Bigarren Mundu Gerratik ezkutuan egon den politika protekzionista itzularazten ari dira Ameriketako Estatu Batuetako azken agintariak. Donald Trump presidente ohia hasi zen 2018an inportazio batzuei muga zergak ezartzen, Txinatik zetozen produktuei batez ere, barne industria eta meatzaritza bultzatzeko eta aurkari nagusiari kalte egiteko. Joe Biden antzeko bidetik dabil IRA Inflazioa Gutxitzeko Legearekin eta Txipen eta Zientziaren Legearekin.
Azken horrekin, jokoz kanpo utzi nahi du munduko industria garrantzitsuenetako bat: Txina. Europa eta AEB aliatu hertsiak dira, eta txipen barne produkzioa bultzatzen ari dira Europako Batasuneko hainbat herrialde ere.
Ingurumari horretan, Bloomberg hedabidearen ikerketa batek harrabotsa sortu du. Izan ere, agerkariak joan den astean argitaratu zuen Alemania lanean ari dela mugak jartzeko mikrotxipak fabrikatzeko erabiltzen diren produktu kimikoen Txinarako esportazioei. Izena eta aurpegia eman nahi izan ez duten Alemaniako goi kargudunekin hitz egin du Bloomberg-ek, baina Olaf Scholzen gobernuko bozeramaileek berehala gezurtatu zuten informazio hori: «Ez gara inongo planik egiten ari mikrotxipak egiteko produktu kimikoen Txinarako esportazioa debekatzeko».
Arrisku horren aurrean, Mao Ning Txinako Atzerri Ministerioaren bozeramaileak erantzun zuen herrialde horientzat ez dela «eraikitzailea» Txinarako esportazioak kontrolatzea «menpekotasuna arintzearen izenean». Alemaniak ustez hartu nahi dituen tankerako erabakiek beste herrialdeei «kalte egingo» dietela dio Txinak, baita munduko hornidura katea desegonkortuko duela ere.
Mikrotxipen industrian, Herbehereak dira Europako herrialde garrantzitsuena, alde handiz. Izan ere, mikrotxip aurreratuenak fabrikatzeko behar diren litografia makinak Veldhoveneko ASML enpresak bakarrik egin ditzake mundu osoan.
Bada, iaz Bidenen administrazioak txipen inguruan egin zuen legeak ez die soilik eragiten AEBetako enpresei: AEBetako teknologia erabiltzen duten beste herrialdeei ere eragiten die. Hori dela eta, ASML eta antzeko enpresek ezingo dizkiote Txinari saldu ez mikrotxipik aurreratuenak, ezta horiek garatzeko tresnak ere.
Horrek eragin handia izango du ASMLn, salmenten %15 Txinan egiten baitituzte. Peter Wennink ASMLko zuzendari exekutiboak 2022 amaieran esan zuen enpresak AEBei «amore eman» ziela 2019an, litografia makina aurreratuenak Txinara esportatzeari utzi ziotenean.
AEBekin eta Japoniarekin batera egindako negoziazio batzuen ostean, Herbehereek martxoan iragarri zuten txipak egiteko tresnen esportazioak kontrolatzen hasiko zirela. Hala ere, Mark Rutte lehen ministroak adierazi zuen Washingtonekin «subiranotasun posizio» batetik ari zirela negoziatzen, eta ez zuela presiorik jasan.
Europa, zatituta
Pekinen eta Bruselaren arteko harremanak hotz daude gaur egun, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko eta Xi Jinping Txinako presidenteen arteko apirileko goi bileraren ostean. 2020aren amaieran adostutako Inbertsiorako Akordio Integrala hozkailuan dago, eta Von der Leyenek adierazi zuen ez zuela gaiari buruz hitz egin Xirekin. Kevin Klyman Harvard Unibertsitatearen Belfer zentroko ikertzailearen arabera, Brusela mikrotxipen industrian esportazioak kontrolatzeko prestatzen ari da, eta uste du Txinako teknologia sektorea «asko» oztopatu dezakeela.
Europak Txinarekiko izan beharreko jarrerari buruz, bi alde nagusi daude Batasunean. Herrialde askok diote Europak AEBekin guztiz lerrokatuta egon behar dutela, XX. mendean bloke komunistan zeudenek gehienbat; izan ere, Ukrainako inbasioaren ostean, Txinak Errusiarekin duen harremanak are gehiago okertu du herrialde horien Pekinekiko jarrera.
Europak bloke geopolitiko autonomo gisa jokatu behar duela uste dutenak ere badaude, Emmanuel Macron Frantziako presidentea buru. Txinako goi bileran adierazi zuen Europak independente izan behar duela AEBek dituzten gatazketatik, eta munduan hirugarren polo bat osatu behar duela, Pekinekin eta Washingtonekin batera.
Europa, AEBen eta Txinaren txipen gudan non kokatuko
Pekinen eta Bruselaren arteko harremana ez dago bere onenean, eta Alemaniak material kimikoen Txinarako esportazioak mugatzeko ustez dituen asmoek are gehiago nahastu dituzte bazterrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu