekoen auzotasunaz gain, abiaburu bezala har liteke (eta noizbait aztertu), esaterako, Iruñeak azken hiruzpalau hamarkadatan (baita lehenago ere) izan duen musika mugimendu heterodoxoa, nola moldeetan, halatsu edukietan, eta hizkuntzan; euskal pop-rock hegemonikoaz bestelako proposamenek bideratua (hiribururik hegoaldekoena izateak izan ote lezake musika haize desberdin horiek jasotzean zeresanik?): Tijuana in Blue, Los Bichos, Balerdi Balerdi, Kojón Prieto y los Huajalotes, Skalariak, Hemendik At, Columpio Asesino, Lehendakaris Muertos, Kerobia, Kokoshca, Cabezafuego...

Chill Mafia talde-kolektiboaren beraren musika proposamenari erreparatuta, aldiz, justu egotzi izan zaienaren kontrara, euskal musikaren hainbat tradizio eta oihartzun zein nazioartekoarenak atzematen zaizkio Ezorregatik X berpizkundea lanean. Gurean agerpenak bai, baina trinkotzerik izan gabeko soundsystem eta hip-hop kultura kaletarraren lengoaiatik abiatuta, modu esplizituan edo keinu lausoagoen bidez, iritsi baitaitezke Xabier Leteren (Ez Dok Amairu), Hertzainak-en, Cicatrizen (RRV-a), Bertso-Hop-en, Fermin eta Duten, Maddi Oihenarten, Erramun Martikorenaren eta beste hainbaten oihartzunak, gure pop(ular) tradizioak ondotxo ezagutzen dituzten seinale. Batu horri musika beltzaren, jamaikar musika herrikoiaren aldaerak (dub, reggaea, reggaetona, junglea, ska...) zein hip-hop kulturatik abiatutakoak (rap, trap...), Nafarroako matraka eta jota kaletarraren izpirituz jantzi eta...

Ertz, kolore eta irakurketa askotako obra bat daukagu esku artean. Zertarako ibili iraultza hitz hanpatu, murtxikatu eta xahutua fenomenoa azaltzeko; nahikoa da onartzea euskal musikaren berrirakurketa aberats eta interesgarri bat dakarrela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.