Pintaketa faxistak egin dituzte asteburu honetan Uribe Kostako (Bizkaia) zenbait herritan: Getxon, Erandion eta Leioan, zehazki. Irudiak igande arratsaldean zabaldu ziren, eta denetan ageri da uztailaren 18aren erreferentzia. Izan ere, igandean bete ziren85 urte 1936ko estatu kolpe faxistatik.
Mugimendu abertzalearen aurkako mezuak dira batzuk: Los abertzales moriréis como en el 36 (abertzaleak 36an bezala hilko zarete); Euskal Herria no existe, aquí se habla en español (Euskal Herria ez da existitzen; hemen espainolez hitz egiten da). Matxistak dira besteak: Zorras separatistas os vamos a violar (Urdanga separatistak, bortxatuko zaituztegu). Euskalgintzari ere eraso egin diote, pintaketa bat Algortako Lauaxeta euskaltegiaren atean egin baitute.
Hainbat herritarrek ezabatu dituzte denak, gainetik Gora Euskal Herri euskalduna, feminista eta antifaxista idatzita. Sortuk, Ernaik, Sare Antifaxistak, Haziak Algortako talde feministak, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek salatu egin dituzte pintaketak.
EH Bilduk adierazi du indarkeria faxista azkenaldian bere forma guztietan agertzen ari dela: «Ez dugu onartuko horrelakorik ez gure herrian, ez beste inon». Era berean, Elkarrekin Podemosek «batasunerako» deia egin du, eta «eskuin muturraren erasoen aurrean memoria eta demokrazia» aldarrikatu ditu.
Eragileek elkarretaratzera deitu dute gaurko: 20:00etan batuko dira, Erandioko metro geltokian.
Pintaketa faxistak egin dituzte Uribe Kostako zenbait herritan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu