«Ondokoa kutsatu da»

Konfinamendu neurriak arintzen hasi eta kalera irteteko baimenak hedatzen hasten direnerako, gaitzaren zabalpenari aurre egiteko aplikazioak garatzen ari dira Europako gobernuak. Baliabide horrek zalantza ugari sortu ditu.

«Ondokoa kutsatu da».
Lander Muñagorri Garmendia.
2020ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Sakelako telefonoak jo berri du, eta abisu bat ageri da: «COVID-19 gaitzean positibo eman duen pertsona batekin harremanetan egon zara. Eskatu koronabirusaren proba egiteko testa, eta emaitza jakin arte egon berrogeialdian». Laster baliteke horren antzeko mezuak jasotzea europarrek telefonoetan, koronabirusaren hedapenari aurre egiteko aplikazioak garatzen ari baitira bertako herrialdeetako gobernuak. Izan ere, konfinamendua kendu eta kalera irteteko baimenak hedatzearekin batera, gaitza kontrolatzeko tresna baliagarriak izan daitezke herritarren arrastoari jarraituko dioten aplikazioak. Norbanakoa birusa duen norbaitekin egon ote den kontrolatuko baitu. Gobernuei dagokie aplikazioak nolakoak izango diren zehaztea eta erabilera finkatzea, baina dagoeneko kezka sortu du hainbat eragileren artean. Segurtasunaren truke pribatutasuna zalantzan egon baitaiteke.

Europako Kontseiluak bultzatu du egitasmoa, eta, aplikazioaren oinarriak zehazteko, PEPP-PT izeneko partzuergo bat sortu zuten apirilaren hasieran. Bertako kide dira Europako zortzigobernu —tartean daude Espainia eta Frantzia—, eta bestelako erakunde eta enpresa ugari. Herritarren pribatutasuna bermatzeko egitasmo bat dela diote, eta gobernu bakoitzak konfinamendu neurriak arintzen hasten denean erabakiko du aplikazioa martxan jarriko duen ala ez. Baina, ordurako, oinarria prest egongo litzateke.

Aplikazioak bluetooth bidez funtzionatuko luke. Sakelako telefono bakoitzak, minutu gutxiko maiztasunarekin, bere seinaleak bidaliko ditu, eta, era berean, beste telefonoenak jaso. Pertsona horietako batek koronabirusaren testean positibo emango balu, sistemak abisua bidaliko lieke aurrez harekin harremanetan egon diren guztiei, eta berrogeialdia egin dezaten eskatu. «Bete nahi duen helburua ondo dago, baina zalantza ugari sortzen ditu aplikazioak», azaldu du Unai Bilbao Akting enpresako teknologia adituak. Izan ere, aplikazioa eraginkorra izango bada, herritarren ehuneko handi batek eduki beharko luke sakelakoan instalatuta.

Eraginkortasunerako bidea

Birusaren hedapena kontrolatzea izango litzateke aplikazioaren helburua, baina, horretarako, bertan jasotzen den informazioak sinesgarria izan beharra dauka. «Pertsona bakoitzak esan beharko luke birusak kutsatu ote duen ala ez; nola dakizu erabiltzaile bakoitzak egia esan duen ala ez?». Hori da teknologia adituari hasteko sortu zaizkion zalantzetako bat.

Aplikazioa zenbat pertsonak erabiliko ote luketen ere galdera egiten du Bilbaok. Izan ere, sakelakoa gainean eduki gabe atera daiteke jende asko kalera, esaterako, eta kasu horretan ez litzateke informazio guztia partekatuko. «Gobernuek bere hura erabiltzera derrigortu dezakete, konfinamendua derrigortu duten bezala», dio. Hala gertatu da, esaterako, Txinan. Baina halako neurririk hartzeko prest legoke Europako gobernuren bat? Singapurren sakelako telefonoen arrastoari jarraitzen dion aplikazio bat jarri dute martxan inongo derrigortasunik gabe, eta herritarren %20k bakarrik instalatu dute tresna telefonoan. Horrek aplikazioaren eraginkortasuna kamustu egiten du, ez baitu bermatzen norbanakoak harremanetan egon den pertsona guztien informazioa jasotzea. Eta, horren ondorioz, aplikazioa sortzeko helburua ezbaian egon liteke.

Europako gobernuak aztertzen ari dira nola ezar dezaketen aplikazio horren hedapena, eta bide horretan Apple eta Google erraldoiekin egin dute topo. Izan ere, bi konpainiek akordioa lortu dute euren sistema eragileen gaurkotzeen bidez aplikazioa instalatzeko. Horrela, erabiltzaile gehienek izango lukete euren gailuan birusari aurre egiteko tresna. Baina bi konpainia horiek agertzearekin batera, askoren alarmak piztu dira, eragile askoren ustez erabiltzaileen pribatutasuna ezbaian egon baitaiteke. Googlek eta Applek ziurtatu dute, ordea, aplikazioa egoki erabiliko dutela.

Pribatutasunaren zalantza

Pribatutasunaren inguruko kezka horren lekuko izan liteke aste honetan 27 herrialdetako 300 akademikok argitaratu duten idatzia. Honela diote bertan: «Kezkatuta gaude, krisi honi aurre egiteko irtenbide batzuek gizartearen zaintza masiborako sistemak ekar ditzaketelako». Besteak beste, aplikazio hori oker erabil daitekeela salatu dute, herritarrak zaintzeko tresna izan baitaiteke. Era berean, tresnaren beharra dagoela esan dute, gaitzari aurre egiteko baliagarria izan baitaiteke, betiere gobernuek egoki erabiliko balute. Idatzi horretan azaldu dutenagatik, tresna honek herritarren pribatutasuna bermatu beharko luke, eta, horrela ez balitz, susmo txarrak hedatuko lirateke. Ondorioz, herritar askok ez lukete instalatuko.

Pribatutasunari dagokionez, aplikazioaren bi eredu mota daude: zentralizatua eta deszentralizatua. Zentralizatuan, gobernuek sakelako telefono bakoitzaren identitatea zein den jakin dezakete; deszentralizatuan, gertaera garrantzitsuenak telefonoan gertatzen dira, eta, beraz, erabiltzaileak soilik izan dezake informazio hori. Bilbaoren arabera, teknikoki bigarren aukera hori garatzea zailagoa da. Dena den, pribatutasunaren ikuspegitik bideragarriagoa ere izan liteke.

Edozein modutan, aplikazio horren eraginkortasunaren eta erabiltzaileen pribatutasunaren artean oreka zaila dagoela uste du teknologia adituak. «Hau guztia errazagoa balitz, aplikazioa lehenago kaleratuko zuten, teknikoki ez baitauka halako zailtasunik. Pribatutasunaren aldetik daude traba gehiago, eta, horrekin batera, duda dago helburua beteko ote duen ere». Zalantza horiek guztiek atzeratu dute aplikazioaren kaleratzea, baina ikusi beharko da zenbat denbora irauten duen zalantza horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.