Stella Canava. Yvan Colonnaren abokatua

«Geure buruari galdetzen diogu nola gertatu ahal izan den halako eraso bat»

BERRIA.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Bastia
2022ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Yvan Colonna preso korsikarraren abokatuetako bat da Stella Canava. Marseillako (Okzitania) ospitalean dago haren bezeroa martxoaren 2tik, koman, Arlesko (Okzitania) presondegian erasoa izan ostean. Canavak uste du «berantegi» datorrela Frantziako Gobernuak DPS estatusa kentzeko hartutako erabakia eta gertatutakoa ekidin zitekeela.

Ikusi gehiago:Yvan Colonnaren kondena etetea erabaki du Frantziako justiziak

Yvan Colonnaren kondena etetea erabaki du Frantziako justiziak. Zer diozu?

Eskaera duela bi egun aurkeztu genuen. Zigorren aplikaziorako epaileak, beraz, presazko erabakia hartu du, Colonna hilzorian dagoelako. Familiari bisitak egitea erraztuko dio erabakiak.

Koman dagoela DPS estatusa kendu zion Frantziako lehen ministro Jean Castexek. Nola hartu duzu berria?

Erailketa saiakeraren ondotik berehala heldu da erabakia. Alta, urteak dira haren abokatuok DPS estatusa kentzea eskatzen dugula. Legea errespetatzea galdetzen dugu aspalditik, familiarengandik hurbildua izan dadin. Legea aplikatuko balute, Colonna Borgoko [Korsika] presondegian legoke, eta erailketa saiakera ez zen gertatuko.

Gisa horretako eraso bat kartzelan gertatu ahal izatea jarri duzue jomugan...

Terrorismoaren kontrako Parisko Auzitegiko epaile batek hartu du ikerketa. Yvan Colonnaren erasotzailea Afganistanen atxilotu zuten jihadista bat da, terrorismo islamistagatik kondenatua. Orain, ikerketapean ezarri dute, hilketa saiakeragatik.

Argi dago geure buruari galdetzen diogula nola gertatu ahal izan den horrelako eraso bat Arlesko presondegian, ustez segurtasun handikoa den presondegi batean. Era berean, geure buruari galdetzen diogu nola erasotzaileak laguntzaile postu bat lortu duen espetxean, jakinda konfiantzazko postu bat zuela, edozein presok lortu ezin duena. Nola lortu du hain soslai arriskutsua duen gizabanako batek postu hori? Nola da posible erasoak zortzi minutu baino gehiago iraun izana zaindaririk ohartu gabe?

Colonnari bezala, beste bi presori ere DPS estatusa kendu diete; hurbilketa berehalakoa izan daiteke?

Pierre Alessandriri eta Alain Ferrandiri Colonnari kendu eta egun batzuetara kendu zieten DPS estatusa. Argi dago erabaki honek lotura duela Korsikan azken egunotan egin diren elkarretaratze, manifestazio eta matxinada mugimenduekin. Gobernuak lasaitasunaren jokoa egin nahi izan du. Azkenean, zuzenbidea aplikatu du. Horiek horrela, ezerk ez lieke Korsikara itzultzea eragotzi behar. Bestalde, Ferrandik baldintzapeko bat eskatu du. Zigorrak aplikatzeko auzitegiak onartu zuen, baina fiskalak helegitea ezarri zuen. Zigorrak aplikatzeko auzitegiaren dei auziaren beha dago orain.

Zer ekar dezakete solasek?

Gogoratu behar dugu presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulitik hilabete eskasera gaudela. Darmaninek esan du: «Autonomiaraino iristeko prest gaude». Zoritxarrez, hauteskunde promesa besterik ez den beldur naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.