Ziztada hilgarrien aurkako lasterketa

Gaitz larriak hedatzen dituzten eltxoen espezieak behin betiko hiltzeko ideia zabaldu da azken urteotan. Hainbat adituk diote erabateko iraungitzea ez dela beharrezkoa, baina funtsezkoa dela toki jakin zenbaitetan izurriteak amaitzea.

Singapurren, inguruak fumigatzen, Zika birusa ez zabaltzeko. WALLACE WOON / EFE.
Juanma Gallego.
2017ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Jainkoaren baimenarekin ala polizoi gisa, batek daki. Biak ala biak aukera kezkagarriak dira. Kontua da Noeren arkan eltxo bikote bat sartu zela. Eta, harekin batera, plasmodium izeneko bizkarroia. Urak jaitsi eta ontzia Ararat mendira iritsi zenerako, kaltea eginda zegoen. Gainerako bizidunen antzera, eltxoen bikote zoriontsuaren leinua luze eta zabal hedatu zen munduan zehar; leinuarekin batera, ordea, malariaren madarikazioa hedatu zen.

Sinplifikazioa da noski. Irudimen ariketa. Egiari zor, 7.000 eltxo sartu baitziren arkan; 3.500 espezie, orotara. Eta, horietatik, 100 bat espezie ziren plasmodium parasitoa zabaltzeko gai. Baina hori ez zen arazo bakarra izan: dengea, sukar horia eta bestelako gaixotasun larriak zabaltzeko gai baitziren eltxo asko. Ez zen izan behar, inolaz ere, bidaia xamurra. Hegazkinetan ematen duten janariaz kexatu baino lehen, oroitu zer baldintzatan bidaiatu zuten Noe gixajoak eta haren familiak.

XXI. mendera etorrita, malariaren eta eltxoek hedatutako beste zenbait gaixotasunen aurkako borrokan jarraitzen du gizakiak. Gaitz askoren kontra jotzea zaila bada ere, malariaren kasuan, bidea argi dago: eltxoak akabatzea giltzarri izan daiteke. Horregatik, gero eta gehiago dira intsektu horien kontra irmoago jotzeko beharra azpimarratzen dutenak.

Arazoa bukatzeko, zergatik ez jo, zuzenean, eltxo horien kontra? Nahi gabean, espezie asko iraungi ditu gizakiak. Zilegi al da, kasu honetan, espezie horiek behin betiko nahita iraungitzea? «Tira, ez da hain sinplea», argudiatu du Roger Eritja entomologoak. «Ezinezkoa den kontu bati buruz ari gara, eltxo horiek izurritea baitira, eta arras zaila baita izurrite bat ezeztatzea. Bestalde, ez litzateke beharrezkoa izango. Eltxoek zabaltzen dituzten gaixotasunen oinarrian dago eltxo asko daudela eta gaixo asko daudela.Eltxoen edo gaixoen kopuruak apalduta, aurre egin dakioke gaixotasunari. Beraz, ez da beharrezkoa espezie bat guztiz akabatzea».

Bartzelonako Baix Llobregat eskualdean lan egiten du Eritjak, eltxo arriskutsuak menderatu nahian, eta Mosquito Alert izeneko egitasmoko entomologoa ere bada. Herritarren zientzia proiektu horren bidez, sakelako telefonotik herritarrek ateratako argazkiak jasotzen dituzte, gaixotasunak zabaltzeko gai izan daitezkeen eltxoen inguruko jarraipena egiteko. «Era horretan, milaka kolaboratzaile ditugu, eta jendea zientzia kontuetan ahalduntzeko aukera daukagu».

Kanaria uharteetan

Entomologoak azaldu duenez, asteartean bertan izan da gaiari buruzko azken berria, Fuerteventuran (Kanaria uharteak) aurrenekoz Aedes aegypti espezieko eltxoa atzeman dutela eta. Zika, dengea, chikunguya edota sukar horia hedatzeko gai da eltxo hori, betiere gaixotasun horiek endemikoak diren tokietan.

Hurrengo galdera agerikoa da. Klima aldaketa dela eta, tropikoetan bizi diren eltxoek lur berriak eskuratuko al dituzte? Askotan zabaldu den harreman hori ere kolokan jarri du Eritjak. «Ez du halabeharrez hala izan behar. Ameriketako Estatu Batuetako eremu hotzetan baziren sukar horia zabaltzen zuten eltxoak. Eta Europan ere izan ziren, gutxi gorabehera 1700. urtetik XX. mendearen hasierara arte. Urtero milioi erdi hildako inguru izaten ziren. Azken izurritea 1910ean izan zen, Grezian. Eta, nik dakidala, orduan ez zegoen klima aldaketarik». Errealitatearen bitartez kazetariari titularrak zapuztea gustuko duen adituaren esanetan, zientzialariek ez dakite espezie hori zergatik desagertu zen Europatik. Baina, badaezpada, bueltatzen diren ikusteko, gertutik aztertzen dituzte zomorro txiki horien ibilbideak. Baix Llobregaten jatorri biologikoa duen produktu bat erabiltzen dute eltxoen larbak hiltzeko: Bacillus thuringiensis israelensis izeneko bakterioak askatzen dituzte uretan. «Larbentzat baino ez da kaltegarria, eta edateko uretan ere bota daiteke, lasai asko».

Fumigazioak alde batera utzi diren garaiotan, bestelako bideak erabiltzen dira eltxoen aurka jotzeko. Teknikarik zabalduena ar antzuak askatzea da. «Eltxoak hezi, arrak aukeratu eta, ondoren, antzutu egiten dira, normalean erradiazioaren bitartez. Gero, horiek askatu, eta aske bizi diren arrekin lehiatzen dira. Baina, arrak antzuak direnez, emeek ez dute ondorengorik». Teknika hori, besteak beste, Valentzian (Herrialde Katalanak) erabiltzen dute, frutaren euliaren kontra. «Hegazkin txiki baten bitartez egiten dute. Astero 36 milioi ar antzu askatzen dituzte frutari kalte egiten dioten euliak hiltzeko».

Gerra ebolutiboa

Carlos Chaccour doktoreak gertutik ezagutzen ditu malariaren ondorioak. ISTUN Nafarroako Unibertsitateko Osasun Tropikaleko Institutuan egin zuen doktoretza tesia. Han zegoela, Malaria Mission izeneko egitasmoa martxan jarri zuen. Asmoa zen ivermectina izeneko botika gorputzean txertatzen zuen silikonazko inplante txiki bat garatzea. Botika hori era kontrolatuan odolean askatzen da, eta, eltxoek ziztada egiten dutenean, pozoitu egiten dira. Orain Mozambiken ikertzen ari da, Bartzelonako Osasun Globalaren Institutuarekin. Zehazki, herrialdearen hiriburu Maputotik ordubetera dagoenManhiça izeneko herritik hitz egin du BERRIArekin, telefonoz.

Inplantearen ideia gizakiengan garatzea alboratu du oraingoz, eta orain animaliengan egiten ari da hori. «Horrek abantaila bikoitza du. Animalia ziztatzen duten eltxoak hiltzen ditugulako, eta animaliak osasuntsu daudelako; ondorioz, haragiaren eta esnearen ekoizpena handitzen da. Gainera, epe luzera errazagoa da animaliei botikak ematea».

Hainbat urtez egoerak hobera egin badu ere, azken urtean gauzak berriro okertzen hasi dira. «2000tik 2015era, malaria %50 gutxitu zen». Baina, duela aste pare bat OME Osasunaren Munduko Erakundeak atera duen azken txostenaren arabera, 2016an 216 milioi kasu izan ziren. Igoera izan da;izan ere, 2015ean 211 izan ziren. Hildakoen kopuruari dagokionez, 400.000 izan dira. Hala ere, finantzaketak bere horretan jarraitu duela nabarmendu du adituak. «Horrek ez du esan nahi finantzaketa falta izango denik zio bakarra, baina argi dago badagoela harreman bat». Eta oroitarazi du gaixotasunari aurre egiteko funtsezkoa dela eltxoak kontrolatzea: «2000-2015 bitartean saihestu ziren kasuen %70 eltxoen kontrolari zor zitzaizkien. Eltxoa kontrolatu gabe, ez goaz inora».

Eboluzioaren katean, arma lasterketa bat da. Honela esplikatzen du Chaccourrek: «Guk intsektuen aurkako armak asmatzen ditugu, baina parasitoak eta eltxoak horietara egokitzen dira». Egokitze horren adibide bat jarri du. «Etxe barruan eta gauez ziztatzen duten eltxoak gehiago kontrolatzea lortu dugu. Ondorioz, zentzu ebolutiboan, goizez edo arratsaldez etxetik kanpo animaliei ziztatzen dieten eltxoak garaile atera dira. Horiek gutxiagotan ziztatzen diete gizakiei; baina, asko ugaritu direnez, gizakiei gutxitan ziztatuta ere, gaixotasuna zabaldu egiten da».

Transgenikoen eztabaida

Gaixotasunaren kontra jotzeko zilegi al da eltxoak hiltzea? «Guztiak ez. Eltxoen 100 espezie inguruk zabaltzen dute malaria, eta, horietatik, 30-40 espezie dira benetako arazoa». Adituaren ustez, osasun publikoaren ikuspuntutik, ez da beharrezkoa eltxo guztiak hiltzea, baina ongi ikusten du gaixotasunak zabaltzen dituzten toki jakinetan eltxoak hiltzea. «Zenbait lekutan egina dute jada. Brasilen, malariaren bektorerik handiena den Anopheles darlingi espeziea zabaldu zenean, akabatu egin zuten; eta Nilo ibaiko uharteetan ere egin da halakorik, aparteko kalte ekologikorik eragin gabe».

Gene drive izeneko teknologiaz mintzatu da aditua. Genetikoki eraldatutako eltxoak ekosistemetan sartzeko teknika ezaguna da hori. «Horren inguruko zarata handia egon da, eta presio asko egon dira teknologia horretan inbertitu ez dadin. Baina ez da bide bakarra. Eboluzioaren arma lasterketa horretan eltxo horiek garatzen dituzten erresistentzien aurkako estrategiak garatu behar ditugu, ezinbestean».

Roger Eritjaren entomologoaren ustez, gainerako transgenikoen inguruan izaten den eztabaidaren antzekoa da hau ere. «Oxfordeko Unibertsitatean sortutako Oxitec izeneko enpresak genetikoki eraldatutako eltxoak saltzen ditu. Baina jende askok horren inguruko zalantzak ditu, genetikoki eraldatutako organismoak era masiboan sartzeko bidea delako hori. Halere, etika horrek beste etika batekin talka egiten du: pertsonak hiltzen ari dira eltxoek zabaldutako gaixotasunak direla eta».

Adituaren esanetan, OMEk eztabaida horri heldu dio. «Horren haritik irakurri dudan azken informazioen arabera, gero eta gehiago dira eltxo transgenikoak erabiltzearen alde daudenak». Bestalde, bide horren aurkakoek diote patentea duen enpresa pribatu bati erosi behar zaizkiola eltxoak, eta arbuiagarritzat dute hori. «Baina horren ordez erabiliko zenituzkeen intsektizidak ere erosi behar dira, patentatuak daudelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.