Espainiako Gobernuari gainez egiten ari zaio garraiolarien grebaren larritasuna, eta bide orrian ez zituen urratsak egitea erabaki du. Madril zain-zain dago gaurko eta biharko Europar Kontseiluan argitzekoak diren zenbait aldagairen berri izateko eta, horien arabera, konponbide batzuk edo besteak eskaintzeko greban dauden garraiolariei, baina gaur egingo du Espainiako patronal handienarekin bihar egitekoa zen bilera, greba amaiarazteko saio etsian.
Pedro Sanchez presidentea baikor azaldu zen Espainiako Kongresuan atzo. «Aste honetan bertan» akordioa egingo dutela iragarri zuen. Aditzera eman zuen «neurri zehatzak» proposatuko dituela gobernuak gaur, Europar Kontseiluan mugak non dauden argitu ondoren. Hala, grebaren amaiera aurreikusi zuen; «sinistuta» dago lortuko duela: «Ezin gara akordiorik gabe atera bilera horretatik». Itun hori greba buka dadin eraginkorra izango den beste kontu bat da; hasteko, bilera horretan ez delako egongo lanuztera deitu duen plataforma. Grebak hamar egun egin ditu jadanik.
Asteon, 500 milioi euroren laguntzak iragarri ditu Madrilek garraioaren sektorea laguntzeko, baina ez du azaldu nola gauzatuko duen hori, zer neurri zehatzen bidez. Bakarrik CNTC Espainiako garraiolarien elkarterik handienak onartu du gobernuaren eskaintza.
Izan ere, hilaren 29a zen E eguna gobernuarentzat; egun horretan lege dekretu bat onartuko du energiaren kostuen garestitzeari aurre egiteko. «Gerraren zama ekonomikoak justizia sozialeko ikuspuntu batetik» banatu nahi du Sanchezek, eta «ahulenak» babestu. Baina egoerak gainez egin dio, eta negoziazioak azkartu egin ditu. Raquel Sanchez Garraio ministroarekin batera, Nadia Calviño Ekonomia ministroa izango da gaurko bileran, baita Maria Jesus Montero Ogasun ministroa ere. Proposamen berriarekin grebara deitu dutenak estu hartzeko esperantza du Sanchezek, nahiz eta haiek ez diren egongo batzarrean. «Badakigu zein den herritarren sentipena, haien kezka eta larritasuna. Mekanismo guztiak jarriko ditugu martxan», adierazi du.
Gero eta arazo gehiago
Grebara deitu duen plataformako presidente Manuel Hernandezek garbi utzi du zein den beren asmoa: «Ez dugu ontzat emango zuzenean gurekin adosten ez den akordiorik». Plataforma horrek manifestazioa antolatu du, Madrilen, ostiralerako.
Bien bitartean, greba aurrera doa Euskal Herrian, eta garraiolarien lanuztea gero eta arazo gehiago eragiten ari da banaketan; baina industrian handiagoa da eragin hori, eta zenbait enpresatan hasiak dira geldialdiak, hornidura arazoak dituztelako. CAFek jardueraren zatirik handiena gelditu zuen atzo. Errenteriako Papresa ere geldirik dago, lehengaien gabezia duelako. Industria asko nabaritzen ari da Hiru sindikatuak eta Bilboko portuko garraiolariek grebarekin bat egin izana. Beste enpresa batzuek ere iragarri dute geldialdia egingo dutela ordu gutxi barru ez bazaie hornidura iristen: adibidez, Basauriko Bridgestonek.
Adegi Gipuzkoako patronalak jakinarazi du lurraldeko enpresen %22k jarduera geratu beharko dutela egun gutxi barru, greba amaitu ezean. Lanuztea ABEEak aurkezteko arrazoi izateko eskatu du patronalak.
Hiru sindikatuak, berriz, protesta egin zuen Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Gasteizen, eta Pedro Marco Garraio sailburuordearekin elkartzea lortu zuten sindikatuko zenbait ordezkarik. Hiruko kide Alberto Nuñezek Jaurlaritzaren konpromisoa ezagutarazi zuen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundienarekin batera, Hirurekin elkartzeko. Nolanahi ere, sektorearen baldintzak aztertzeko bilera hori ez da erabakigarria izango grebari dagokionez. Hiruko kideak argitu zuen Espainiako elkarte deitzailearen esku dagoela lanuztea bukaraztea.
Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu ere estu hartzen ari da Sanchez. Hartzekoak dituen neurriak lehenbailehen hartzeko eskatu dio. Erregaien zergak «aztertzeko» ere esan dio Espainiako Gobernuari, eta zehaztu du zergak aldi baterako jaitsi beharko lituzkeela, «Frantzian bezala».
Gerra Ukrainan. Energiaren garestitzea
Greba amaiarazteko bigarren saioa du gaur Madrilek, baina ez antolatu dutenekin
«Ezin gara akordiorik gabe atera», esan du Sanchezek, eta «neurri zehatzak» agindu ditu. Adegik jakinarazi du enpresen %22k jarduera geldituko dutela egun gutxi barru
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu