Tubacexen ez dute akordiorik lortu, eta baliteke 136 langile kaleratzea

Zuzendaritzak hamabost egun ditu orain enplegu erregulazioa osorik egingo duen erabakitzeko. Langile batzordeak adierazi du grebari eutsiko diola eta auzitara joko duela kaleratzeak salatzeko

Tubacexeko langile ugari Bilboko hotelaren atarian izan ziren protestan, bilerak iraun zuen bitartean. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
aitor biain
<i>Gasteiz</i>
2021eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Tubacexen enplegu erregulazio txostena adosteko negoziazioak ez du fruiturik eman; ez dute akordiorik lortu zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien arteko azken bileran. Azken ordura arte egon dira mahaiaren bueltan bi aldeak, baina, jarrerak urrun zeudela berretsi ondoren, amaitutzat eman dute negoziazioa. Gauzak horrela, enpresari dagokio orain lan erregulazioa osorik egingo duen edo ez erabakitzea. Hasieran, 150 behargin kaleratzeko asmoa azaldu zuen, baina 136ra murriztu zuen aurreko astean. Langile batzordeak dagoeneko aurreratu du, ordea, neurria epaitegietara eramango duela eta grebari eutsiko diotela.

Kolpe handia izan daiteke Aiaraldea eskualdearentzat. Ia 800 behargin ditu enpresak Amurrioko eta Laudioko plantetan, TTIn eta Aceralavan, eta lantaldearen ia %20k gal dezake lanpostua enpresak esandakoa betetzen badu. Horiei gehitu behar zaizkie, gainera, azken hilabeteetan kontratua berritu ez dieten behin-behineko langileak eta aldi baterako erregulazioan jarri nahi dituzten gainerako beharginak.

Langileen ordezkariek esana zuten ez zutela kaleratze bakar bat ere onartuko, eta erabaki horri eutsi diote bukaerara arte. Izan ere, batzordeak «aho batez» erabaki du zuzendaritzaren azken proposamenari uko egitea. Eduardo Ibernia batzordeko presidenteak (ELA) sarean eskegitako bideo batean azaldu duenez, borondatezko kaleratzeen baldintzak «zertxobait hobetzea» proposatu diete, baina batzordeak hasierako «konpromisoari» eustea hobetsi du. Ibarniak aurreratu du greban jarraituko dutela: «Etapa bat amaitu da, baina borrokan jarraituko dugu kaleratze bakar bat ere egon ez dadin». Eskerrak eman dizkie azken egunetan babesa eta elkartasuna adierazi dieten guztiei.

Bilera, Bilbon

Langileek otsailaren 15ean hasi zuten greba mugagabea, eta, harrezkero, egunero aritu dira beren lanpostuaren alde protestan, enpresaren atarian. Atzo ere hala egin zuten, eta zuzendaritzako kideei enpresarako sarrera oztopatu zieten. Hori horrela, negoziazioen azken bilera Bilbora lekualdatzea erabaki zuten enpresako arduradunek. Bizkaiko hiriburuko Kale Nagusiko NH hotelean egin zuten, kanpoan protesta egiten ari ziren langileen zaratarekin. Hasiera ordua atzeratu bazen ere, bilerak ez zuen asko iraun, eta berehala jo zuten bukatutzat negoziazioa.

Enpresak orain hamabost egun ditu kaleratzeen berri emateko. Esandakoa betetzen badu, 136 langile kaleratuko ditu denera. Sindikatuen arabera, halere, hamabi langilek hartu dute erretiro aurreratua, eta beste hamabik onartu dute lana borondatez uzteko eskaintza; LABen arabera, ordea, zuzendaritzak atzera bota ditu horietako biren eskaerak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.