Koronabirusak erabat baldintzatu du Seaska. Herritarren laguntza ezinbestekotzat jo du Peio Jorajuria lehendakariak.
Nola zaudete ekonomikoki?
Ez da iaz pentsatzen genuen bezain larria. Lortu dugu kontuak hesten, ahal bezala, eskuin eta ezker jaso laguntzekin, baina uste baino luzeago irauten ari da. Goizegi da jakiteko ikastola guziek burua altxatzen ahalko duten.
Nola kudeatzen da ziurgabetasun hori?
Biltzen gara erregularki, neurriak egunean egunekoan hartuz, berriak zainduz, baina biziki zaila da proiekziorik ez ukaitea. Gaur egun, ez dakigu Herri Urrats nola antolatuko dugun. Eta bada ikastolen kudeaketa, egunerokoa, jakin gabe ea ondoko astean ikastola irekia izanen den, zer neurri aplikatu beharko den, nola antolatu beharko den... Luze da afera, baina moldatzen gara.
Hedatzen segitzen duzue hala ere, eta bosgarren kolegioa duzue proiektu.
Ondoko bost urteetan 300 bat ikasle gehiago izanen ditugu kolegioetan, eta ez dugu tokirik horretarako. Krisiak badira, pandemia egoera ez da onena, baina aitzina segitu behar dugu, eta lortuko dugu.
Herritarrei laguntza eskatu diezue.
Boga kanpaina asmatu dugu. Aukera ematen diegu herritarrei zuzenki bosgarren kolegioaren laguntzan parte hartzeko, materiala erosiz: teilak, ateak, leihoak... Aitzakia bat da diru emaitza sinboliko bat egiteko gure proiektuak aitzina eraman ditzagun.
Peio Jorajuria. Seaskako lehendakaria
«Pandemia egoera ez da onena, baina aitzina segitu behar dugu»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu