Usansolok udalerri izatea erabaki du

Segregazioaren inguruko herri galdeketan baiezkoa gailendu da alde handiz: botoen %81,54 izan dira. Parte hartzea %63,12koa izan da. Orain, Bizkaiko Batzar Nagusiei dagokie gaia bideratzea eta erabaki bat hartzea

Herritarren ilarak botoa emateko, igandean, Usansolon. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Herenegun Usansoloko herritarrek (Bizkaia) baiezkoa eman zioten udalerri izateari, hirugarren aldiz segregazio prozesuaren aldeko mugimendua abian jarri zenetik. Oraingoan ere emaitzak argiak izan dira: herritarren %63,12k eman dute botoa, eta horietatik %81,54 Usansolo Galdakaotik bereizi eta udalerri bilakatzearen alde agertu dira.

Ikusi gehiago: «Espero dugu Monika Mena, Usansolo Herria plataformako bozeramailea: Batzar Nagusiek herritarren erabakia errespetatzea»

Egun berezia izan zen igandekoa. 3.771 herritarrek zuten botoa emateko eskubidea Unkina herri ikastetxean jarritako hautetsontzietan, eta galdera bati erantzun behar zioten: «Nahi al duzu Usansolo udalerri independente gisa eratzea?». Festa eta ospakizun giroan igaro zen eguna, musikak alaiturik eta aparteko arazorik gabe.

Benetako ospakizunak hauteslekua itxi eta ordubetera izan ziren, Galdakaoko Udalak emaitza ofizialak jakinarazi zituenean. Herritarrek suziriekin ospatu zuten baiezkoaren garaipena.

Beste bi galdeketa

Herenegungoa ez da izan Usansolon egindako galdeketa bakarra. Auzia aspaldikoa da, duela berrogei urte inguru hasi baitziren Usansolo udalerri bilakatzeko lehenengo mugimenduak, eta 1987an eta 2014an herri galdeketak egin zituzten. Haietan ere baiezkoa gailendu zen, baina horrek ez zuen ondoriorik izan, erakundeek ez zietelako zilegitasunik aitortu emaitza haiei.

Joan den igandean egindako galdeketa ere ez zen loteslea, baina bazuen desberdintasun garrantzitsu bat aurrekoekin alderatuta: oraingoan Galdakaoko Udalak antolatu du, Bizkaiko Foru Aldundiak horretarako baimena emanda. Horrek erakusten du giroak hobera egin duela, eta litekeena dela auziari irtenbide bat emateko aukerak egotea.

Hori, baina, ikusiko da auzia Bizkaiko Batzar Nagusietara iristen denean, haiek izango baitute azken hitza. Orain, Galdakaoko Udalak Aldundiari igorriko dio galdeketaren emaitza eta auziari buruzko memoria, eta hark Batzar Nagusien esku utziko du erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.