Euskaraldiaren lehen esperientzia2018ko udazken beranduan izan genuen. Nola uka, datuak ikusita, harrera ona egin geniola euskaldunok? 225.000 parte hartzailetik gora, nahiz aitortu behar den banaketa ez zela homogeneoa izan lurralde batzuetan eta besteetan. Gipuzkoa eta Bizkaia izan ziren, hurrenez hurren, ekimenaren indarguneak. Orobat, egia da ahobiziak izan zirela nagusi; ez genuen asmatu, ez behintzat nahi zen neurrian, ekimenaren helburuak eta ezaugarri nagusiak behar bezala helarazten jendeari. Nolanahi ere, azpimarratzekoak iruditzen zaizkit parte hartzeari buruzko datuak (horren gaineko informazio zehatza nahi duenak, eskura du txostena Euskaraldiaren webgunean).
Lagun horien, horietako batzuen, bizipenak ere ikus daitezke webgunean. Lekukotza guztien artetik, honako esaldi hauek aukeratu ditut: «esperientzia ona», «esperientzia berria», «baikorra», «lagungarria», «aberasgarria», «beharrezkoa», «oso bizipen berezia», «oso eroso eta integratuta sentitu naiz (euskara ikasten ari den lagun batek)», «inoiz ez bezala, euskaldunak bagarela sentitu dut gaur arratsaldean Bilboko Metroan eta Zazpi Kaleetan», «Gasteizen pentsatzen nuen baino jende euskaldun gehiago dagoela konturatu naiz», «jendeak uste baino euskara gehiago dakiela oso argi geratu zait!», «Euskaraldiari esker komertzio handietan posible dela ikasi dut!», «jendea hizkuntza ohiturez gogoeta egitera bultzatu du», «mintzapraktika berri honek nire emaztearekin komunikatzeko era berri bat azaldu dit, orain arte ez diot sekula euskaraz egin, eta Euskaraldi honetan % 70 baten baino gehiagotan euskaraz dihardut».
Batek baino gehiagok adierazi zuten berriro errepikatzeko nahia, esperantza. Baita zailtasuna ere: «batzuetan, dezentetan, zein nekeza den ahobizi izatea», zein zaila den ohiturak aldatzea (batek baino gehiagok azpimarratu duena). Baina belarripresten lekukotasun pozgarri asko ere badaude; zenbateraino izan zaien lagungarri txapa eramatea. Horiek guztiak eta askoz gehiago irakur daiteke Bizipenak atalean. Gogoan hartzekoak dira hor esaten diren gauza asko hurrengo edizioei begira.
Guztietan interesgarriena eta baliagarriena, baina, Euskaraldiaren lehen saio horren ebaluazioa izan da (hori ere badago webgunean). Txostenean jasotako ondoriobatzuk guztiz bat datoz parte hartzaileek adierazitako zenbait bizipenekin: Euskaraldiak hizkuntza praktiken inguruko ikuspegi errealistagoa ekarri dio parte hartzaile askori; Euskaraldiak euskararen erabilera indartzeko baldintza sozioafektiboak eraikitzen asmatu du. Eragindako aldaketei dagokienez: «Parte hartzaileen hizkuntza erabilerari dagokionez, aldaketa handiak ekarri ditu Euskaraldiak ariketaren 11 egunetan, eta aldaketari proportzio esanguratsuan eutsi zaio Euskaraldiak bukatu eta hiru hilabetera ere». Aldaketa horiek, bestalde, handiagoak izan dira euskaraz mintzatzeko gaitasun txikiagoa, euskara egiteko ohiturarik gutxien, dutenengan eta gune soziolinguistikorik erdaldunenetan bizi direnengan. Ahobizi euskaldun hartzaileak izan dira aldaketa handienak egin dituztenak. Uste dut garrantzi handiko datuak erakusten dizkigutela ondorio horiek. Pauso txikiak izango dira, baina behar dugun bidean emandakoak. Izan ere, ezin dugu ahaztu zein diren euskararen erabileran eragiten duten faktoreak: hiztunen kopurua, euskaraz egiteko duten gaitasuna edo erraztasuna eta aukerak. Elkar elikatzen dute hiru faktoreek, jakina: zenbat eta aukera gehiago izan, aukera baliatzen bada, behintzat, gaitasun hobea, eta hiztun kopurua ere gora joango da. Bestalde, Euskaraldiak lortu du horrenbestetan aipatu duguna: euskaldun berriak eta elebidun hartzaileak integratzea ekimen bakarrean. Hori da bidea; ez bakarra, baina bai oso garrantzitsua.
Eta orain, zer? Orain bigarren edizioa. Aurrekoa eskarmentu hartuta, eta koska bat gehituta: ariguneak. Helburu interesgarria bezain beharrezkoa edizio honetakoa ere. Eta, lehen saioak bezala, aurrekaririk falta ez zaiona: Eusle metodologia, Ulerrizketa metodologia, Donostiako Udaleko xerpalariak eta horien antzeko beste hainbat ekimen. Azken batean, euskaraz dakitenek hizkuntzari eutsiko diote, inguruan dituztenek, ahobizi zein belarriprest, horretarako borondatea baldin badute. Bada, gainera, nabarmendu beharreko alderdi bat: edonon era daitezke ariguneak. Lantokian, gertueneko lankideekin (lantokia izan daiteke herri-administrazioko edozein gune, fabrika, finantza-entitate, taberna, edozein motatako denda edo establezimendu...). Gaur badakigu,gainera, batek baino gehiagok lanlekua duela euskaraz jarduteko aukera (ia) bakarra. Baina arigunea izan daiteke familia ere; zergatik ez? Spolskyk oroitarazi zigun familietan ere hitzartzen dela hizkuntzaren/hizkuntzen erabilera. 2018ko Euskaraldiaren ondoren, parte hartzaileetako batek idatzi zuen «Lanean ohitura batzuk aldatu ditut», eta beste batek «Lanean nirekin gazteleraz komunikatzen den kide batekin euskara, saltoka bada ere, etengabe presente egotera pasa da geroztik». Ez dakit, ia urte eta erdi igaro ondoren, aldaketa horiek iraungo duten. Baina, ez dut inolako zalantzarik, lehen saiokoez gain parte hartzaile gehiago erakarrita, aurreko erabilera-eremu orokorrari ariguneak gehituta eta guztiok elkarlanean herri-aginte eta euskalgintza, lortuko dugula hurrengo hamabost eguneko saioa aurrekoa baino (pitin bat) emankorragoa izatea.
Gutako bakoitzaren esku dago. Animatzen zaituztet, beraz, aurten ere ahobizi edo belarriprest izatera eguneroko bizitzan, eta, bereziki, zuen inguruneko arigunea(k) identifikatu eta hor jarduteko konpromisoa hartzera. Eta aurtengo ahaleginari eustera datorren urtean ere. Gero, hirugarren saioa datorrenean, berrituko ditugu konpromiso horiek.
EUSKARALDIRAKO ZORTZI HILABETE
Euskaraldiaren bigarren ekinaldia: ariguneak helburu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu