Diesela arazo handia bihur daiteke. Eta problema ez da prezioa bakarrik: gerta daiteke ez egotea behar beste gasoliorik.
Orain gutxi, lehengaiei buruzko Financial Times-en topaketa batzuetan, munduko petrolio salerosle handienek ahots ozenez esan zuten gero eta gehiagok ahapeka ziotena. Dieselaren urritasunaren larriaz hitz egin zuten Vitoleko, Trafigurako eta Gunvor Groupeko buruzagiek; zuzenean errazionamendurik aipatu gabe aritu ziren, baina antzeko neurriak etor daitezkeela iradokiz.
Ikusi gehiago:Upeletik dieselera, Muskizen
Lehendik ere diesela ez zegoen sobera Europako merkatuan. Gaur egungo Europako errepideetatik dabiltzan autoei begira, edozeinek usteko luke dieselak galdu duela garai bateko garrantzia. Baina Europako Ingurumen Agentziaren arabera, nahiz eta %40 izan gasolioa darabilten autoak, 2019. urtean dieselak erregai salmenta guztien %72,2 hartu zuen Batasunean. Pandemia osteko suspertze ekonomikoak industriaren, garraio astunaren eta beste arlo ekonomikoen diesel egarria handitu zuen iaz. Gasolioarekin elikatzen direlako, oraindik ere, garraio astuna eta halako jarduera ekonomiko garrantzitsuak.
Eskaintzaren aldean, ordea, diesel ekoizpena ez da erabat suspertu pandemiaren etenetik, eta horri gehitu zaizkio azken hilabeteetako petrolio eta gas garestiak. Izan ere, petrolioa soilik ez, gas naturala ere behar da diesela ekoizteko. Emaitza: dieselaren ekoizpena murritza (eta garestia) da Europan.
Errusiako diesela
Eta bai, Ukrainako Gerraren eta haren inguruko zigor ekonomikoen ondorioz, gauzak are gehiago estutu dira, besteak beste Europako herrialdeek Errusiatik gasolioa ere inportatzen dutelako. Gutxi gorabehera eguneko 760.000 upel dira, hots, diesel inportazioen erdiak; beste erdia Ekialde Hurbiletik dator.
Nola ez, Europako ekialdeko herrialdeen inportazioetan hartu du zatirik handiena Errusiako dieselak. Adibiderako, Alemaniak bere gasolio inportazioen %30 betetzen du Errusiako destilakinarekin. Are menpekotasun handiagoa dute Poloniak, Errumaniak eta Bulgariak.
Albiste agentziek diote Errusiako diesel emaria oraindik Europara iristen dela, baina energia konpainia batzuek uko egin diote karga hori jasotzeari, eta agerikoak dira haren garraioan dituzten zailtasunak.
Diesel egarria; eskaintza oraindik pandemiaren aurreko kopuruetara iritsi gabe; gas garestiak murriztutako produkzioa; eta orain, inportazioen zati esanguratsu bat galduta. Horren guztiaren ondorioz, energia gaietako aholkularitzek diote esku pribatuetan eta estatuen erreserba estrategikoetan diesel inbentarioak aspaldiko txikienak direla. Anberes, Rotterdam eta Amsterdam osatzen duten petrolio nodo logistikoan, azken hamalau urteetako txikienak dira gasolio biltegiratzeak.
Gasolina baino garestiago
Horrek guztiak esplikatzen du Europako zenbait herrialdetan, eta Euskal Herrian ere, diesel erregaiak dagoeneko gasolinaren prezioa gainditu izana azken prezioan, nahiz eta gehienetan dieselaren gaineko zergak txikiagoak izan: Hego Euskal Herrian, gasolio litro batek 38 zentimoko zerga du, eta gasolinak, berriz, 47 zentimo; Ipar Euskal Herrian, berriz, 61 eta 69 zentimo, hurrenez hurren.
Ezin dute findegiek diesel gehiago egin? Bai, baina horrek esan nahi du ahalegin gutxiago egingo dutela gasolina eta beste gai batzuk ekoizteko. Horrez gain, ezin da ahaztu dena garesti dagoela oraindik ere, baita petrolioa eta gasa ere. Eta hori dela eta, dieselak ere garesti jarraituko duela denbora batean behintzat. Gainera, diesela egiteko petrolioaren jatorriak berak ere garrantzia du.
Petrolio guztiak ez direlako berdinak. West Texas petrolioak omen du ekoizpen handien artean sufre gutxien —garrantzitsua diesela ekoizteko orduan—, eta Brent upelak ere sufre gutxiago du LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko petrolioak baino. Petrolio gehiago merkaturatzeko gaitasuna, izatekotan, karteleko kideek lukete. LPEEko herrialdeen artean, dena den, badaude sufre txikiko petrolioak, Nigeriakoa eta Angolakoa kasurako. Baina horiek aukera gutxi dute petrolio ekoizpena handitzeko.
Europako Batasunak Errusiako gasik nahi ez, eta gas natural likidotua nondik demontre aterako duen pentsatzen ari den bezala, gasolioarekin ere antzeko zerbait gerta daiteke. Ehiza hasi besterik ez da egin, Errusiako gasaren, petrolioaren, erregaien eta zehazki dieselaren ordezkoen bila. Gunvor Groupeko Torbjorn Tornqvistek argi utzi zuen: «Diesela ez da arazo europar bat, arazo global bat da».
Izan ere, eskaintza mugatua dela, gasolio garestia ordaintzeko gai izango dira herrialde aberatsenak, gehiago edo gutxiago kosta. Beste herrialde batzuek, ordea, zailtasunak izango dituzte erosteko, gaur egun dagoeneko gas naturalarekin gertatzen den moduan. Pakistanen, gas natural likidotua erosteko lizitazio bat bertan behera gelditu da, saltzailerik gabe, eskaintza garestiegiengatik.
Gasolioaren ezaugarrietako bat da inflazioan eragin zuzena duela, gaien garraiorako erregai nagusia baita. Europako Batasuneko herrialde askok egoera baretzeko neurriak hartu dituzte, baina zerga jaitsierek, dieselarekin behintzat, nekez konponduko dute arazoa, eskaria eskaintza baino nabarmen handiagoa den honetan.