Graxi Etxebehere bakegile eta militante abertzalea zendu da, 72 urte zituela, minbiziak jota. Astearte iluntzean eman zuen azken arnasa. Ortzaizeko Ibarnia etxean jaio zen (Nafarroa Beherea), eta bake prozesuan engaiatua zen: «Desarmatu nahia lagundu dut», adierazi zion BERRIAri, 2015eko uztailaren 10ean, Terexa Lekunberri, Jeff Mateo, Iñaki Reta eta Xabier Goienetxea atxilotu eta egun batzuetara. 2011 eta 2013 bitartean, Osloko elkarrizketetan Espainiako Gobernua agertu ez, eta ETAk bere kabuz desarmatze prozesua hasi zuen nazioarteko eragileekin harremanean. Etxebeherek, Lekunberrik eta Mateok bezalaxe, prozesu horren laguntzan parte hartu zuen, historiari «harri ttipia» ekarri ziola erranik, bere etxeko ateak ireki baitzizkien Reta eta Goienetxea ustezko bi etakideei: «Pentsatzen badute ETA laguntzea ETAkoa izatea dela, kaka dela haientzat, pentsa dezatela nahi dutena», aitortu zuen Irulegiko Irratiko Ahapetik saioan, joan den urtean egindako adierazpen batzuetan.
Estatuaren partetik «mendeku nahia» nabaritu zuen 2015eko uztaileko atxiloketa haietan. «Segur nintzen ez nindutela preso eraman etxean nituen bi mutikoengatik, baizik eta ni naizenagatik», azaldu zuen. «Desarmatzea laguntzetik pasatu behar da prozesura», aitortu zion BERRIAri 2015ean, eta 2016ko abenduko Luhusoko desarmatze prozesuko herritar engaiatua zen Etxebehere.
Etxean zituen iheslariekin harreman «aberatsa» nabarmendu zuen, bestalde. «Etxean norbait gordea delarik, ez da gezurrik: zu zaren bezalakoa agertzen zara», aitortu zuen irratian izandako solasaldi batean. Altruista izanik, argiki onartu zuen ezen bakearen alde lan eginik ere presondegian pasatu zituen urteek «esperientzia handia» eman ziotela.
Erreakzio ugari
Hain justu ere, aurrez ere engaiatua zen. 1992an atxilotua izan zen, ETAko ustezko kide batzuk aterpetzeagatik. «Ahal nuen heinean, zerbitzu bat galdegitean, entseatzen nintzen betetzen», azaldu izan zuen. Agerikoa izan zen atzo egun osoan zehar harekiko miresmena. Sareetan, dolumin eta atsekabe mezu ugari izan ziren.
«Emazte handi bat joan zaigu! Bakegile nekaezina! Milesker emandako guziagatik. Adiorik ez, Grazi», adierazi zuten Bakegileek. Anita Lopepe EH Baiko bozeramaileak Etxebehereren «eskuzabaltasuna», «humanismoa» eta «abertzaletasuna» azpimarratu zituen, bai eta haren «indarra» ere. «Monumentu bat joan zaigu», idatzi zuen Lopepek sare sozialetan. «Milesker, Graxi, herri honi eman diozun guziagatik. Milesker zure ondoan ikasitako guziagatik. Agur eta ohore!».
EH Baik berak ere zabaldu zuen dolumin mezua, eta Etxebehereren hitzak paratu zituen sare sozialetan, haren militantzia goresteko: «Emateak ekarri dit zoriona; ez hainbeste jasotzeak». Eta ondorengoa erantsi: «Euskal Herriaren aldeko borrokan segituko dugunongan bizi-bizirik iraunen duzu, Grazi». Anaiz Funosas Bake Bideko eledunak azpimarratu zuen militante «nekaezina, zintzoa eta leiala» izan zela, bai eta «eskuzabala eta maitekorra» ere. Hark egindako ekarpen «handia» goretsi zuen.
Bide beretik jo zuen Sortuk ere. Etxebehere «abertzale militantea eta konprometitua» zela gogoratu zuen, eta presoen aldeko dinamikaren balioak «ezin hobeki gorpuzten» zituela ere bai. «Izar berri bat piztu da Euskal Herriko zeru gainean», idatzi zuen alderdiak sare sozialetan, eta «herria egiteagatik» eskerrak eman zizkion. Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek Etxebehereren «konpromisoa» eta «eskuzabaltasuna» nabarmendu zituen, eta doluminak bidali zizkien haren lagunei, senideei eta burkideei.
Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak ere gogoan izan zuen bakegile zendua. Etxebeherek erakutsitako «konpromisoa» goratu nahi izan zuen Otegik mezu batean: «Emakume handia, konprometitua, militantea, abertzalea eta ezkertiarra. Bake artisaua eta betiere burkide eta laguna». EH Bilduko koordinatzaile nagusiaren hitzetan, «ohore handia» izan da Etxebehererekin «askapen prozesuaren bidean» lan egitea.
EH Bilduko beste kide batzuek ere agertu zuten atsekabea heriotzagatik. Besteak beste, Bel Pozueta diputatuak eta Maddalen Iriarte Gipuzkoako batzarkideak mezu bana idatzi zuten samina agertzeko.«Justizia, nafartasuna eta euskara. Bizitza osoan tinko defendatu dituzun aldarriak oztopo guztien gainetik», adierazi zuen Pozuetak. Etxebehere emakume «borrokalari, nekaezin, eredugarri eta baikorra» izan zela azpimarratu zuen. Iriartek ere miresmena agertu zion bakegileari: «Herri hobe baten artisaua».
Sarek ere doluminak agertu zituen. Bakegile «eskuzabala» eta «nekaezina» izan zela gogoratu zuen, eta hark hasitako bidean aurrera jarraituko dutela gaineratu.
Elizbarrutiaren aurka
Herritar talde batek bake prozesua eramatearen helburua beterik, Etxebeherek bere herriarentzat ere, Ortzaizerentzat, hainbat borroka eraman zituen. Izan ere, behin baino gehiagotan azaldu zuen auzitan jarri zuela Ortzaizeko diozesa; herrian bertan gelditzen ziren etxe eta azpiegiturak, berez herriarentzat emanak zirenak, elizbarrutiak sorturiko elkarteengandik hartuak zirela salatu zuen. Auzia irabazi, eta borroka judizialaz akitua zen: «Kostatu zait osasunaren aldetik ere hau lortzea; ez nuen onartzen ahal Ortzaizek galduko zuen etxe bat ikustea Elizaren eskuetan».
Akituezina zen Etxebehere bere borroketan: «Deabruaren aztaparretatik kendu ditugu ontasun batzuk, eta orain ikusiko da». Nahiz eta testuingurua aldatu den, berriki arte eramaniko borrokez aritu izan da, esperantzaz beterik: «Euskal Herriarengan badut fedea, jakinen du bere bidea egiten».
Hilberria
Graxi Etxebehere hil da
72 urte zituela hil da, minbiziak jota. Bakearekin engaiatu zen, eta Luhusoko desarmatze prozesuan parte hartu zuen. Atsekabe handia eragin du heriotzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu