Tsunamiaren tantak goizean goizetik hasi dira nabaritzen, epaia irten aurretik jada jendea joana zegoelako Lledonersko espetxera, bertan preso dauden buruzagi independentistei elkartasuna adieraztera. Goiz kaleratu dute epaia: 09:20an. Berehala hasi dira errepide mozketak, eta alderdi eta eragile politiko subiranisten zuzendaritzek premiazko bilerak egin dituzte. Filtrazioek zalantzarako tarte gutxi uzten bazuten ere, epaiaren baieztapenak sumina eta samina eragin ditu.
Deialdietako bat izan da Omnium Culturalena. Jordi Cuixarten figura oso presente egon da Omniumen egoitzan; bai atarian eginiko elkarretaratze inprobisatuan, bai zuzendaritzaren batzarrean. Gogoan izan dute Cuixart, eta bertan izan da haren bikotekide Txell Bonet, haur jaio berria besoetan zuela. Bilera amaituta, kalerako bidea hartu dute, eta oharra egin du Marcel Mauri Omniumen egungo buruzagiak: «Berriro egingo dugu». Hortik, manifestazioan abiatu dira Omniumen egoitzatik Kataluniako Auzitegi Nagusira, presoen askatasunaren eta autodeterminazioaren alde oihukatuz. Hain justu, hori izango da atzo zabaldutako fase berriaren ezaugarrietako bat, Maurik auzitegiaren aurrean esan duenez: «Amnistia eta autoderminazioa izango dira mobilizaziorako gakoak». Maurik jakinarazi du Omniumek autoinkulpazio kanpaina bat abiatuko duela datozen egunetan.
Milaka pertsona aireporturako errepideetan oinez. JON O. URIAN
Inprobisazio antolatua
Mobilizazio inprobisatuak izan dira lehen orduan han hemenka, Tsunami Demokratikoak egin asmo zituen dei ofizialen zain. Besteak beste, Sant Jaume plazan, Generalitatearen aurrean elkartu dira goizean dozenaka lagun, kontzentrazioan. Han zeuden Rosa Martinez (57 urte), Dolors Rosell (58) eta Contxita Morales (60). «Suminduta gaude, bai, hau Espainiako Estatuaren mendeku bat delako. Bozkatzeko aukera emateagatik kartzelatzea ez da posible. Eta Jordiena bere burua demokratatzat jotzen duen estatu batentzat lotsagarria da. Demokrazia deitzen diote liderrak kartzelatzeari? Zer egin dute, bada? Etortzen ziren hona, Sant Jaume plazara mobilizazioetan jendea lasaitzera, eta bederatzi urteko kartzela zigorra? Ez gara demokrazia batean bizi. Altsasuko gazteentzat ere badiot hau. Hau ez doa jada independentziaz, ezin da manifestatu, ez dago adierazpen askatasunik... Badakigu badatozela egurra ematera, baina jendeak ia ez du beldurrik, ez gaituzte ezagutzen, ez gaituzte geratuko». Hunkituta hitz egiten dute hirurek, baina irmo. Pasatzen ari den jendeak ere bat egiten du inprobisatu berri den elkarretaratzearekin, eta txaloka eta oihuka laguntzen dute mobilizazioa, «kaleak beti gureak izango dira» eta «preso politikoak kalera» moduko leloak oihukatuz. Tartean da Eulalia Giralt 25 urteko gaztea ere, kartoizko xingola hori handi bat eskuan hartuta: «Suminduta gaude. Ez da posible hautetsontziak jartzeagatik jende hau kartzelatzea. Ez gaituzte isilduko. Erantzun ez bortitza eta herritarrek antolatua izango da, eta defendatuko ditugu gure oinarrizko eskubideak eta presoenak».
Manifestazio inprobisatuek eta unibertsitateetan deitutakoek bat egin zuten eguerdian Catalunya plazan.
Jende ugari zauritu zuen poliziak, borrakadekin batez ere. TONI ALBIR / EFE
Odisea bat aireportura
Tsunamiek, ordea, gogor jotzen dute, eta eskubide demokratikoen aldeko mugimenduak 13:00etatik aurrera eman du kolpea. Deia: Bartzelonako Prat aireportura joatea edozein garraiobidez. Ondo prestatua zegoen Polizia, hartuta baizeuzkan azpiegitura nagusiak: Santseko estazioa eta, batez ere, aireportua bera. Poliziak prest zeuden hegaldiren bat hartzeko txartelik ez zuen edonori aireporturako sarbidea galarazteko. Tsunami Demokratikoaren erantzuna: Telegram sare sozialaren bidez, txartelak zabaltzea. Ehunka lagunek lortu dute sartzea.
Azkarrenak izan dira horiek. Beste askok, ordea, lanak izan dituzte aireportura ailegatzeko. Deialdia egin eta gutxira, Renfek eta Adifek tren zerbitzuak eten dituzte, eta beste horrenbeste egin du metroak geroago.
Gauean ere 'tsunamiari' eutsi zioten herritarrek, hainbat hiritan egin zituzten protestekin. Bartzelonan, Sant Jaume plazan antolatu zuten elkarretaratze nagusia. ENRIC FONTCUBERTA / EFE
Diagonal etorbide zabalaren noranzkoetako bat erabat blokeatu dute gazteek, bero sapak apaldu beharrean, independentziaren eta presoen alde eztarria urratuz. Gerturatu ahala ikus zitekeen jendetzaren neurria: Bartzelonatik abiatutako zutabeetako bat besterik ez zen hura, ez handiena. Iritsi dira aireporturantz, atzean utziz errepidean ez atzera ez aurrera geratutako autoak eta gurutzatuz ernegatuta aireportutik irtendako turistak. Heltzerako, milaka lagun aireportuaren beheko solairuan, dozenaka polizia eta mosso aurrez aurre zituztela, baita goiko solairuan ere.
Elkarlanean aritu dira Espainiako Polizia eta mossoak herritarrei oldartzeko orduan. Borrakadak emanez, foam jaurtigailuak erabiliz eta gasa botaz jazarri zaizkie, baina apenas uxatu dituzten protestariak; are indartsuago deiadarkatu dute «bake jendea gara» edota «okupazio indarrak kanpora», eta edizio hau ixterako, milaka lagunek segitzen zuten mobilizatuta. Emaitza: 108 hegaldi, bertan behera —programatuta zeudenen %10 inguru—. Bitartean, fokua ustez Bartzelonan zegoenean, 1.200 auto inguruko zirkulazioa oztopatu dute Barajasko aireporturako bidea, Madrilen.
Mobilizazio nagusienak Bartzelonan izan baziren ere, Katalunia osoan izan ziren errepide mozketak, elkarretaratzeak eta manifestazioak. Irudian, Gironakoa. DAVID BORRAT / EFE
Bestetik, nazioarteari eman dizkio azalpenak Tsunami Demokratikoak: BBCri eta AFP Frantziako agentziari, TV3 telebista publiko katalanaz gain. Pep Guardiolak hartu du hitza, hau zabaltzeko: eseri eta hitz egin. Espainiako Gobernuari eskatu dio Generalitatearekin hitz egiteko, eta nazioarteari eskatu dio presio egiteko Madrilgo gobernuari.
20:00etan ere ANCk deituta bete dira Kataluniako herri gehienetako plazak, berresteko ez dutela atzera pausorik emango. Bartzelonako Sant Jaume plazan Elisenda Paluzie egon da pankartaren buruan, atzean Generalitateko eta Parlamentuko presidentea zeuzkan, eta plaza bete jendek batasunaren alde oihukatu dute. Gauean mobilizazioek segitu dute. Gutxienez 56 lagun artatu behar izan zituzten osasun zerbitzuek, poliziek zauritu zituztelako, eta horietako bi ospitalera eraman zituzten.
Tsunamia harrotu da Katalunian, eta gaur deialdi gehiagorekin jarraituko du.
[youtube]https://youtu.be/9UclAC9Omxc[[/youtube]
Auzitegi Gorenaren epaia. Mobilizazioak
Tsunami herritarra hasi da
Sententzia jakin orduko milaka lagun atera dira kalera, eta eten dituzte garraiobide nagusiak. Bartzelonako aireportua blokeatu dute. Atzera pausorik ez dutela egingo adierazi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu