gorka erostarbe leunda
BI AHOTSETARA

Chill afera (II): paradigma aldaketa?

2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Dena esana baitago, baina ez hauek; ez orain eta hemen.Deus berritzailerik ez ekarri izana da Chill Mafiakoei egotzi zaien gauza ugarien artean bat. Berritzaile zeri deitzen zaion eta zein gainbalio ote duenbazter utzita, bi ardatz soziokultural gurutzatu dira haien arrakastan. Bata, gutxienez 2008az geroztik bizi izandako krisi egoera global konstantea, eta belaunaldi gazteek bizi izandako prekarizazio prozesu amaigabe-itogarria. Bestea: munduan pop(ular) musika hegemonikoak izandako paradigma aldaketa. Rock-pop eredu anglosaxoia izan zen gazteen musika lengoaia nagusia luzez, gitarra, baxua eta baterian oinarrituriko moldean emana. Urte batzuk badira lekukoa hartu ziola musika latino urbano deiturikoak, reggaeton/trap binomioak sinbolizaturik, baina askoz ere estilo hedadura zabalagoa duenak. Bidegurutze horretan detonagailu sonoro izaten asmatu du Iruñeko Arrotxapea auzoko taldeak.

Musika sortu, entzun, eta zabaltzeko moduek ere paradigma aldaketa bizi izan dute azken hamarkada luzean. Kantu solteak jaurtitzen dira sareetan, itxuran kontsumo azkarrerako moldean emanak. Baina halako paradigma aldaketa al da hori 50-60etan rock 'n' roll lengoaia pop kultura nagusi bihurtu zenekoarekin alderatuz? Orduan ere singleak jaurtitzen ziren lehenik, eta kale auzoetan dantzatzen ziren. Ondoren etorri ziren obra luze eta sofistikatuagoak, eta areto itxietako emanaldi ponpoxoagoak.

Chill Mafiakoek kontrapausoan harrapatu dituzte asko, gainera; Gazte arruntaren koplak erdiz berbenero erdiz parodikoarekin metxa piztu ondoren, jada himno auzotar-jenerazionala bihurtu den 03014 dub kantu itzela plazaratu zuten bi astera; eta hamar piezaz osaturiko mixtape askotarikoa hurrena.

Sinbolizatu eta gorpuztu duten (ez eurek soilik) aldaketa edukizkoena izan da pipiak jota zegoen pop kultura-musika kalera itzuli dutela auzotik, bajeretatik sortuz.

Chill Mafiakoei egotzi zaie, baita ere, euskal musikaren tradizioa(k) behar beste ez ezagutzea. Ezezagutza handiagoa da, ordea, gazte horien errealitate soziopolitiko-kulturalaz, eurek euskal musikez zein gainerakoez dutena baino. Horretan ez da izan paradigma aldaketarik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.