Madrilera eraman nahi dute ehungintzako ituna

Arropa kate handienek patronal propioa sortu zuten Espainian 2022 amaieran, eta sektoreko ituna zentralizatzeko asmoa dute. ELA eta CIG Galiziako sindikatua aurka azaldu dira, bertako lurraldeetan azken urteetan greben bidez lortu diren hitzarmenak indargabetuko lituzkeelako Espainiako itun batek.

Gipuzkoako ehungintzako langileak protestan urte hasieran, hitzarmen berria eskatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU.
inaut matauko rada
2023ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Arropa-denda multinazional handi gehienak batu egin dira Madrilen, eta bertan zentralizatuta egongo den ehungintzaren sektoreko lan hitzarmen bat aurrera ateratzeko asmoa dute. Bide hori, baina, ez dute bakarrik egingo, CCOO eta UGT sindikatuak ados baitaude halako itun batekin.

Hego Euskal Herrian eta Galizian, baina, ELA eta CIG sindikatuak ez daude horrekin konforme. Uste dute ehungintzako ituna Madrilen erabakitzeak lurraldeetako hitzarmenak amaitzea ekarriko duela, eta, beraz, jakinarazi dute horren aurka egingo dutela. 2022. urtearen amaieran sortu zen ARTE arropa-denda multinazionalen patronala, eta uztailaren 17rako sindikatuak eta enpresak deitu dituzte negoziazio mahai bat sortzera, hitzarmen zentralizatu bat adosteko.

ELAk eta CIGek, baina, negoziazio mahaiaren bilera horren aurretik beste batzar bat egitea eskatu diote patronal berriari, lurraldeetako hitzarmenei buruz hitz egiteko. Izan ere, Mari Cruz Elkoro ELA sindikatuko Zerbitzuetako idazkari nagusiak adierazi du soldatak eta lan baldintzak hobeak direla Hego Euskal Herriko lurraldeetan, eta uste du Madrilen zentratutako itun batek bertako langileen erosteko ahalmena gutxitzea ekarriko lukeela. Hori da, beraz, ELAren helburu nagusia: Madrilen adostutako itun berriak ez indargabetzea Hego Euskal Herriko lurraldeetako hitzarmenak. «Espainiako itun horretan finkatuko duten eremutik gure lurraldeak ateratzeko eskatzen dugu. Ziurrenik, gai horretan talka izango dugu», dio Elkorok.

Izatez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hitzarmen sektorialak ziurtatuta daude. 2017an, lanbide arteko akordio bat egin zuten Confebaskek eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Bertan, alde biek lurraldeetako itunak lehenesten direla adostu zuten. Horren aurretik, sektoreko akordio bat ere egin zuten ehungintzan, itun horiek ziurtatuz. Hala ere, Elkororen ustez, patronal horrek Espainiako itun bat sinatzen badu, «eztabaida juridiko» bat piztuko da; ELAk iragarri du ekintza sindikala aktibatuko duela.

ARTE patronala

2022aren amaieran sortu zen ARTE patronala —Asociacion Retail Textil España—, arropa denda kate handienek bultzatua. Inditex da patronal berriko talde nagusia, baina H&M, Primark eta Uniqlo ere bertan daude. Elkororen ustez, bereziki Inditexek bultzatu zuen patronal horren sorrera, Espainiako hainbat lekutan arazoak izan dituztelako azkenaldian: «Galizian greba egin zuten Inditexeko langileek, eta akordio bat lortu zuten. Madrilen ere arazoak izan dituzte. Hori dela eta, enpresako akordio bat sinatu zuen Inditexek, gutxieneko soldata batzuk ezarriz».

Arazoa da Espainiako lurralde gehienetan ez dutela sektoreko hitzarmenik, eta leku horietan lanbide arteko gutxieneko soldata jasotzen dute arropa dendetan. Inditexek enpresako hitzarmena sinatu zuen, eta Elkorok uste du lehiakortasun kontuak daudela sektoreko itun zentralizatu baten atzean: «Pentsatzen dut Inditexen helburua dela konpetentziak ere ordaintzea hark langileei ordaintzen diena».

Gipuzkoan urte hasieran berritu zuten hitzarmena, eta 2010eko soldata taulekin alderatuta, 2023 hasierarako %23,6 igo dituzte soldatak. Hala, saltzaile batek urtean 24.376 euro eta bigarren mailako dendari batek 19.228 euro irabazten ditu. Araban urtarrilaren 1ean iraungi zen 2021-2022 iraupena zuen ituna, baina berritzeko prozesuarekin hasi dira aurten; 2022an saltzaile batek 18.093 euro irabazten zituen urtean, eta saltzaileen laguntzaile batek, berriz, 16.625.

Bizkaiko ituna da guztietatik berriena, herenegun sinatu baitzuten akordioa, eta nahiz eta oraindik ez den Bizkaiko Aldizkari Ofizialean publikatu, %12ko soldata igoera lortu dute 2015etik hona. Hala, saltzaile batek 20.198 euro irabazten ditu urtean, eta laguntzaile batek, berriz, 15.624 euro.

Nafarroan, egoera ezberdina da. 2008an galdu zuen indarraldia itunak, eta patronala «ez da existitzen»: «Gure asmoa da negoziazioa berraktibatzea, eta enpresak bultzatzen ari gara, baina oraindik ez dugu lortu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.