Mila Salterainen (Durango, Bizkaia, 1955) bigarren nobela da Azeri-dantza (Txalaparta, 2017). Joan den urte amaieran ikusi zuen argia, Durangoko Azokaren bezperetan. Bere lehen liburua bezala, eleberri historikoa da hau ere. XII. mendean kokatuta zegoen Erresumaren ilunsentia (Txalaparta, 2014), XVI. mendeko lehen urteetan hau, 1512ko Nafarroako Erresumaren inbasioaren garaian, hain zuzen ere. Biek ala biek dute Durangaldea gertaleku.
Tabiran —Durango hiria gaur egun— abiatzen da kontakizuna, eta Osantza Aranguren protagonistaren nondik-norakoak jarraituz ematen du Gaztelak Nafarroaren aurka ekindako gerrak Durangaldean izan zituen ondorioen berri. Gaztelako koroaren aginduetara Nafarroari eraso beharrean Nafarroako Erresuma defendatzeko borrokan aritu ziren pertsonaia batzuen berri ematen du nobelak, hainbat pertsonaia eta gertakari historikotan oinarrituta.
Nobela mardula da Azeri-dantza, dokumentazio lan handian oinarritzen dena, eta eleberriaren baitako istorioek orduko bizitzaren berri izateko balio dute: egoera sozioekonomikoa, ohitura eta tradizio kultural eta erlijiosoak... Behe Erdi Aroko azken mementoetako gizartearen funtzionamendua ageri da liburuan, Osantzaren, 20 urte inguruko emakume gazte bizkorraren, perspektibatik.
Hainbat hari narratibok zeharkatzen dute eleberria: Osantza Aranguren protagonistaren eta Tabirako alkate Martin Arteagaren arteko harremana da bat; Nafarroako konkista eta haren aurkako erresistentziaren antolaketarena beste bat; Funesko Petrik XII. mendean egin zuen Iruñeko Biblia ilustratu heretikoaren —eta Arteaga eta Aranguren familien— misterioarena bestea. Horiek eta beste hainbat azpi-trama txirikordatzen dira Erdi Aro amaierako egunerokotasuneko gorabehera eta tirabirekin. Horrekin lotuta, mamu baten gisa ageri da inkisizioa eleberrian zehar, lauso hasieran, baina amaierarako oso argi, Osantzak egiaz gertatutakoaren berri izandakoan, Gaztelaren eta Elizaren —eta, zeharka, beste hainbat botere faktikoren— errepresioaren tresna gisa.
Idazkerari dagokionez, aipagarria da Salterainek erabiltzen dituen hizkuntza eta hizkeren aberastasuna. Hainbat elkarrizketa eta gogoeta bere horretan ematen ditu, izan garaiko gazteleraz, euskalki desberdinetan edo latinez —azken honetan testuen transkripzioak, batez ere—, eta bestelakoan euskara batua darabil gehienbat, garaiari eta inguruari dagokien lexiko berezituz jantzia.
Eleberrian barneratzea kostatu zaidan arren —pertsonaien, lekuaren eta garaiaren aurkezpen patxadatsuari tramaren geldotasuna gehitzen zaio—, atalez atal errime egiten du aurrera istorioak. Zalantza izan dut pasarte batzuetan hainbat xehetasun ematea ezinbestekoa ote zen, data, datu eta bestelako informazio konkretuak —istorioa historian kokatzen dutenak— erritmoa balaztatzen baitute tarteka. Trama gidatzen duen intrigak sortzen duen tentsioak amaiera arte eusten dio, ordea, bukaeran korapiloak askatzen direnean istorioa osotasunean ulertzeko beharrezko informazioa ematen delarik, irakurleari kontakizunaren irudi osoa erakutsiz. Merezi du iraganeko garai eta lekuetara itzultzeko indarra egiteak, liburuak kontatzen duen istorioa ez baita soilik XVI. mendeaz ari, orainaldiaz ere ari da.
Literatura. 'Azeri-dantza'
XVI. mendeko erresistentziak
Idazlea: Mila Salterain. Argitaletxea: Txalaparta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu