Nafarroako dekretuaren aurka protestara deitu dute sindikatuek

Merezimenduen dekretuak «euskal hiztunak gutxiesten» dituela salatu dute

Sindikatuetako ordezkariak, atzo egin zuten agerraldian. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2022ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Nafarroan beharrezkoak dira «euskal hiztunak ez gutxiesteko eta nafar guztien eskubideak bermatzeko politikak». Aitzitik, merezimenduen dekretu berria «kontrako noranzkoan» doala azaldu dute, eta horregatik egin dute bat sindikatuek Euskalgintzaren Kontseiluak maiatzaren 7rako Iruñean antolatu duen mobilizazioarekin. Iruñeko Katakrak aretoan agerraldia egin zuten atzo Nafarroako ELA, LAB, Steilas eta ESK sindikatuetako ordezkari Imanol Pascualek (ELA), Imanol Karrerak (LAB), Ixabel Artiedak (LAB), Maitane Urabaienek (Steilas), Eider Larripak (Steilas) eta Xabier Barberrek (ESK); Nafarroako Gobernua administrazio publikoetan euskararen ezagutza baloratzeko prestatzen ari den merezimenduen dekretuaz aritu dira.

Euskara, zokoratuta

Sindikatuetako ordezkariak oso kritiko agertu dira gobernuak aurkeztu dien zirriborroarekin. Imanol Pascualek nabarmendu du euskara kontuan hartu beharko litzatekeela Nafarroa osoan, «hizkuntza propioa den heinean». «Printzipio hori errespetatzen ez duen araudi orok mespretxatu egiten ditu euskal hiztunak», gaineratu du. Horrez gain, ELAko kideak azaldu du UPNk eta CDNk 2009. urtean onartutako dekretua bera baino are atzerakoiagoa dela arau berria: «Dekretu hark ikuspegi eskuzabalagoa zuen eremu misto delakoan». Izan ere, Pascualen arabera, PSNren gobernuak onartu nahi duen dekretuak «ezabatu egiten du zerbitzu zentralen espezifikotasuna», hau da, herrialde osoa jardun eremutzat daukaten zerbitzu orokorrak. «Kenduta, desagertu egiten da eremu jakin batera mugatuta ez dauden zerbitzuetan euskararen ezagutza baloratzeko aukera».

LABeko ordezkari Imanol Karrerak eta Ixabel Artiedak azaldu dute ez dagoela arrazoirik herritarren hizkuntza eskubideak «irizpide geografikoen mende» egoteko: «Ez dago justifikaziorik eremu mistoan eta eremu ez-euskaldun deiturikoan hizkuntz eskubideak ezberdinak izateko edo, zuzenean, ez existitzeko». Karrerak azaldu duenez, arau berria indarrean jarrita, eremu mistoko 14 lanpostutan bakarrik baloratuko da euskara. «Horiek bakarrik izanen dute euskarari ematen zaizkion hondarrak jasotzeko zortea, nahiz eta eremu mistoan dauden Nafarroa osoari begirako lanpostuak, eta horiek funtsezkoak eta nahitaezkoak diren».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.