Oso mantso, eta muga administratiboek trabatuta. Nastat Nafarroako Estatistika Institutuak atzo argitaratu zuen Nafarroako euskararen ezagutzaren gaineko txostena, eta, haren arabera, herritarren %26,5 dira euskaldunak edo euskaldun hartzaileak: duela hamar urte baino 1,6 puntu gehiago, alegia. Horien artean, herritarren %14,9 euskaldunak dira, eta %11,6, berriz, euskaldun hartzaileak. Bi multzo horietan ere nabari da igoera, baina oso apala: %0,8koa hurrenez hurren. Herritarren ia hiru laurdenek (%73,5ek) ez dute inongo harremanik euskararekin.
1986. urtean hasi ziren gisa honetako ikerketak egiten, eta, ordutik, nabarmen handitu dira euskaldunen ehunekoak Nafarroan; batez ere, euskaldun hartzaileenak: urte horretan, herritarren %4,1ek zekiten zerbait euskaraz; 35 urte geroago, %11,6 dira. Euskaraz fitsik ere ez dakiten erdaldunen ehunekoak hamabi puntu egin du behera 1986az geroztik.
Bi puntu eskas gora
Hala ere, euskararen hazkundea oso mantsoa da herrialdean: azken hamar urteotan, euskaldunen ehunekoa bi puntu eskas handitu da Nafarroa osoko datuak aintzat hartuta, eta Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioak eragin handia du horretan. Txostenean irakur daitekeenez, «herritarren jaioterriak eragina du euskararen ezagutzan»: eremu euskaldunean jaiotakoen ia %74 euskaldunak dira; kontrara, eremu ez-euskaldunean jaiotakoen artean, euskaraz dakitenak ez dira %3ra iristen. Non jaio, halako hizkuntza gaitasuna eduki.
Euskararen Legea onartu zenetik 37 urtera, jakina zena zurian beltz jarri dute datu soziolinguistikoek, hau da, arau horrek balio izan duela euskararen ezagutza hesitzeko eta hazkundeari sabaia jartzeko. Hala, eremu euskalduneko udalerrietan, lau herritarretik hiru dira euskaldunak edo euskaldun hartzaileak. Ehunekoak, baina, apenas aldatu diren hamarkada hauetan: herritarren %59,2 euskaldunak ziren 1986an. Azken datuen arabera, berriz, %62,1 dira.
Eremu mistoan, euskaraz zerbait dakitenen kopurua nabarmen handitu zen lehen urteetan, baina hazkunde hori apaldu egin da azken hamarkadan: 1986 eta 2001 bitartean, euskaldunen eta euskaldun hartzaileen ehunekoa bikoiztu egin zen, %10 ingurutik %19,4raino. Azken hamar urteetan, berriz, hazkundea askoz txikiagoa izan da, %1,7koa.
Eremu ez-euskaldunean, azkenik, ezagutza datuak oso apalak dira. Hala ere, goranzko joera argiago nabari da euskaldun hartzaileen artean: %0,9 ziren 1986an, eta ia %8 dira gaur egun.
Igoera, gazteen artean
Bestalde, Nafarroako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Euskararen Erakunde Publikoak argitaratzen duten inkesta soziolinguistikoak ez bezala, Nastaten txostenak aintzat hartzen ditu 3 urtetik gorako herritar guztiak, euskaldunen ehunekoak kalkulatzeko tenorean.
Hain zuzen, gazteen artean nabari da ezagutza datuen igoera progresibo handiena. Hala, 1986an euskaldunak ziren 14 urtetik beherakoen %11,8, eta euskaldun hartzaileak, berriz, %3,7. Azken txostenean, berriz, euskaldunak dira %26,7 eta euskaldun hartzaileak, berriz, %21,4. Nafarroako haurren ia erdiek, beraz, badute euskarazko ezagutzaren bat.
Bilakaera antzekoa da 15 eta 24 urte bitarteko gazteen multzoan ere: lehen estatistika argitaratu zen urtean, Nafarroako gazte euskaldunak %8ren bueltan ziren; eta euskaldun hartzaileek, berriz, ez zuten %5eko langa gainditzen. 2021eko datuen arabera, ordea, adin tarte horren %46k badakite zerbait euskaraz: euskaldun alfabetatuak dira %26, eta euskaldun hartzaileak %20.
Datu horiek bat egiten dute iragan martxoaren 9an Nafarroako Gobernuak argitara emandako VII. Inkesta Soziolinguistikoak azaleratutakoekin. Izan ere, ikerketa horren egileek ere adierazi zutenez, zenbat eta gazteago, handiagoa da euskararen ezagutza maila. Adibidez, 16 eta 24 urte arteko herritarren multzoan, inkesta soziolinguistikoan parte hartutakoen %40,2 ziren euskaldunak edo euskaldun hartzaileak. Zehazki,%28 sailkatu zituzten euskaldun gisara, duela 30 urteko inkestan baino 18 puntu gehiago, eta 2016koan baino 2,2 gehiago. 25 eta 34 urte artean dituztenen multzoan ere gorakada nabarmena erregistratu zuten: 1991n, euskaldunak %7 ziren; egun, %20,2 dira.
Hala ere, haur eta gazteei lotutako datuok xeheki aztertuta badago kezkarako motiborik ere: adibidez, azken hamar urteotan apur bat apaldu da 14 urtetik beherako euskaldun osoen portzentajea: %29,1 ziren 2011n, eta %26,7 dira orain. Hau da, gehiago dira orain euskarazko ezagutzaren bat duten haurrak, baina apur bat gutxiago dira euskarazko maila ona dutenak.
Martxoko inkesta soziolinguistikoaren aurkezpenean ere kezka sortu zuen euskaraz hitz egiteko gaitasun erlatiboak. Izan ere, gazteen %68,3 «erdal elebidunak» direla ondorioztatu zuten inkestaren egileek; gaztelaniaz euskaraz baino hobeto moldatzen direnak, alegia.
Gaitasun maila zehazten
Baina, nola definitzen eta bereizten ditu Nastatek «euskaldunak» eta «euskaldun hartzaileak»? Euskalduntzat jo al daitezke biak? Ikerketaren metodologiari buruzko atalean irakur daitekeenez, ikerlariek euskalduntzat dituzte «euskaraz ondo ulertzen eta hitz egiten duten pertsonak»; eta euskaldun hartzailetzat, berriz, «euskaraz nekez ulertu eta hitz egiten» dutenak, edo, ondo ulertzeko gai izanda ere, «euskaraz nekez egiten dutenak».
Sailkapen hori osatzeko, ezagutza deklaratua, ziurtagiri ofizialak eta hezkuntzako erregistroak hartu dituzte kontuan. Hala, euskaldun gisa sailkatu dituzte, besteak beste, Hizkuntzen Europako erreferentzia esparruko B2, C1 edo C2 mailako titulua dutenak, D ereduko ikasleak eta galdetegietan euskaraz «ongi» egiten dutela deklaratu dutenak. Alta, euskaldun hartzailetzat hartu dituzte, adibidez, A1, A2 eta B1 mailako titulua dutenak, A ereduko ikasleak edo ezagutza maila txikia deklaratu dutenak.
Ofizialtasun eskea
Atzo, BERRIAk Nafarroako Estatistika Institutuaren ikerketaren berri eman eta ordu gutxira heldu ziren lehen erreakzioak eta gehienek azpimarra egin zuten zonifikazioak hizkuntzaren garapenean duen eragin negatiboan eta ofizialtasunaren aldeko aldarrikapenean.
Hala, Euskalgintzaren Kontseiluak sare sozialetan adierazi du Nastaten txostenak «ondorio argi bat» utzi duela agerian: «Jaioterriak baldintzatzen duela euskararen ezagutza». Zehazki, erakundeak gogorarazi du 1986ko Euskararen Legeak ezarritako banaketa administratiboak «eskubide eta aukera ezberdinak» aitortzen dizkiela herritarrei, jaio diren eremuaren arabera, eta aukera berdintasuna eskatu du Nafarroako herritar guztientzat, «Elizondon, Iruñean zein Tuteran». Hori bermatze aldera, euskararen ofizialtasuna galdegin du Kontseiluak.
Zonifikazioaren aurka egin du Gazte Euskaltzaleen Sareak ere. Talde horren arabera, hizkuntza eskubideak hiru eremutan banatzea neurri «diskriminatzailea eta segregatzailea» da: «Murru izugarria da euskarara hurbiltzeko».
Euskara Nafarroan. Ezagutzari buruzko ikerketa
Datuek frogatzen dute zonifikazioak galgatu duela euskararen garapena
Euskararen ezagutzari buruzko ikerketa argitaratu du Nafarroako Estatistika Institutuak. Euskaldunen kopurua gutxi hazi da 2011tik. Ondorioztatu dute jaioterriak baldintzatzen duela errealitate linguistikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu