Gerra Ukrainan. Merkataritza harremanak

Kazakhstan da bide bakarra

Mendebaldearen zigorren ondorioz Errusiara zuzenean esportatu ezin diren produktuak auzo herrialdeetan geldialdia eginez ari dira iristen helmugara

Kazakhstanen independentziaren aldeko monumentua, Astana hirian. KULPASH KONYROVA / EFE.
IkerAranburu
2023ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Zer gertatzen da pakete bat dakarren mezulariak jasotzailea etxean aurkitzen ez badu? Ohikoa da bizilagunari uzten saiatzea, hark entrega dezan. Bada, antzeko zeozer gertatzen ari da gaur egun nazioarteko merkataritzan: Mendebaldeko gobernuek jarritako zigorren ondorioz, Errusia hartzaile duten merkantzia asko haren auzo herrialdeetara iristen ari dira, eta horiek arduratzen ari dira orain banaketa amaitzeaz.

Ikusi gehiago:EBk Errusiatik egindako inportazioak erdira apaldu ziren 2022 amaierarako

EBRD Berreraikitze eta Garapenerako Europako Bankuaren ikerketa baten arabera, Kazakhstan, Kirgizistan eta Armenia dira bizilagun eskuzabal horiek. Hirurek, Errusiarekin eta Bielorrusiarekin batera, aduana batasun bat osatzen dute, eta horrek erraztasuna ematen die Mendebaldearen zigorrei izkin egin nahi dietenei: nahikoa da ondasuna haietako batera iristea, eta kamioi, tren edo hegazkin batean sartzea Errusiara irits dadin. Behin lehen kontrola igarota, bidea zabalik du, legerik hautsi gabe.

EBRDren azterketak legezko bideetatik egindako esportazioak soilik hartzen ditu kontuan, baina pentsatzekoa da garai batean lege barruan egiten ziren salerosketa batzuk orain kontrabandoaren bidez egiten direla.

Aduanetatik igaro diren merkantzien datuak argigarriak dira. 2022ko martxoan Errusiaren aurkako lehen zigor ekonomikoak ezarri zirenetik urte horretako abuztura arte, %50 jaitsi ziren Europako Batasuneko eta Erresuma Batuko enpresek Errusiara egindako esportazioak. Aldi berean, Armeniara, Kazakhstanera eta Kirgizistanera egindako esportazioak asko handitu ziren maiatzetik uztailera, 2017-2019ko batezbestekoarekin alderatuz gero: %5 eta %90 artean, produktuaren arabera.

Debekatutako produktuen Errusiarako esportazioak are gehiago txikitu ziren, eta %30 handitu ziren Armeniara, Kazakhstanera eta Kirgizistanera egindakoak. Edonola ere, esportazio horiek Errusiak galdutakoen zati txiki bat baizik ez zuten estali, %5 inguru.

Esportazioen hazkundea gutxika gertatu da; hau da, apalagoa izan zela martxoan eta bizkorragoa abuztuan. Hori ikusita, EBRDk ondorioztatu du bi eta lau hilabete artean behar direla abian jarritako esportazio sareak martxa onean funtziona dezan.

Beste ondorio bat ere atera du EBRDk: gehiago handitu da kontsumo ondasunen esportazioa, eta, batez ere, produktu jakin batzuena. Horrek pare bat gauza esan nahi ditu: batetik, errusiar asko prest zeudela diru gehiago ordaintzeko produktu jakin bat jaso ahal izateko; bestetik, EBko makinak edo bestelako osagaiak baliatzen dituzten Errusiako ekoizleentzat errazagoa izan dela produktu horientzat ordezkoak aurkitzea; Txinan batez ere.

Beste hitz batzuetan esanda, Mercedes bat edo Louis Vuiton bat nahi izan duenak lortu egin duela produktu originala —bitartekariaren faktura ordainduta, noski—, baina beste askok ordezkoarekin moldatu behar izan dutela, haien bezeroak ez zeudelako prest kostu gehigarri hori beren gainean hartzeko.

Autoak eta konputagailuak

Autoen adibidea oso argigarria da: Errusiak galdutako inportazioen %50 bete dituzte Armeniara, Kazakhstanera, Kirgizistanera eta Georgiara egindako auto esportazio berriek. EBk eta Erresuma Batuak Errusiara egindako auto salmentak 178 milioi dolar jaitsi ziren maiatzetik abuztura, eta 113 milioira iritsi ziren lau herrialde horietara egindako inportazioak —hamar milioi soilik ziren 2017-2021 epean—. Garbigailuetan, esportazioen ordezkapena %70era iritsi da eta margoetan, %90era.

Konputagailuei dagokienez, hiru herrialdeetara egindako esportazioek bikoiztu egin dute Errusiak galdutakoa. Zati bat lotuta egon daiteke ehunka mila errusiar beren herrialdetik atera izanarekin, batez ere Vladimir Putinek mobilizazio partzial bat deitu zuenetik. Hau da, Tbilisira eta Astanarara presaka lekualdatutako errusiarrek konputagailu berriak erosi behar izan dituztela.

EBRDk aztertutako hiru herrialdeetatik, Kazakhstan da agian esanguratsuena. Hark soilik du muga zuzena Errusiarekin; are gehiago, bien arteko 6.846 kilometroko muga bi herrialderen arteko lurreko mugarik handiena da. Gainera, errusiar jatorrikoa da Kazakhstaneko bost herritarretik bat.

Muga handi hori zeharkatzeko bisarik behar ez denez, mobilizazio militarretik ihes egin zuten 930.000 errusiar Kazakhastanera iritsi ziren. Horietatik gehienak beste alde batera alde egin dute, baina 2022 bukaeran ia 150.000 geratzen ziren han, Kazakhstaneko Barne Ministerioaren arabera.

EBRDren azterketak esaten du pertsonen kontrako bidea egin dute milaka ibilgailuk, traktorek eta nekazaritzarako beste makinak, elektronikako produktuak eta punpak. Etxetresnen trafikoa ere ez da makala izan: Kazakhstanek mila milioi euroren balioa duten etxetresnak inportatu zituen EBtik 2022ko abenduan, urtebete lehenago baino lau aldiz gehiago. Kasualitatea? Nekez. Ukrainako armadak ziurtatu izan du errusiarrei hartutako material militarretan etxetresna arruntetan jarri ohi diren mikrotxipak zeudela.

Turkia eta Txina

Turkiaren eta Txinaren kasuak ere aztertu ditu EBRDk, eta ondorioztatu du haiek egindako esportazioek bete dutela neurri handi batean Mendebaldeko produktuek utzitako hutsunea. Turkiatik Errusiarako esportazioak jaitsi egin ziren inbasioaren lehen bi hilabeteetan, baina markak hautsi dituzte orduz gero.

Hazkunde «estratosferikoa» izan da, berriz, Turkiatik Armeniara, Kazakhstanera, Kirgizistanera eta Georgiara egindako salmentetan, egia bada ere oso maila txikitik abiatu zirela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.