Hezkuntza legea. Euskara

Legeak euskarazko «eredu orokor eta inklusiboa» jasotzea galdegin dute

EAEko Hezkuntza Legeak euskararen inguruan jaso beharreko proposamen «integrala» ondu dute hezkuntzako eragile nagusiek. «Kezka» agertu dute lege zirriborroak ez duelako «argi» zehazten hizkuntza eredua zein izango den

edurne begiristain
Gasteiz
2022ko urriaren 11
00:00
Entzun
Hezkuntza komunitateko eragile gehienek «kezkaz» ikusten dute Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren zirriborroak hizkuntza ereduaren gainean duen «zehaztasun falta», eta hori osatzeko dokumentu bat ondu dute: proposatu dute euskara «hizkuntza eredu orokor eta inklusiboa» izatea, eta «berdintasunaren eta kohesioaren» bidean ikasle guztiei euskalduntzeko eskubidea bermatzea. Euskalgintzaren Kontseiluak, Ikastolen Elkarteak, EHIGEk, Hik Hasik, LABek, ELAk, Steilasek eta Heizek osatu dute proposamena, eta atzo aurkeztu zuten, Gasteizko Europa jauregian egindako agerraldi bateratu batean. Joan den urteko abenduan Euskaraz hezi, berdintasunean hazi adierazpena aurkeztu zuten toki berean eman zuten proposamenaren berri, eta orduko agerraldian izan ziren eragile ia denek, Kristau Eskolak izan ezik, landu dute oraingo testua.

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak hitz egin zuen guztien izenean, eta hark nabarmendu zuen ondutako proposamena «orri zuri» baten gainean egin dutela —ez dute lege proposamena oinarri gisa hartu—, testu «integrala» dela eta hezkuntza sistemak euskarari dagokionez jaso beharko lituzkeen puntuak «euskararen betaurrekoetatik» landu dituztela.

29 artikulutan ardaztu dute proposamena, eta aste honetan bertan helaraziko diote Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, kontuan har dezan lege egitasmoa lantzen duenean. Alderdi politikoen esku ere utziko dute testu artikulatua, bere egin dezaten. Abenduan, Jaurlaritzak aurkeztuko duen aurreproiektuaren arabera definituko dute ondoren zer estrategiari jarraituko dioten.

Hezkuntza eragileek aurkeztutako proposamenak modu zehatzean jasotzen du etorkizuneko hezkuntza sistemaren hizkuntza ereduak nolakoa behar duen: «Euskara, berezko hizkuntza, hezkuntza sisteman irakasteko hizkuntza izango da, normalizatua, eta jardueretan erabilera normal eta orokorreko hizkuntza izango da». Testuan «hizkuntza eredu orokor eta inklusibo» baten alde egin dute, eta baztertu egin dute ikasleak «hizkuntza ofizialen arteko aukeraketaren arabera» banatzea.

Euskarazko hizkuntza eredu «orokortua» behar dela nabarmendu zuen Bilbaok: «Ikasle guztiek euskaraz jakiteko eskubidea dute, eta lege honek eskubide hori bermatu behar du». Bilbaoren esanetan, orain arte datu guztiek erakutsi dute euskarazko eredua izan dela helburu hori lortzeko modurik «arrakastatsuena», eta, beraz, belaunaldi berriak euskaldunak eta eleaniztunak izatea nahi bada, ezinbestekoa da legeak euskarazko eredu «orokortu eta inklusibo berri bat» jasotzea.

Proposamenean zehaztu dute hizkuntza proiektuek garrantzi handia izan behar dutela. Batetik, uste dute proiektu horiek ezinbestean jarraitu beharko diotela hizkuntza ereduari. Bestetik, adierazi dute euskararen ikaskuntza prozesuan ikastetxearen errealitateari egokitzeko irizpideak finkatu beharko direla, betiere oinarri bati jarraituta: «Euskara gutxiago duenari euskara gehiago ematea».

Izan ere, Kontseiluko idazkari nagusiaren arabera, ezin da onartu euskara gutxiago duena euskara gutxiagorekin konformatu behar izatea:«Errealitate soziolinguistikoa ez da berbera Lekeition edo Bastidan, Irunen edo Barakaldon... Beraz, gutxiago duen horretan baliabide gehiago jarri beharko dira». Eta eragileak bat datoz ideia batean: derrigorrezko hezkuntza amaitzean, ikasle guztiek, euren jatorria edo ingurune sozioekonomikoa edozein dela ere, euskarazko B2 maila izan behar dute. Horretarako, beharrezkotzat jo dute euskarazko eredu bakarra ezartzea, hizkuntza proiektu bakoitza ebaluatzea eta, beharrezkoa izanez gero, horiek «egokitzea». Are gehiago, azpimarratu dute programa kontraturik ez dela sinatu behar hizkuntza proiektua egokitu ezean.

Euskal curriculuma

Hizkuntza ereduez eta hizkuntza proiektuez gainera, beste hainbat elementu ere jaso ditu hezkuntza komunitateak ondutako ekinbideak. Besteak beste, euskal curriculumari erreferentzia egin diote testuan, eta zehaztu dute «euskal dimentsioa eta dimentsio unibertsala biltzen dituen ikuspegia» jaso beharko duela, helburu hauek betetzeko, besteak beste: euskal kulturaren transmisioa «belaunaldiz belaunaldi» bideratuko dela ziurtatzeko, eta «ikuspegi kritiko batetik» euskal kulturaren ezagutza bultzatzeko. Halaber, ikastetxeetako hizkuntza jarduna ere arautu dute proposamenean, ikastetxeak euskararen «arnasgune funtzional» bilaka daitezen, eta ikasleak euskaraz normal bizi daitezen.

Horiek ez ezik, bestelako atal batzuk ere jaso dituzte proposamenean: irakaskuntzarako sarrera eta horniketa, ikastetxeetatik kanpoko eskaintza, ebaluazioa, euskararen beste lurraldeekiko lankidetza, lanbide heziketa, kirol eta arte ikuskizunak, hezkuntza sistemaren helburuak, eta ikasleen hizkuntza eskubideak. Finean, «euskararen betaurrekoetatik, ekarpen integrala» egin dute, Bilbaok nabarmendu zuenez. Haren esanetan, garrantzitsua da euskararen gaia «egoki» jartzea lege berrian: «Hezkuntza sistema da egoera gutxituan dagoen hizkuntza baten berreskurapenerako zutabea».

Izan ere, Kontseiluko buruak ohartarazi zuen ezagutzaren unibertsalizazioa «urrun» dagoela oraindik ere, eta hurrengo hamarkadetan indarrean izango den legeak «nahi eta nahi ez» bermatu beharko duela euskara ikas- eta irakas-hizkuntza izango duen eredu bat abian jartzea. «Ezin da aukera galdu. Ezin dugu aukera galtzen utzi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.