Errusiako armadak bi aste baino gehiago daramatza Mariupol setiatzen. Donetskeko oblasteko kostaldeko hiri hori mendean hartzea hasieratik izan da Moskuren helburu nagusietako bat, eta hori lortzekotan da. Herenegun gauean, portuaren inguruan zeukan kontrola areagotu zuen, eta, horrenbestez, Kievek berak atzo ohar baten bidez jakinarazi bezala, Ukrainak Azoveko itsasorako sarbidea galdu du. Estrategikoki leku ezinbestekoa da Mariupol Errusiarentzat, hura kontrolpean izanik Krimeako penintsula eta Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublika errusiazaleak lot ditzakeelako.
Herenegun, Errusiako Defentsa Ministerioak nabarmendu zuen Mariupolen inguruan «soka estutzen» ari zirela, eta, atzo, Vadim Boitxenko hiriko alkateak BBC hedabideari baieztatu zion Errusiaren tropak hiriaren erdigunera heldu direla: «Hiriaren erdialdean ez da ezer gelditzen. Ez dago gerra zantzurik ez duen lur zati bakar bat ere». Haren esanetan, Ukrainako indarrak ahal dutena egiten ari dira posizioei eusteko, baina «etsaiak» kopuruz gehiago dira, «zoritxarrez». 450.000 biztanle inguru zituen hiriak gerra hasi aurretik, eta, udalak eman dituen datuen arabera, 350.000 bat pertsona biltegietan eta eraikinen sotoetan ezkutatuta daude oraindik ere, eta argindarrik eta urik gabe daude. Udalaren arabera, Errusiako armadak 50-100 bonba jaurtitzen ditu egunero. Hiria inguratuta dauka.
Gurutze Gorriak han ematen ari zen laguntza humanitarioa eten behar izan du, eta MEP Munduko Elikadura Programak atzo salatu zuen ezin duela Ukrainako zenbait hiritara ailegatu: «Mariupolera, Sumyra, Kharkivera». NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziako larrialdietako koordinatzaile Jakob Kernek AFP berri agentziari adierazi zion Errusiak premiazko elikagaien banaketa blokeatu nahi duela, eta hori «onartezina» dela XXI. mendean. Kernen hitzetan, kamioilariek ez dute beren segurtasuna arriskuan jarri nahi inguratuta edo ia guztiz inguratuta dauden hirietara laguntza humanitarioa garraiatuz.
Hiri horietatik, korridore humanitarioetan barrena, 190.000 bat zibilek alde egin ahal izan dute otsailaren 24an Errusiaren inbasioa hasi zenetik, Irina Verestxuk Ukrainako lehen presidenteordeak atzo zehaztu zuenez. Telebista batean egin zioten elkarrizketa batean adierazi zuenez, herritarrak korridore horietatik atera ziren atzo Kieveko eskualdean eta Luhanskeko Herri Errepublikan; Mariupolgo korridorea, ordea, «partzialki» egon zen irekita, Errusiako armadak bidea moztu baitzien autobusei.
UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak gaur jakinarazi du gatazkak 3,3 milioi errefuxiatu eragin dituela. NBEren agentziaren arabera, Bigarren Mundu Gerraz geroztik Europan gertatutako exodorik azkarrena da.
Mikolaiv, estrategikoa
Kremlinek jakinarazi zuenez, Errusiak lur azpiko arma biltegi bat suntsitu zuen atzo Deliatin inguruan, Ukraina mendebaldean. Hiri hori Errumaniako mugatik 70 bat kilometrora dago, eta herrialde hori NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kidea da. Defentsa Ministerioaren bozeramaileak zehaztu zuenez, Kinzhal misil hipersonikoak erabili dituzte horretarako.
Gainera, Ukrainako armadak Mikolaiv hirian duen kuartel bat bonbardatu zuen herenegun Errusiak, eta erasoan dozenaka soldadu hil zituen. Lekukoek AFP berri agentziari kontatu diotenez, bonbardaketa gertatu zenean 200 bat militar lo zeuden kuartelean. 50 bat gorpu atera ahal izan dituzte, eta erreskate lanetan ari dira oraindik ere. Mikolaiven kokaguneak ere berebiziko garrantzia du Errusiarentzat, Odesatik gertu dagoen hiri bat delako, eta Ukrainan Odesakoa delako Itsaso Beltzerako sarbidea duen porturik inportanteena.
Eta, bien bitartean, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak atzo adierazi zuen «elkarrizketa esanguratsuak» behar direla inbasioa etete aldera. «Bere hutsegite propioek sortutako kaltea murrizteko aukera bakarra dira Errusiarentzat», esan zuen Telegrameko bere kontu ofizialean argitaratutako bideo batean. Horren harira, Sergei Lavrov Errusiaren Atzerri ministroak uste du elkarrizketek «hobera» egin dutela, baina «une oro» iruditzen zaiola Kiev AEBen esanei jarraitzen ari zaiola «ziurrenik», eta horrek oztopatzen duela Moskuk eskatutako «gutxienekoak» betetzea. Interfax berri agentziak jasotako adierazpen horietan nabarmendu zuen Txinak eta Errusiak, «superpotentzia gisa», pentsatu behar dutela nola egin aurrera, aintzat hartuta Mendebaldea ari dela nazioarteko sistemaren zutarriak «hondatzen».
Gerra Ukrainan
Errusiak bere helburu nagusietako bat lortu du: Azoveko itsasoaren kontrola
Ukrainak aitortu du Mariupolgo portua galdu duela. Moskuren arabera, lur azpiko arma biltegi bat suntsitu du Errumaniatik gertu, misil hipersonikoak erabilita
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu