Hezkuntza

Itsu, mutu, gor segitzen du Parisek

Frantziako Hezkuntza administrazioaren berririk ez du oraindik Seaskak, Baionako okupazioa hasi zuenetik astebetera. Vincent Bru diputatuak erran du uztailerako lortu nahi luketela bilkura Hezkuntza ministroarekin

Seaskako gurasoak, ikasleak eta irakasleak, larunbatean, okupazioari bukaera emateko agerraldian. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Lau eguneko okupazioak bazterrak astindu baditu ere, Paris, Bordele edo Paueko berririk ez du oraindik Seaskak. «Joan den astetik, ez dugu inoren deirik izan», adierazi dio BERRIAri Hur Gorostiaga Seaskako lehendakariak. Ez Frantziako Hezkuntza Ministeriotik, ez Bordeleko errektoretzatik, ezta Pirinio Atlantikoetako Akademia Ikuskaritzatik ere. Azken horrek Baionan duen egoitza okupatu zuten ikastolen elkarteko guraso, ikasle eta irakasle batzuek joan den asteazkenean, azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko. Larunbatean iragarri zuten Euskal Hirigune Elkargoaren babesa jaso zutela, eta amaiera eman zioten ekintzari. Izan ere, Ipar Euskal Herriko erakunde horrek adierazi du euskaraz erantzundako brebetako zientzietako proben zuzenketa bermatuko duela.

Adostu dutenaren xehetasunak eman dizkio Gorostiagak BERRIAri. Seaskako kolegioetan pasatzen dituzte brebetako azterketak ikasleek, eta ikastetxeetako zuzendarien esku da ikasleen kopiak zuzenketa zentroetara eramatea. Ikasle bakoitzak egindako lanaren fotokopia atxikiko dute, euskarazko zuzentzaileek zuzendu dezaten. Uztailaren 5ean eginen dute, Baionako Arteen Hirian. Ikasgai bakoitzeko bizpahiru zuzentzaile izanen dira, eta Frantziako Hezkuntza ministerioaren baldintza eta irizpide berekin eginen dute. «Uztailaren 12an, ekitaldia eginen dute elkargoaren egoitza nagusian, eta ikasle bakoitzak dagokion nota ziurtatzen duen agiria eskuratuko du. Hori izanen da egiazko nota».

Hitzarmen berria

Ostiralean, agiria bidali zuten Ensemblen etiketapean Ipar Euskal Herrian aurkeztu diren hiru diputatugaiek, eta hautatuak izanez gero Pap Ndiaye Frantziako Hezkuntza ministroari berehalako bilkura bat eskatzera engaiatu ziren. Horietarik bik lortu zuten eserlekua joan den igandean: Vincent Bruk seigarren hautesbarrutian eta Florence Lasserrek bosgarrenean. Laugarren hautesbarrutian hautatua izan den Iñaki Etxaniz NUPESeko hautagaiak ere babesa erakutsi zion Seaskari.

Bru gaur joatekoa da Parisera, eta lehenbailehen bidali nahiko luke bilkura eskaera. «Parlamentari guzien artean egitea nahiko nuke, senatariak barne». Uztail hasierarako lortu nahi du bilkura, ministroarekin berarekin ez bada, kabinetearekin. «Posible da hemendik hara gobernu berria izendatzea; oraingoz, ez dakigu ezer».

Hala ere, Bruren iritziz, Seaskak, EEP Euskararen Erakunde Publikoak eta Frantziako Hezkuntza Ministerioak izenpetzen duten hitzarmenaren berritzea izanen da ondoko hilabeteetako erronka nagusia, aurten bukatuko baita. Aitzinekoa 2019ko uztailean izenpetu zuten, eta baxoko ahozko handia euskaraz pasatzeko aukera izanen zela zekarren. Errektoretzak ez du errespetatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.