Katalunia. Diada. Dolors Feliu. ANCko presidentea

«Ematen du Espainia jakin bat salbatu behar dugula, baina, egiazki, handik atera nahi dugu»

Biltzar Nazional Katalaneko buruak mezu bat helarazi die JxCri eta ERCri: Espainiako gobernabidea laguntzera mugatzen badira, «baliteke» hurrengo bozetarako herritarren zerrenda bat hauspotzea, «2017ko independentzia aldarrikapena gauzatzeko».

DANI CODINA.
Igor Susaeta.
Bartzelona
2023ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Kataluniaren «proiektu handia» bat da, Dolors Feliu ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidentearen esanetan (Roda de Ter, Katalunia, 1964): «Demokraziaren bidez sezesioa lortzea. Katalunia, gainera, abangoardia izan daiteke beste herrialde batzuentzat. Ez dugu etsiko».


Diada bihar egingo dute, eta azken egunetan herritar ugari ari dira biltzarrak Bartzelonan duen egoitza nagusira joaten, Marina kalekora, aurtengo mobilizazioko kamiseta erostera. Han egin da elkarrizketa. ANCko presidentea izateaz gain, Kataluniako Generalitateko talde juridikoko funtzionarioa ere bada Feliu, 1994tik.

Iazko Diadak Kataluniako Gobernuaren haustura bultzatzeko balio izan zuela iruditzen zaizu. Helburu jakinen bat ba al du aurtengoak?

Aurten oso garrantzitsua da oso argi entzutea jendeak independentzia nahi duela; ez beste zerbaitetarako negoziazioetarako gauza apalduak, eta gobernabidea ematea Espainiako Estatuari, guk kontu txikiak esaten diegunekin. Horiek Kataluniaren independentziatik urruntzen gaituzte, eta ez dute mahai gainean jartzen egiazki nahi duguna. Inoiz iristen ez diren gauza txikien zein handien promesetara ohituta gaude; baita konstantea den tratu txarrera eta errepresiora ere. Beraz, iruditzen zaigu ezin diegula utzi berriro engaina gaitzaten, eta mahai gainean jarri behar dugula errepresio horren guztiaren amaiera litzatekeena: guk geure gizartearentzako erabaki propioak askatasunean hartu ahal izatea; hori da Kataluniaren independentzia.

Pedro Sanchezen inbestidura posible baterako babesa negoziatzen hasteko, Kataluniako prozesu subiranistaren ondorioz errepresaliatuak amnistiatzeko eskatu du JxCk Junts Per Catalunyak. ERC Esquerra Republicanaren posizioa ere oso antzekoa da. Autodeterminazio erreferendum bat egitea ez dute, abiapuntuan behintzat, ezinbesteko baldintza gisa jarri, ordea. Zer iruditzen zaizu?

Ikusten dugu ez dela [JxC] fidatzen Madrilgo gobernuaz, badakielako askotan engainatu gaituztela. Beraz, uste dugu atzean beti engainu bat dagoela, eta presente eduki behar dugula beti. Iruditzen zaigu, gainera, argi esan dela hauteskundeak errepikatzeko aukeraren ikararik ez dagoela.

Ikusten dugu izendatua izan nahi duen gobernuak abagunea baliatu dezakeela lausotasunen bidez erakartzeko. Uste dugu, horrenbestez, gure autodeterminazio eskubidearen ariketa gisa oraindik ere alde bakarreko independentzia dela biderik argiena.

Aipatu duzu Espainiako Gobernuak engainatu egiten duela. Zertan?

Engainatzen du, adibidez, aurrekontuak adosten dituen bakoitzean, gero ez duelako betetzen. Aurrekontuaren gauzatzea %30 ingurukoa izan zen iaz; Madrilen, aldiz, %100etik gorakoa. Alderdi berak engainatu zuen, Jose Luis Rodriguez Zapaterok [Espainiako presidentea izandakoa 2004tik 2011ra] esan zuenean [2003an] babestuko zuela Kataluniako Parlamentuak onartutako estatutua; hau da, ez dela soilik gauza txikiekin gertatzen.

ANCk Kataluniaren independentzia lortu ahal izateko estrategiatzat jotzen du Espainiako instituzioak blokeatzea. JxCk eta ERCk, ordea, PSOEk Espainiako Kongresuko presidentetzarako proposatutako hautagaiaren alde bozkatu dute, eta, gainera, PSOEk eta Sumarrek behin-behinean utzitako diputatuak onartu dituzte Kongresuan talde propioa edukitzeko. Ez dirudi blokeoaren bila dabiltzanik...

Gogor kritikatu genituen itun horiek, irudituta sezesiorako negoziazio baterako bide ez direla. Baina tira, lehengo eguneko eszenaratzearen ondoren, zeinean presidenteak [Carles Puigdemont] ziurtatu zuen ezin dugula dena itxitzat eman... Hori adierazpen positibo bat da.

Azal ezazu, mesedez, zergatik uste duzun blokeoa bide egoki bat izan daitekeela independentziaranzko pausoak emateko.

Espainiako Estatuak inoiz ez du Kataluniako gobernabidea lagundu autodeterminaziorako eta sezesiorako duen eskubidea errespetatzerakoan, eta horri erantzuteko modua da blokeoa. Batzuetan blokeoaz mintzo gara, baina ez da blokeo bat bere horretan, diputatu talde txiki bati buruz ari baikara. Kongresuan 350 diputatu daude, eta haien artean gobernatu dezakete.

Ezin da baztertu azkenean ez izendatzea ez Feijoo, ez Sanchez, eta Espainiako Gorteetarako hauteskundeak errepikatu ondoren Madrilen eskuineko eta eskuin muturreko gobernu bat osatzea. Horrek zer eragingo luke Katalunian?

Alderdi horiek oso oldarkorrak izan ohi dira Kataluniarekiko diskurtsoan. Baina, aldi berean, egia da beste batzuetan ez direla hain oldarkorrak izan, Kataluniako alderdi nazionalisten beharra eduki dutenean gehiengoetarako; esaterako, Aznarrek [Jose Maria, Espainiako presidentea 1996tik 2004ra] CiUren [Convergencia i Unio] babesarekin gobernatu behar izan zuenean; are, trafiko eskumenak aldatu zituzten. Beraz, ikusiko dugu. Gehiengoa lortzeko beharra duenean, badirudi PSOE gertukoagoa dela, baina gogora dezagun 155. artikuluaren ezarpenari ekarpena egin zion alderdietako bat izan zela.

Ez dirudi, dena den, PPren eta Voxen arteko gobernu bat irtenbide egokiegia izan daitekeenik Kataluniako auzia konponbidean jartzeko...

Hemen gertatzen zaigu beldurra diogula oso gaiztoek gobernatuak izateari, eta horrek garamatzala hain gaiztoak ez direnak onartzera. Kontua da ematen duela Espainia jakin bat salbatu behar dugula, baina, egiazki, handik alde egin nahi dugu. Orduan, Espainian PPk eta Voxek gobernatzea nahi badute, bada egin dezatela nahi dutena, baina guk irten egin nahi dugu, eta, neurri batean, pixka bat bezala asko, gure esku dago. Guk alde egingo dugu, eta haiek nahi bezala goberna dezatela beren burua. Hori da, neurri batean, ideia.

2017ko urriaren 1eko erreferendumak ekarri zuena aintzat hartuta, nola alde egin daiteke?

Sezesiorako eskubidea gauzatuz.

Herritarrei eskatzen diezue egoeraren ardura hartzeko eta konfrontaziora itzultzeko. Baina 2017az geroztik gero eta jende gutxiago joaten da, esaterako, Diadara, nahiz eta masiboa den oraindik ere...

Iaz jende askok parte hartu zuen; asko handitu zen parte hartzea.

Bartzelonako Udaltzaingoaren arabera, 150.000 pertsonak parte hartu zuten. 2019an, iturri beraren arabera, 600.000k.

Nolanahi ere, Europan ez da manifestazio handiagorik egiten. Jende askok nahi du independentzia; kopurua oso handia da, eta, orduan, mobilizazioetan ez dutenean milioi bat pertsonak parte hartzen, jendeak esaten du: « Ez dira milioi bat pertsona bildu!». Nik erantzungo nieke: «Esango zenidakete, mesedez, Europan non egiten diren manifestazio hain masiboak?». Egia da, dena den, abagunearen arabera, herritarrak animatuago daudela, aldarrikatzaileago, edo, kontrara, ez hainbesteko adorearekin, pertsonak baikara. Baina independentzia lortzeko borondatea badago; oso handia da, oso sendoa, oso konstantea.

CEO Centre d'Estudis d' Opinio Generalitatearen organoak lau hilabetean behin kaleratzen duen barometroak erakusten du independentziak babesa galdu duela azken lau urteotan. Azken barometroa uztailekoa da, eta, horren arabera, %42 zeuden Katalunia estatu independente bat bihurtzearen alde, eta %52 kontra.

Eta portzentajea hori da, ia %50ekoa, ematen duenean inork ez duela independentzia mahai gainean ikusten. Jendeak batzuetan, inkesta hauek erantzuteko orduan, erantzuten du kontuan hartuta ea gertu ikusten ote duen. «Oso gertu ikusten duzu independentzia?».

Barometroko galdera ez da hori izaten, hau baizik: «Katalunia estatu independente bat izatea nahi duzu?».

Baina jendeak erantzuten du parametro hori kontuan hartuta. Nik uste dut guk uste baino askoz ere gertuago dagoela [independentzia]. Baina alderdi hauekin... Desmobilizatzera jokatzen dute, ez dute proiekturik gauzatzeko... Jendearen borondatea %47koa da [CEOren azken barometroaren arabera, %42koa da; 2018an %47koa izan zen, eta 2019an %48koa]. Uste dut inon ez dagoela—eta are gutxiago Espainian— alderdirik, mugimendurik, horrenbesteko bulkada duenik.

Horrez gain, aintzat hartu behar da Espainiako Gorteetarako azken hauteskundeetan Katalunian abstentzioa lau puntu handiagoa izan zela Espainiako Estatukoaren batezbestekoarekin alderatuta. Analisiak modu askotara egin daitezke, baina gure aktibistek eta ekintzetara etortzen direnek adierazten dute, askotan, ez dakitela botoa nori eman ortzi mugan ez dagoelako proiektu independentista argirik.

Horren harira: JxCk eta ERCk Sanchezen inbestidura ahalbidetzen badute, orduan izango zen unea, beste noizbait iradoki izan duzun bezala, ANC Kataluniako Parlamentuko hurrengo bozetara aurkezteko?

Baliteke, bai. Zeren ez badago itxaropenik, eta Espainiako gobernabideari lagundu besterik ez badute egiten, bada izan liteke, bai.

Eta zein izango litzateke proiektua?

Proiektua zera litzateke, herritarren zerrenda gisa osatuko zen hautesle elkarte bat hauspotzea, eta hori Kataluniako Parlamenturako hurrengo bozetara aurkeztea, independentzia aldarrikatzeko eta gauzatzeko. Finean esaten dugu kontua dela urriaren 1eko independentzia aldarrikapena berreskuratzea eta hori gauzatzea.

U-1ak eta haren ondorioek zer irakatsi dizute?

U-1ean egin genuen guztia ondo egin genuen; beraz, asko ikasi genuen. Hori gauza handia da. Eta zer atera zen gaizki? Gaizki atera zen egin ez zen guztia.

Nola gauzatu daiteke independentzia?

Independentzia gauzatu daiteke, gauzatu duten estatu guztiek egin duten moduan; horiek direla, hain zuzen, gaur egun estatu direnak.

Espainiak ez du uzten gauzatzen.

Tira, gauzatzen utzi izan die Portugali, Herbehereei...

2023an gaude.

Baltikoko estatu guztiek aurreko mendearen amaieran gauzatu zuten. Beraz, duela ez asko ere sortu dira estatu berriak.

Baina Espainiak ez du nahi hori gertatzea.

Espainiak ez du inoiz nahi! Ez dakit gakoa den Espainiak ez duela nahi edo guk ez dugula azken pausoa ematen.

Zein prezio ordaindu beharko litzateke pauso hori emanez gero?

Ez dakigu, zeren ez genuen egin; beraz, ez dakigu. Agian, prezio hark beldurra eragin zuen; gerta zitekeen Espainiako Estatuaren indarkeria oso handia izatea, hildakoak egotea... Horrelako zerbait gerta daiteke borondate demokratiko argi bat badago? Bere burua demokratikotzat duen Europa batean? Egon daiteke inbasio bat gure herrian? Gu etxean gaude, ez gara inor inbaditzen ari. Baina, egia esan, ez dakigu: beldurtu egin ginen, eta ez genuen egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.