Ahoz aho zebilen zurrumurruari izen-abizenak jarri zizkion Luis Navajas Donostiako Auzitegiko fiskalak, 1989an; GALen, Guardia Zibilaren eta droga trafikoaren arteko lotura ia frogatutzat emateraino. Hala ere, Navajas txostenean azaltzen ziren pertsona gutxi batzuek baino ez zuten deklaratu GALekin loturik. Justiziaren atzaparretatik ihes egin zutenetako bat izan zen Luis Astiazaran Iraola, Gipuzkoan eta Nafarroan prostituzioarekin loturiko hainbat negozio zituen enpresaria, eta, fiskalaren arabera, ohiko kokaina banatzailea. Duela 74 urte Hernialdeko Muño-Andieta baserrian (Gipuzkoa) jaiotako semea aurreko ostiralean hil zen, Oionen (Araba).
1980ko hamarkadan oso ezagunak egin ziren Astiazaranen negozioak eta poliziekin zituen harremanak. 1982an, ETA politiko militarra hura atxikitzen saiatu zen, baina gainean zeraman pistolaz tiro eginez uxatu zituen bahitzaileak. Gero, Maximo Blanco Lopez guardia zibilak eginiko barne salaketa batek jarri zuen justiziaren jo puntuan. Polizia horren arabera, Astiazaranek harreman zuzena zuen Intxaurrondoko kuarteleko Enrique Rodriguez Galindo koronelarekin, eta enpresariak droga trafikoaren bidez lortutako diruaren zati batekin finantzatu omen ziren Guardia Zibilak gerra zikinarekin loturiko hainbat ekintza. Navajasen txostenak, baina, ibilbide laburra egin zuen; Auzitegi Nazionaleko Jesus Cardenal fiskalburuari eman ondoren, «galdu» egin zen.
HILBERRIA. Luis Astiazaran
GAL, droga eta prostituzioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu