COP26

Akordioan ez dute jaso ikatza energia iturri gisa erabiltzeari uzteko eskaria

Indiak azken orduan egindako eskariarengatik aldatu dute testua. Herrialdeei eskatzen diete 2030erako aurreikusiak zituzten isurketa helburuak «gainbegiratzeko eta sendotzeko»

Indiako eta Txinako ordezkaritzetako kideak elkarrekin hizketan, atzo, Glasgown. ROBERT PERRY / EFE.
Igor Susaeta.
2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Akordioaren bozketa izan aurretik egindako osoko bilkuran, hitz egiten azkena izan zen Alok Sharma. «Testua inperfektua da», nabarmendu zuen NBE Nazio Batuen Erakundeak klima larrialdiari aurre egiteko asmoz Glasgown (Eskozia) urriaren 30etik aurrera eramandako COP26 goi bileraren presidenteak. «Baina adostasuna eta babesa dago. Erantzuten dio [testuak] helarazi dizkiguten aukera eta lehentasunei». Ez zekien, ordea, zer gertatuko zen ordubete pasa geroago, akordioaren bozketa izan aurretik. Indiako ordezkariak eskaera bat egin zuen: itunak jaso zezala ikatza energia iturri gisa «pixkanaka murrizteko» eskaria, eta ez, idatzita zegoen bezala, «erabiltzeari uzteko eskaria». Bi formulazioen arteko aldea handia da, argi dago. Hainbat herrialde haserre agertu ziren eskariarekin, eta Sharmak adierazi zien ulertzen zituela. «Ulertzen dut zuen atsekabea, baina ezinbestekoa da neurri sorta hau babestea». Eta handik gutxira amaitutzat eman zuten COP26, neurri zehatzegirik gabeko akordio batekin.

Ordubete lehenago bozkatua izan zain zegoen akordioarekin alderatuta, aditz bat aldatu zuten azkeneko itunean. Eta hori ulertzeko aintzat hartu behar daTxina eta India munduko herrialderik industrializatuenetakoak direla, eta bien artean munduan kontsumitzen den ikatzaren %65 erabiltzen dutela.

Azken orduko aldaketa esanguratsu hori kenduta, itunean ez dago azken egunetan plazaratutako zirriborroekin konparatutaalde handirik. Baina badira berritasun gehiago. Izan ere, herrialdeei eskatzen die 2030erako aurreikusiak zituzten CO2 isurketen helburuak «gainbegiratzea eta sendotzea» 2022an —aintzat hartuta, «herrialde bakoitzaren baldintzak»—, hain zuzen, 2050erako deskarbonizazioa lortze aldera. Itunean jasotakoek helburu dute, 2015eko Parisko Hitzarmenean zehaztu moduan, XXI. mendearen amaieran planetaren tenperatura ez igotzea 1,5 gradu baino gehiago, industrializazioaren aurretiko garaiarekin alderatuta.

Erresuma Batuak goi bileraren anfitrioi gisa atzo aurkeztu eta proposatutako testuak jaso zuen ikatza energia iturri gisa erabiltzeari uzteko eskaria —gero aldatua izan zena—. Eta artikulu horretan bada nobedaderik: galdegiten du karbonoa xurgatzeko sistemarik erabiltzen ez duten ikatz azpiegiturak alboratzeko, eta «eraginkorrak» ez diren erregai fosilentzako diru laguntzak amaitzeko, baina «bidezko trantsizio bat egiteko laguntzaren beharra» aitortuz. Hau da, sektoreari laguntzak emango dizkiotela, birzikla dadin, nolabait esatearren. Halere, aintzat hartu behar da akordioan jasotakoak ez direla lotesleak.

2030erako karbono dioxidoaren isuriak %45 murriztu eta «mende erdialde ingururako» karbono neutraltasuna lortzeko helburua ere jaso du akordioak, argitaratutako lehen zirriborroan bezala.

Finantzaketaz

Garabidean diren herrialdeei eman beharreko diru laguntzak ezinbestekoak dira helburu horiek erdiesteko, eta itunean onartzen dute ez dela aski herrialde horiek klima larrialdiak eragindako kolpeei erantzuteko eta egoera berrira egokitzeko asmoz herrialde aberatsen aldetik jasotzen duten finantzaketa. Hori dela-eta planteatzen die herrialde aberatsei, 2019ko kopuruekin alderatuta 2025erako bikoiztu dezatela, «gutxienez», garabidean diren herrialdeentzako finantzaketa. Horren harira, eskatzen die «garapenerako bankuei, beste finantza instituzioei eta sektore pribatuari», lagundu dezatela finantzaketa «hobetzen». Joan den azaroaren 3an, goi bilera hasi eta gutxira, deskarbonizazioa finantzatzeko konpromisoa hartu zuten 45 herrialdetako hainbat kreditu instituzio pribatuk.

197 herrialdek parte hartu dute COP26n, eta, atzo, herrialde horietako bakoitzeko ordezkariak osoko bilkuran beren iritzia ematen ari zirenean, Frans Timmermans Europako Batzordearen presidenteordeak ere hitza hartu zuen. «Jainkoarren! Ez ezazue momentu hau hil! Onar ezazue testu hau, gure seme-alaben eta biloben bihotzetara itxaropena eramateko. Gure zain daude. Ez digute barkatuko huts egiten badiegu». Horrela mintzatu zen, apur bat lehenago Txinako ordezkariak akordioari buruzko zalantzak plazaratu zituelako.

G77+Txina taldeko herrialdeak, munduko Hego hemisferiokoak,gehiengoa ziren goi bileran —130 egon dira ordezkatuta—, eta talde horretako potentzietako bat da, hain zuzen, India. Iran ere talde horretako kide esanguratsuenetako bat da, eta haren ordezkariak bileran azpimarratu zuen «erregai fosilen erabilera» beharrezkoa dutela «ekonomia garatze aldera». Ikatza erregai fosil bat da.

Akordioaren berri eman eta berehala iritsi ziren aurreneko erreakzioak. Greenpeaceko zuzendari Jennifer Morganek ohar batean adierazi zuenez, hitz bat aldatu zuten azken orduan, baina ezin dute kendu goi bilerak bidalitako seinalea: «ikatza bukatzen ari dela». Hori «inportantea» iruditzen zaio. Laurence Tubiana Parisko Hitzarmenaren egile eta Klimarako Europako Fundazioko zuzendaria pozik agertu zen, iritzita hitzarmenean jasotakoak «funtzionatzen» ari direla eta ikatza testuan dagoela. «Baina asko dago egiteko».

COParen hurrengo aldia, 27.a, Sharm El Sheikhen (Egipto) dira egitekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.