Azterlana aurrean duela, horren bidez atera behar diren ikasbideez jardun du Garikoitz Goikoetxea (Elduain, Gipuzkoa, 1989) UEMAko teknikariak. Ikerketa honen datuek aurrez hainbat ikerketak erakutsitakoak «berresten» dituztela nabarmendu du. Egoera zein den esplikatze aldera, txanpon baten bi aldeen irudia erabili du. «Euskal Herrian bi joera ikusten dira», azaldu du: «Batetik dauzkagu eremu erdaldunagoak, non euskararen ezagutza aurrera ari den, baina erabileran eragiteko egituretan hutsuneak dauzkagun; txanponaren beste aldean izango genituzke udalerri euskaldunak, non euskararen ezagutza zabalagoa den eta erabilera ere handiagoa den, baina aldi berean ikusten ari gara bilakaera ezberdina daramatela».
Ikusi gehiago:«Gainbehera» zantzuak ageri dira arnasguneetako hainbat datutan
Ezagutza, transmisioa, erabilera eta jarrera aztertzen ditu Inkesta Soziolinguistikoak. Atalez atal, zer berezitasun daude gai horietan eremu euskaldunenetan?
Udalerri euskaldunak oro har hartuta, azken inkestako datuak ez dira txarrak; badaukagu oinarri sendo bat: %76 euskaldunak dira. Egia da azken inkesta honetan koska bat irabazi dugula, baina gainbehera batetik gatoz. Badirudi orain gorantz goazela, baina gorakada hori ez dago arnasguneekin lotuta, baizik eta hirugarren guneko udalerri euskaldun horiekin. UEMAn azkena sartu diren herriei buruz ari naiz: Hernaniren eta Astigarragaren tipologiakoei buruz. Transmisioari dagokionez, Euskal Herriko joera orokorrak ikusten dira gutxi-asko; ikusten da euskaldunen profila nola ari den aldatzen, gero eta euskaldun gehiago ditugulako euskara bigarren hizkuntza gisa ikasi dutenak. Gero, badago datu bat bereziki udalerri euskaldunak eta bereziki arnasguneak gainerako eremuetatik bereizten dituena; etxean euskara jaso dutenen ehunekoa handiagoa da udalerri euskaldunetan, eta horrek erabilera baldintzak sortzen ditu, eta erabilerarako aukerak sortzen ditu; inportantea da transmisioaren gai hori, beste ikerketa batzuetan ere ikusi dugulako euskararen transmisioa handiagoa dela inguru euskaldunenetan. Askotan pentsatzen dugu transmisioa etxeko erabakia soilik dela, norbanakoena, baina ikusten da inguruak ere baldintzatzen duela.
Erabilerari begira zer ageri da? Jarreraren inguruan?
Hirugarren gunean, euskararen erabilerak igoera adierazgarria izan du; aldiz, laugarren gunean begiratzen badugu, hor baditugu gorabehera handiagoak. Bukatzeko, jarreren gaia: nik uste dut udalerri euskaldunetan badaukagula indargune oso inportante bat, eta zera da, euskara sustatzearen aurkako jarrera oso-oso bazterrekoa dela. Eta berriro noa testuinguruaren garrantzira; badakigu euskararen ezagutzaren arabera asko aldatzen dela euskararen inguruko jarrera; baina udalerri euskaldunetako erdaldunen jarrera askoz ere positiboagoa da inguru erdaldunagoetako erdaldunen jarrerarekin konparatuta, eta uste dut horrek oinarri bat jartzen digula euskara sustatzeko politika aurreratuagoak egiteko.
4. eremu soziolinguistikoan, bereziki arnasgunetzat hartu behar dituen eremuetara begira, zer ari da gertatzen?
Faktore asko aipatu beharko genituzke. Lehenik eta behin, nabarmena da biztanleria aldaketa handia gertatu dela. UEMAn askotan esan da. 2010eko hamarkadan, etxebizitzak egiteko boom horren barruan, biztanleria hazkunde handia izan zuten udalerri euskaldunek, eta bereziki arnasguneek; hor jende mugimendu handiak gertatu ziren. Jende mugimendu handiak esaten dudanean, ez dut esan nahi beste herrialde batetik etorritako migrazioa: hori ere gertatu da, baina esango nuke horrek adinako inpaktua edo handiagoa izan zutela Euskal Herri barruko biztanleen mugimenduek; alegia, hiriguneetatik eta inguru erdaldunagoetatik mugitu ziren hainbat biztanle arnasguneetara, horrek daukan inpaktuarekin. Non ikusten da inpaktu hori bereziki? Inkesta honetan bai, eta aurrez Euskal Autonomia Erkidegoko zentsuan ere bai; euskararen ezagutzak behera egin du arnasguneetan, baina bereziki behera egin du lehen hizkuntzaren aldagaiak. Hori da herritarrek umetan etxean jasotako hizkuntza.
Zer gertatu da ezaugarri horri begira arnasguneetan?
Euskaldunen kopurua edo ehunekoa ez da horrenbeste jaitsi, baina dauden euskaldunen profila bestelakoa da; erdaraz hobeto moldatzen diren euskaldunak, euskaraz egiteko horrenbesteko ohiturarik ez dutenak, orain arte gizarte sarea gaztelaniazkoa izan dutenak...Profil aldaketa hori gertatu da, eta horrek zuzen-zuzenean inpaktu bat dauka. Uste dut hori faktore inportante bat dela, eta badaude beste batzuk horren inguruan dabiltzanak. Hor aipatu beharko genuke, esaterako, arnasguneen gero eta bakartze txikiagoa; gaur egun, arnasgune bateko gazte batek sarbidea dauka hiriburu handi bateko euskaldun batek sarbidea izan dezakeen edozein eremutara.
UEMA eskatzen ari da faktore horien eragina samurtzen lagun dezaketen politikak jartzea. Egokia izan daiteke orain berriz horiek gogora ekartzea. Zein dira?
Lehenik eta behin, tokatzen zaigu, eta uste dut azken urte hauetan pauso handiak eman direla horretan: begiak irekitzea ikusteko arnasguneetan zer gertatzen ari den. Askotan, irudi arrosa bat izaten da arnasguneen eta udalerri euskaldunen gainean: nolabait ere, euskaraz bizi diren udalerriak direla, oasi bat non jende guztiak euskaraz egiten duen. Jende askok egiten du arnasguneetan euskaraz, horregatik dira ezinbestekoak euskararen biziberritze prozesutan, baina ikusi behar dugu arnasguneetan zer gertatzen ari den: lehen pausoa hori da. EAEko legerian txertatu da, adibidez, hirigintzan, etxebizitza-eta egitean, horren eragin linguistikoa aztertzea; lehen neurri bat da. Uste dut hortik harago eragiten ere hasi behar dugula.