Asier Etxenike.

Euskara ume guztientzat

2021eko irailaren 22a
00:00
Entzun
Azken asteetan Arnas dezagun taldearen aldarrikapen nagusiak ezagutu ditugu: haurrek euskaraz bizi ahal izateko giro egokia izatea eta horretarako gaztelaniak edo frantsesak erabateko nagusitasuna duten herri edo hirietako eskoletan haur euskaldunak sakabanatu beharrean, ikastalde berean taldekatu ditzaten eskatzen dute.

Nik, nire umeen eskolaratzearen ondorioz ere, hiru urte daramatzat gaian modu batera edo bestera sakontzen saiatzen. Euskal Herrian gutxienez 80ko hamarkadatik hainbat ikastetxetan taldekatze mota hau, aldaera ezberdinetan, praktikatu izan da, eta, ikuspegi soziolinguistiko batetik, horren eragin positiboaz, negatiboaz edo eraginik ezaz nik ez dut ebidentzia zientifikorik aurkitu. Zerbaiten seinale. Ondorioz (aurre)iritziak ematera mugatzen gara.

Gaian sakondu aurretik, azpimarratu nahi dut aspaldi dakigula ikastetxeak bakarrik ez dituela umeak euskaldunduko, eta, beraz, horren ardura guztia ezin da ikastetxeen gain geratu. Are gehiago, ez da kontu pedagogiko huts bat eta ardura ez da soilik irakasleena. Ikastetxea gakoa da prozesu horretan, baina ikastetxea bera gainditzen duen gaia da honakoa. Esku-hartzea integralagoa eta sistematikoagoa izan behar da eta baliabide gehiago jarri behar dira, ikastetxean eta ikastetxetik kanpo.

Ikastetxe ingurura bueltatuz, euskararen ezagutza eta erabilera, biak, helburu baditugu, ezinbestekoa da umeek euskararekiko duten esposizioa eta haien euskarazko produkzioa ahalik eta handiena izatea. Nire ustetan, gune soziolinguistiko erdaldunetan hizkuntza hegemonikoa ezagutzen ez duten umeak talde berean jartzeak asko lagundu dezake helburu horiek betetzen. Horrela, talde batzuk hizkuntza hegemonikoan (gaztelania edo frantsesa) gizarteratu diren umeek osatuko lituzkete eta, beste batzuk, lehen hizkuntza gaztelania edo frantsesa eduki ez dutenek, hau da, euskara edota beste hizkuntza batzuk. Eta kontua ez da euskaldunen ghetto bat sortzea. Euskararen erabilerari eustea eta euskalduntzea indartzea baizik.

Ghettorik ez da sortzen ume horiek ez direlako erabat bereizita bizi, elkarri bizkar emanda. Ikastetxearen dinamikaren (jantokia, eskolaz kanpoko ekintzak...) edo pedagogia motaren (zirkulazio librea...) edo beste faktore batzuen arabera, ume guztiek elkarren arteko harremanak dituzte egunero. Eta taldekatze hau ez da iraunkorra, betirako. Askotan, 6 edo 8 urte arte mantentzen da (LH1 edo LH3), eta ondoren ikastaldeak nahasten dira.

Abantailei dagokienez, agerikoena ume euskaldunen ongizatea da. Minorizatuta dauden inguru batean haien hizkuntzan bizi ahal izateak, haien identitatea indartzeak, taldea izateak... ume horien ongizatea hobetzen du.

Beste abantaila bat, pedagogia libreek indarra hartu duten honetan: ikastetxe askotan euskaraz egiten zuen figura zentralak, irakasleak, protagonismoa galdu du, eta, hortaz, gelan umeen arteko elkarrizketek pisu handiagoa hartu dute. Hortaz, garrantzi handiagoa hartzen du ume batzuen arteko harremana euskaraz izatea bermatzeak.

Zeharka, ume horien gurasoak ere taldekatzen dira. Guraso taldeak ikasgelen araberakoak izan ohi dira. Beraz, umeen taldekatze honek, helduen artean beste arnasgune batzuk sortzen laguntzen du, eta, ondorioz, ikastetxetik kanpo eta helduen artean euskararen erabilera handitu dezake, aldi berean umeentzat eredu bihurtuz.

Abantailak euskal hiztunentzat ez ezik, gainerakoentzat ere badira. Ikastetxean ume batzuen ohiko hizkuntza euskara izatea positiboa izan daiteke. Modu horretan, erdaraz aritzen diren umeek ez dute euskara soilik autoritatearekin edo hezkuntza eremuarekin lotuko, beraien berdinekin ere lotu dezakete.

Baina umeak horrela taldekatu eta listo? Euskaldundu beharreko ikastalde homogeneoak izateak lagungarri izan beharko luke haiekin esku-hartze espezifikoagoak egiteko. Hor dago eztabaida guzti honetan askotan eztabaidatik kanpo geratzen den puntu garrantzitsuenetako bat: zein hizkuntza politika eta baliabide jarriko ditugu erdaldunen taldeetan?

Edozein ikastetxeren lehentasunezko helburuetako batek ume erdaldunak ahalik eta lasterren eta hobekien euskalduntzea izan beharko luke, gutxienez bi arrazoirengatik. Bat, euskara gutxienik beren ikasketetarako hizkuntza izango delako. Eta euskararen ezagutza nahikorik gabe ume horiek desabantailan uzten ari gara. Euskara menperatzen ez duten bitartean, zailtasun gehiago izango dituzte arrakasta akademikorako, nahi eta nahi ez. Bigarrena, ikastaldeen nahasketa ematen denean ume guztiek ez badute euskara gaitasun minimo bat, taldekatze proposamen honek indarra galtzen du, umeen arteko hizkuntza euskara izateko aukera oso txikia litzatekeelako berriro ere.

Beraz, taldekatze hauek baliatu beharko lirateke ume zein gurasoekin esku-hartze espezifikoagoak egin eta euskalduntzean azeleratzeko. Adibidez, ikastalde erdaldunen ratioak txikituz. Talde horietan bikoizketa gehiago eginez. Esperientzia eta formakuntza gehien duten irakasleak talde erdaldunetara bideratuz. Eskolaz kanpoko euskarazko jardueretarako bekak emanez. Familia hauen euskararen aldeko jarrera aktiboa indartuz. Bertan euskararen presentzia areagotuz edo euskarazko kulturaren erreferentziak ezagutaraziz eta sustatuz.

Ertz asko geratzen zaizkit ukitzeke. Hizkuntzaren araberako ikastalde homogeneoak sortzea ez da irtenbide magikoa, ezta akaso bakarra ere. Taldekatzeak bakarrik ezer gutxi konponduko du, ikastetxean bertan neurri eta baliabide gehiago jartzen ez badira. Baina hori eginez gero, ume euskal hiztunentzat ez ezik, gainerakoentzat ere baliagarria delakoan nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.