Euskadiko Federazioak FIFAko eta UEFAko kide izatea eskatu du

Bi erakundeen egoitzetan egin du eskaria, Eusko Jaurlaritzarekin batera, eta duela bi urteko batzarrak adostutakoa bete du hala. «Bideragarritasun legala» dagoela dio, eta «aukera egingarria» dela

Elustondo, ezkerretik bigarrena, federazioaren orain bi urteko batzarrean. FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2020ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Bi erakundeen egoitzetan (Suitzan) egin dute eskaera Luis Mari Elustondo Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak eta Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, eta, horrela, Federazioak gaur bete du 2018ko abenduaren 12ko batzarrak ia aho batez adostutakoa: FIFAren eta UEFAren aurrean euskal selekzioa kide izateko eskaera egitea, ofizialtasuna izateko urrats ezinbesteko moduan. Federazioak Eusko Jaurlaritza izan du bidaide Suitzara egindako bidaian, JonRedondo eta David Salinas-Armendariz ere han izan baitira. Federazioko presidenteorde Nerea Zalabarria ere han izan da.

Eskaera formala da, eta bertan nabarmentzen da eskakizunak baduela «bideragarritasun legala». Eta «benetako aukera» dagoela gauzatzeko. «Alde guztiekin adostutako integrazioa gauzatzeko borondatearekin» eginda dago eskaria. Hain zuzen, Federazioak atera duen oharrean, hurrengo pausoari egiten zaion aipamenaren barruan, Espainiako Federazioa azaltzen da: «Haiekin akordio bat lortzeko negoziazio epe bat irekitzeko asmoa dugu». Izan ere, FIFAren estatutuetako 11. artikuluko seigarren atalean jasotzen da federazio eskatzaileak behar duela kide den estatuko (kasu honetan, Espainiako) federazioaren baimena. Urtebeteko epea emango dio Euskadiko Futbol Federazioak akordioa lortzeko.

Eskaeraren funtsak hiru oinarri dauzka. Aurrenekoan, federazioak FIFAko eta UEFAko eskubide osoko kide izateko eskaera formal eta zuzena egiten du. Horretarako, Federazioak zera eskatu die bi erakundeei: bien artean espediente komun eta bateratu bat instruitzea, EFFk bi erakundeetan benetan integratzeko bete behar dituen estatutu eskakizun formal guztiak betetzeko eta, era berean, alde guztien arteko akordio bat gauzatzeko. Akordio horretan, EFF kide bilakatzeko sarrera baldintzak zehaztuko lirateke, Espainiako Federazioaren onespenarekin. Urtebeteko epea emango litzateke akordio hori ixteko, eta Espainiako Futbol Federazioarekiko akordioak «integraziorako hitzartutako baldintzak» jasoko lituzke.

Bigarren puntuan, EFFk txosten arrazoitu bat emateko eskatu die FIFA eta UEFAri. Dokumentu horretan, FIFAk eta UEFAk EFFren kasuan bi organismoetan kide moduan onartua izateko bete behar diren baldintzak eta betekizunak zehaztu beharko lirateke; federazioak zehaztapen hau egiten du puntu horretan: «Gaur egun baldintza horietako bat betetzen ez bada».

Hirugarren puntuan, EFFk «konpromiso irmoa, erabateko prestasuna eta fede ona» adierazten du «dauden oztopoak gainditzeko eta alde guztien artean adostutako integraziorako aurkezten diren eskakizun guztiak betetzeko». EFFk azpimarratu duenez, helburua da «euskal futbolaren nahi historikoa gauzatzea, Durangon egindako Biltzar Nagusian hartutako akordioan argi adierazi zen bezala».

«Proiektu bideragarria»

Salinas-Armendariz abokatuak azaldu duenez, integratzeko eskaera formal honen bidez, EFFren Biltzar Nagusiak eskatutakoa ez ezik, «euskal gizartearen gehiengoaren nahia ere» betetzen ari dira. Gehitu du «zilegizko helburua eta erabat bideragarria» dela legearen ikuspegitik: «Estatu independenteak ez diren Europako beste lurralde batzuen integrazioak eta selekzioen ibilbide historikoek (liga propioa dutenak eta ez dutenak) erakusten dute hala dela».

Euskadiko Futbol Federazioak nazioarteko federazioei emandako dokumentazioaren artean, dokumentu hauek daude: Federazioaren estatutuen kopia bat; EFFk eta euskal selekzioak 1915etik egin duten ibilbide historikoa jasotzen duen txosten bat; Eusko Jaurlaritzak emandako lege txosten bat, EFFren ordezkaritza gaitasuna arrazoitzen duena; Durangoko Biltzar Nagusiak onartutako eskaeraren kopia bat; eta Espainiako Federazioari (RFEF) bidalitako jakinarazpen ofiziala, gai horren inguruan akordio bat egiteko negoziazio aldi bat irekitzeko eskatzen duena.

Dinamika berria

Federazioak azaldu du atzoko pausoa non kokatzen duen: «FIFAren eta UEFAren aitorpen ofiziala eskatzea bat dator Euskadiko Futbol Federazioa eta Eusko Jaurlaritza urte hasieratik sustatzen ari diren dinamika berriarekin». Urte hasieratik bi erakunde horiek lan mahai bat eratu eta dinamizatzen ari direla, «euskal selekzioaren gainean testuinguru berri bat sortzeko eta proiektua berrindartzeko». Lantalde horretan, bi erakundeez gain, klubak, jokalariak eta euskal selekzioen aldeko eragileak ari dira lanean. Lan horrek guztiak helburu bat dauka: «Epe laburrera euskal selekzioaren proiektua berrindartu nahi dugu, eta, osasun egoerak aukera ematen duenean, euskal zaleekin bat egin berriro ere, bere historia luzean egin bezala».

Gaia berriz piztu da

Euskadiko Futbol Federazioaren batzarrak onartu eta bi urtera etorri da eskaria gauzatzearena. Hain justu, azken asteetan atera da gaia berriro. Euskal selekzioak Costa Ricaren aurka jokatu zuen azaroaren 16an, eta egun horien bueltan hitz egin zuen Elustondok, hautsak harrotu zituzten adierazpen batzuk eginda. Radio Euskadin, adierazi zuen aurreakordio bat zegoela Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean, euskal selekzioek nazioartean lehiatzeko aukera izateko bidea abiatzeko.

Gero, ordea, atzera egin zuen Cope irratian: «Aurreakordio hori ez da existitzen. Ez nituen gauzak behar bezala azaldu, sentitzen dut. Pedro Sanchezen inbestidurarako EAJk eta PSOEk sinatutako akordioaz ari nintzen. Akordio horretako puntuetako batean esaten zen Sanchez beharrezkoak ziren erreformak egitera konprometitzen dela bide hori abiatzeko». FIFAra eta UEFAra jotzeko duela bi urte Durangon (Bizkaia) egindako bileran lortutako akordioaz ere mintzatu zen. «Ordutik ez dugu urratsik egin. Pazientziaz egin beharreko kontua da».

Bitartean, euskal jokalari batzuek agiri bat atera zuten aurreko astean, Elustondori eskatuz bete zezala UEFAn eta FIFAn kide izateko aukera betetzeko eskaria. Asier Riesgok, Ainhoa Tirapuk, David Zurutuzak eta Asier Illarramendik izenpetu zuten agiri hori.

Aurreko asteburuan, Gu Ere Bai euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko ekinaldia sinadurak biltzen hasi zen Elustondori eskatzeko bete zezala Durangon adostutakoa. Bete du. Ez zuen denbora askoz gehiago, datorren urtearen hasieran federazioko zuzendaritza berria aukeratzeko hauteskundeak baitaude. Bide horretan, Gipuzkoako Federazioan herenegun egin zituzten hauteskundeak, eta Manu Diaz da presidente berria, Garai Berriak plataformaren burua. Selekzioaren ofizialtasunaren alde lan egiteko borondatea du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.