Abortatzeko eskubidearen aurkako protestak, gutxienez ehun metrora

Askabide klinikara doazenei jazartzen dietenen aurka kautelazko neurriak hartu ditu epaileak

Gasteizko mugimendu feministak aurre egin zien atzo abortatzeko eskubidearen aurka ari zirenei. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
edurne begiristain
2022ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Gutxienez, ehun metrora. Abortatzera doazen emakumeei jazartzen dietenek aurrerantzean ezin izango dute osasun zentroa dagoen lekutik ehun metro baino gutxiagora egon. Donostiako epaile batek arrazoia eman dio Askabide klinikari, eta aintzat hartu du abortatzeko eskubidearen aurkako protesten harira jarritako salaketa. Izan ere, Askabidek Donostian duen klinikaren aurrean protestan ari ziren hiru andre identifikatu zituen Ertzaintzak aste hasieran —40 dias por la vida (Berrogei egun bizitzaren alde) talde ultrakatolikoko kideak dira—, eta haien aurkako kautelazko neurriak hartu ditu epaileak. Askabideren Gasteizko klinikaren aurrean ere antzeko protestak izan dira asteon, eta horien aurka bilkura bat egin zuten atzo feministek; Ertzaintzak lau lagun identifikatu zituen.

Askabide klinikako zuzendariak aurkeztu zuen salaketa Donostiako hiru emakume horien kontra aste hasieran; besteak beste, abortatzera doazen andreei eta klinikako langileei jazartzea eta abortatzeko eskubidea urratzea egotzita. Arrazoia eman dio epaileak. Autoa eskuratu du BERRIAk: epaileak adierazi duenez, haurdunaldia etetera doazen emakumeen intimitatea eta abortatzeko duten eskubidea urratzen dituzte protesta egiten dutenek; klinikako langileen eskubideak ere urratzen direla ondorioztatu du.

Hilabeteak dira Askabidek Donostian eta Gasteizen dituen kliniketara doazen emakumeei jazartzen hasi zirenetik. Gasteizko klinikaren kasuan, protestak areagotu egin dira azken egunotan: abortatzeko eskubidearen aurkako hainbat pertsona osasun zentroaren atarian elkartzen dira ia egunero arrosarioa errezatzera, «Ez zaude bakarrik, zu laguntzeko gaude» dioten afixak eskuetan dituztela. Askabideko arduradunek asteon erabaki dute salaketa jartzea haien aurka. Urteak dira jazarpena pairatzen dutela, baina orain Hego Euskal Herrian indarrean den legediak berariaz debekatzen ditu halako protestak, eta Askabidekoek helduleku hori baliatu nahi izan dute horiek eteteko. Izan ere, abortu lege berrituaren ondorioz, hiru eta hamabi hilabete arteko kartzela zigorra ezar dakieke halakoetan.

Baina legea indarrean egonda ere, Ertzaintzak ez ditu eragotzi abortatzeko eskubidearen aurkako protestak. Azken egunotan Askabideko langileek askotan eskatu diete poliziei jazartzaileak identifikatzeko, baina entzungor egin diote eskaerari. Ertzainen jarrera deitoratu du Naroa Iturri Askabideko langileak: «Esan ziguten adierazpen askatasuna eta biltzeko askatasuna zituztela, eta modu baketsuan ari zirela protestan. Baina argi dugu guk: adierazpen askatasuna amaitzen da besteon askatasuna urratzen denean».

Protestek «zama emozional handia» eragiten die haurdunaldia etetera doazen emakumeei, Iturrik ohartarazi duenez: «Askok itzelezko karga dute haurdunaldia etetera doazelako, eta oso epaituak sentitzen dira kanpokoak ikustean». Klinikako langileei, berriz, «ezinegona» sorrarazten dietela azaldu du, eta eguneroko lana asko zamatzen diela.

Feministen erantzuna

Gure gorputza, gure erabakia. Kanpora arrosarioak gure obarioetatik lelopean, elkarretaratzea egin zuen atzo arratsaldean Gasteizko mugimendu feministak abortatzeko eskubidearen aurka ari zirenen aurrean. Salatu zuten «nazioartean antolatutako erakundeak» daudela halako «beldurtzeko ekintzen» atzean: «Emakumeon eta sexu-genero disidenteon gorputzen gaineko kontrol heteropatriarkalaren adierazleak dira».

Erakunde publikoen jarrera ere kritikatu zuten, «oinarrizko eskubide izan beharko lukeena ez kudeatzeagatik», eta propio gaitzetsi zuten Poliziaren jarduna: «Egoeraren arabera jokatzen du: antolakuntza feminista kriminalizatzen du, eta emakumeon menderatzea babesten». Izatez, atzoko elkarretaratzean lau feminista identifikatu zituen Ertzaintzak: «Abortuaren aurkakoak, aldiz,ez dituzte identifikatu, eta hor daude oraindik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.