Donostiako Udaleko Gizarteratze Zerbitzuen arduraduna da Iñigo Estonba (Irun, Gipuzkoa, 1966). Ia hogei urte daramatza karguan, eta etxegabeek pairatzen duten egoerari erreparatzeko «begirada sakonagoa» eskatu du, «ikusteko sistemak zer ematen duen eta nola egiten den». Iruditzen zaio«jende gehiegik» lo egiten duela kalean, eta, azaldu duenez, Donostian «ahulenak» babestea erabaki dute. «Helburu batzuk dauzkazu, baliabide batzuk, eta lehentasun batzuk markatu behar dira».
Donostiako Harrera Sareari iruditzen zaio Donostiako Udalak etxegabeak artatzeko dituen baliabideak ez direla nahikoa.
Sistema batean gaude, eta sistema horrek aukera edo irtenbide gutxiegi ematen ditu. Donostiako Udalak gutxiegi ematen ote dituen? Bada, ez dakit. Donostiako Udalak zerbait egiten, ematen du, Errenteriakoak eta Irungoak ere bai, Lasartekoak eta Hernanikoak oso-oso gutxi... Diputazioak, nire ustez, gauza gehiago eman beharko lituzke, Eusko Jaurlaritza ez da inon ageri... [Aterpetxeetan, etxegabeentzako] Plaza gutxiegi daudela orokorrean? Beti toki batean pentsatzen ari gara, eta ez, agian ez da hori egin behar duguna: dela laguntza ekonomikoren bat, edo dela beste gauzaren bat.
Esan nahi duzu arreta ez dela soilik aterpetxeetan jarri behar? Laguntza beste modu batean egituratu beharko litzatekeela, alegia?
Bai. Kale gorrian dagoen jendearentzako soluzio bat bilatu behar badugu, aterpeek aldi baterako izan beharko lukete. Baina aldi baterakoak ez direnez, bete egiten dira, eta kito: hor geratzen da jendea, eta sartzen ez direnak, kalean. Hitz egin beharko genuke etxebizitzaz, lanpostu aukerez, horretarako behar diren baimenez... Oso konplexua da auzia. Dakidana da Donostiako Udalak betetzen duela legeak auziaz esaten duena; askok eta askok, ordea, ez dute betetzen.
Hotzaldirako prestatutako aterpetxetik kanpo geratu da jendea Donostian. Udalak ezin du beste aterperik ireki?
Erraza ez da, garestia baita. Ea posible den? Seguru baietz. Herritar batek idatzi dit esanez ea Atano III.a pilotalekua ireki ahal den. Urte batean saiatu ginen hura irekitzen, eta ezinezkoa da. Haize beroa jarri arren, hotz handia egiten du, kalean baino handiagoa. Aurten hotzaldirako prestatu dugun aterpea pertsona jakin batzuentzat pentsatuta zegoen. Hori behar dugu, eta gure inpresioa da horri eutsi behar diogula; eta, seguru asko, aterpe horretara joan diren zenbait pertsonak ez lukete joan beharko, ahulenentzako zerbait berezia behar dugu eta.
Era askotako jendea dago kalean Donostian, eta denek gaizki pasatzen dute. Baina guk uste dugu batzuek beren burua babesteko aukera dutela.
Hotzaldi garaietan soilik ematen du zerbitzua aterpe horrek. Ezingo litzateke negu osoan irekita eduki?
Bai, egin dezakegu, eta gero beste bat ireki hotza egiten duenerako... Negu batean, aspaldi, ireki genuen pisu bat, kalkulatuz Donostian zortzi pertsona zirela kalean, eta hori handituz joan zen. Hotza egin behar zuen gauetan irekitzen genuen soilik. Gero, negu osoan irekitzen hasi ginen, eta hotza egiten zuen gauetarako beste gauza bat ireki genuen, jendea kalean zegoelako. Ondoren, urte osora luzatu zen neurria.
Osasun aldetik gehien kezkatzen gaituztenak ahulenak dira. Askok ezin dute egunero baliabide batean aguantatu; joaten dira, joaten baldin badira, hotz egiten duelako, gaizki pasatzen ari direlako, beldur direlako... Guk, dena den, beti eduki beharko dugu baliabide bat.
Hotzaldirako prestatutako aterpea itxita egoten da egunez. Ezin da irekita egon?
Zaila da. Ahulenen kolektiboko asko eta asko oso alkoholizatuta daude, badituzte beren lekuak, eta, tira, kudeatzeko zaila izango litzateke. Baina... Nik esango nizuke baietz, posible dela [egunez irekita edukitzea], jakingo bagenu, betiere, zenbat gau edukiko dugun irekita.
Harrera Sarea kexu da Donostian ez dagoelako etxegabeentzako jantoki sozialik.
Bai, egia da... Niri, pertsonalki, jantoki sozialak ez zaizkit gustatzen. Uste dut behar dugula baten bat Donostian, oso jende bereziarentzat, beste lekuetan jan ezin duenarentzat, baina oso txikia izan beharko luke. Zenbait aukera begiratzen ari gara, eta proiektu bat lantzen ari gara, kalean dagoen jendeak jateko aukera eduki dezan, jatetxeetan edo beste leku batzuetan. Esaten dudanean jantoki sozialak ez zaizkidala gustatzen... Bakarrik oso egoera larrian dagoen jendea joaten da jantoki sozialetara, eta dituzten harreman urriak haien artekoak dira. Uste dut hori ez dela integratzailea. Une honetan, jende askori ematen diogu jaten, batez ere laguntza ekonomikoen bitartez.
Proiektua zen datorren urterako bat [jantoki bat] irekita edukitzea, eta espero dezagun aurrekontuetan aurrera egitea. Baina zaila da; gero, non kokatzen duzu... Nahi baino mantsoago joango gara.
Informazio gehiago: 'Kalea hotzegi dagoenean'
Etxegabeak. Aterpeak. Iñigo Estonba. Donostiako Udaleko, Gizarteratze Zerbitzuen arduraduna
«Sistemak aukera edo irtenbide gutxiegi ematen ditu»
Aterpeek «aldi baterako» izan behar dutela uste du. «Baina ez dira». Aurten hotzaldirako prestatutako aterpea «pertsona jakin batzuentzat» pentsatua zegoen; alegia, «ahulenentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu