Myanmar. Estatu kolpea

Myanmarko armadak estatu kolpea eman du, eta agintea bereganatu

Militarrek herrialdearen kontrola hartu dute, joan den azaroko hauteskundeetan «iruzurra» egin zutela argudiatuta. Gutxienez urtebete iraungo du larrialdi egoerak, eta ondoren egingo dituzte bozak

Soldaduak Yangon hirian. Armadak etxeratze agindua ezarri du. LYNN BO BO / EFE.
Andoni Imaz.
2021eko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Hamar urte ere ez dira Myanmar herrialdea diktadura militar batetik askatu zela demokraziaranzko bide bat hasteko, eta, astelehen goizaldeaz geroztik, boterea militarren eskuetan da berriz ere. Armadak estatu kolpea eman zuen, eta atxilotu egin zituen Aung San Suu Kyi Estatu kontseilaria eta Win Myint presidentea, besteak beste. NLD Demokraziarako Liga Nazionala alderdiko beste kide batzuk eta gizarte mugimendutako hainbat buruzagi ere atzeman zituzten. NLDk alde handiz irabazi zituen iazko azaroaren 8ko hauteskundeak. Sare sozialen bidez, herritarrei protesta egiteko eskatu diete, «diktaduraren itzulera» salatzeko.

Armadak Myint Swe jeneral ohia izendatu du behin-behineko presidente, orain arteko presidenteordea. Agintari nagusia, ordea, Min Aung Hlain komandanteburua izango da, armadaren telebista kateak zabaldu duenez.

Telefono eta Internet sareak eten dituzte Naypyidaw hiriburuan eta Yangonen erdigunean, eta telebista publikoaren emisioa ere bertan behera geratu da NLDko politikariak atxilotu eta gero. Myawaddy kate militarra soilik dago martxan, The Irrawaddy egunkariaren arabera. Militarren kate horren bidez adierazi dute azaroko hauteskundeetan «iruzur handia» egin zutelako hartu dutela herrialdearen kontrola. Egun indarrean dagoen konstituzioko artikulu batean oinarritu dute estatu kolpea —konstituzio hori militarrek idatzi zuten, 2008an—: 417. artikuluak armadari esku hartzeko baimena ematen dio «Myanmarko Batasunaren suntsitzea gerarazteko».

Kezka eta beldurra

Banketxeak itxiarazi dituzte, eta ilara luzeak sortu dira kutxa automatikoak erabiltzeko, Reuters berri agentziaren arabera. Egoera nahasia da, eta, agentzia horrek berak zabaldu duenez, herritarrak ere harrituta daude, eta datozen egunetan zer gertatuko den zalantzan: «Ez dakigu zer gertatzen ari den; beldur gara», adierazi diete batzuek.

Dena dela, militarrek herrialdearen kontrola hartzeko asmoa erakutsia zuten joan den astean bertan. Asteartean, Zaw Min Tun militarren bozeramaileak bozetan irregulartasunak izan zirela salatu zuen, eta dagoeneko adierazi zuen boterea eskuratzeko helburua zutela. Duela egun batzuk hasi ziren zabaltzen estatu kolpearen gaineko zurrumurruak Myanmarko kaleetan, eta bazen susmorik legebiltzarrak legealdi berria hasi behar zuen egun berean, atzo, izango zela kolpea.

Goizaldean atxilotu zituzten NLDko politikariak, atzo egin behar zuten-eta legealdiko lehenengo osoko bilkura Myanmarko Parlamentuan. Iazko azaroaren 8an egin zituzten hauteskundeak, eta Aung San Suu Kyi Bakearen Nobel saridunaren alderdiak garaipen argia lortu zuen: 440 eserlekutik 258 eskuratu zituzten alderdiko ordezkariek, emaitza ofizialen arabera. Militarrek babestutako USDP Elkartasunaren eta Garapenaren Batasunerako Alderdiak 33 eserleku soilik eskuratu zituen. Hauteskunde Batzordeak behin eta berriz adierazi du ez zela iruzurrik egin.

Militarrek 2011. urtean onartu zuten boterea banatzea, eta 2015ean hauteskunde historiko batzuk egin zituzten; baina armadaren menpe jarraitu zuten ministerio nagusiek, eta euren esku geratu ziren legebiltzarreko eserlekuen laurdenak ere. Ia mende erdi batez agintean egon zen diktadura azkenetan zegoela, NLDk erregimenaren ondorengoen lekukoa hartu zuen. Iazkoak, beraz, herrialdearen aro berriko bigarren hauteskundeak izan ziren.

Myint Htwe Osasun ministroak adierazi du kargua utzi duela «egoeraren ondorioz». Bere kideei eskatu die herritarrak zaintzeko, bereziki COVID-19ari eta txertaketari dagokienez.

«Gure herrialdea hegan ikasten ari zen txori bat zen. Orain, armadak hegoak moztu dizkigu», salatu du Si Thu Tun ikasle aktibistak.

Larrialdi egoerak gutxienez urtebete iraungo duela iragarri dute militarrek, eta haren amaieran «hauteskunde aske eta justuak» egiteko konpromisoa hartu dute. Bien bitartean, orain arteko gobernuko 24 kideak kargugabetu dituzte, eta 11 militar jarri dituzte haien tokian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.