Minbizia. Bizipenak

«Malkoak barruan gorde behar dituzu askotan»

Ander Figuerido. Semeari tumore bat atzeman zioten 2 urte besterik ez zuela. Figueridok gogoan du kolpea: «Bizitza geratu egiten da: bizitza paralelo bat hasten da». Bazen «argia» tunelaren amaieran, eta osatzen ari da umea.

Ander Figuerido. BERRIA.
Olatz Artola Apeztegia.
2022ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Buruan sartuta geratzen den data horietako bat: 2017ko apirilaren 27a. Ander Figueridok eta bikotekideak «herrenka» sumatu zuten semea, 3 urte betetzear zen mutikotxoa. «Ikusi genuen kozkor bat ere atera zitzaiola hankaren atzeko aldean», gogora ekarri du. Osasun zentrora egin zuten lehen urratsa; Donostia ospitaleko larrialdietara bidali zituzten handik, eta probaz eta ezinegonez beteriko orduen soka luze batean lehenak izan ziren haiek. Erizainak dira biak, eta Figeridok onartu du aurki burura etorri zitzaizkiela diagnostikoaren ilunari buruzko kezkak: «Horrenbeste mugimendurekin, gure susmoak handitu egin ziren. Hurrengo egunean bertan erresonantzia bat egin zioten, eta ikusi zen tumore bat zuela». Areago: biriketan «metastasiak» ere bazirela ikusi zuten. «Bizitza geratu egiten da», onartu du: «Bizitza paralelo bat hasten da».

Umea txikia zen oso, eta minbizia hitzaren larritasunaz ez zen jabetzen. «Berak ez zuen beldur hori». Haiek bai, baina babesa ere izan zutela adierazi du, osasun sisteman bertan: «Medikuena, erizainena, laguntzaileena, ...». Minbizia hitza ebakitzeko beldurrik gabe bizitzaren ertz horietan abaroa ematen saiatzen diren eragile oso bereziena: Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek propio haur minbizidunen eta familien bizitza arintzeko egiten duten lana nabarmendu nahi du. «Eskerrik asko». Eta Aspanogi Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkartearena: «Izugarrizko lana egiten dute».

Oroitzen du umearen ulertzeko erara moldatzeko moduko ikurrak eta tresnak baliatu zituztela hari gaitza eta haren ondorioak azaltzeko. «Nik uste dut nahiko ondo eraman genuela, beldurrak beldur». Une zailak izan ziren. «Askotan malko-jarioari eutsi behar diozu, edo gelatik atera behar duzu». Eta albiste artegagarriak izan ziren bidean: «Xabierren biziraupen esperantza %25ekoa-edo zen». Hainbat tratamendu mota jarraitu behar izan zituen; «argitzen» hasi zen. «Baina prozesua oso luzea da». Hilabeteak eta hilabeteak izan ziren. «Eta traba pila bat dituzu bidean». Besteak beste, tratamenduek eragindako albo ondorioek sortutakoak. COVID-19ari aurre egite aldera urteotan asalduraz hartu diren bakartze neurrien arrangurak aurrez ezagutu zituzten haiek, minbiziak —eta beste hainbat eritasunek— jotako beste familia askoren gisan: «Bizi izan ditugu pandemiaren ondorioak aurretik: maskara erabili beharra, toki itxietan ezin sartu infekzioak saihesteko, ikastolara ezin joan, familiarekin ezin egon, lagunekin ere ez... Ez da bakarrik tratamendua; horrek dakarren guztia ere bai».

«Tetrisa» etxean

Etxeko martxako «tetrisari» erantzutea ere zaila izan zen askotan. Beste seme txiki bat bazuten, eta betebeharrak. «Nik askotan hamar egun segidan egiten nituen erietxean. Hamar egun egiten nituen seme txikia ikusi gabe. Berak ere, hein batean, pairatu du gaixotasuna». Orain, onbidean dago prozesua. «Oraindik ere probekin-eta jarraitzen du. Guztiz alta eman arte ez dut esango sendatuta dagoenik. Beti daukat beldurtxo bat hor. Baina pixkanaka probak luzatzen doaz, eta hurrengo urteko ekainean alta ematea da asmoa». Beste ume bat ere badute orain etxean. Eta prozesuak utzitako arrastoa aski sakona da: «Zoritxarrez, gehiago ikasten dugu txarretik onetik baino. Halako prozesu batek oraindik gehiago irekitzen dizkizu begiak, eta saiatzen zara ahalik eta zuku gehien ateratzen bizitzari».

Ikusi gehiago:

Minbizia: muinera hamar galderatan

«'Leuzemia' hitza esatea ere kostatu egin zitzaidan»

«Aldarrikatzen dut nire gorputza bular bakarrarekin»

«Pazienteari entzun egin behar dio medikuak»

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.