Nerea Osinalde.
ARGI ALDIAN

Alkoholak zahartzen gaitu

2022ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Alkohola biztanleriak gehien kontsumitzen duen substantzia psikoaktiboa da. Gure gizartean haren kontsumoa oso errotua dago, batez ere ospakizunetan, nahiz eta jakin badakigun ez dela osasuntsua. Epe laburrean, jokabide arriskutsuak sustatzen ditu, segurtasun-sentsazio faltsua eragiten du, eta errendimendu fisikoa zein intelektuala murrizten ditu. Hori gutxi ez, eta epe luzera, gaixotasun kroniko latzak edota hilgarriak ez ezik, zahartze goiztiarra ere eragiten du.

Zahartzea organismo ororen patua da, ekidin ezina. Izan ere, genetikoki zahartzeko programatuta gaude. Hala ere, kanpo faktoreek, esaterako eguzki esposizioak, dietak, erretzeak edo alkohol kontsumoak, genetikak baino eragin handiagoa dute zahartze prozesuan. Zahartzearen jatorriari buruzko teoria guztien artean, egun, estres oxidatiboaren teoria gailentzen da. Eta noiz sortzen da estres hori? Bada, oxigenoaren espezie erreaktiboen eta antioxidatzaileen arteko desoreka gertatzen denean. Ondorioz, biomolekulak kaltetzen dira, eta zelulek ezin dituzte oinarrizko funtzioak bete.

Alkoholaren kontsumoak zahartze prozesua azkartzen du, hain zuzen ere, estres oxidatiboa eragiten duelako. Gibelean alkohol deshidrogenasa eta zitokromo P450 2E1 entzimek alkohola metabolizatzen dutenean, azetaldehidoa ekoizteaz gain, oxigenoaren espezie erreaktiboak (ROS) edo erradikal askeak askatzen dituzte. Zenbat eta alkohol gehiago kontsumitu, orduan eta ROS gehiago ekoizten dira, eta ondorioz, larriagoa da estres oxidatiboa.

Berriki, Oxfordeko ikerketa talde batek frogatu du alkoholak, estres oxidatiboa tarteko, telomeroetako DNA kaltetzen duela. Telomeroak kromosomen ertzetako DNA sekuentzia errepikakorrak dira, kromosomak babesteaz arduratzen direnak. Zelulak zatitzen diren aldiro telomeroak laburtu egiten dira, 50-100 DNA base zatiketako. Telomeroak laburregiak direnean, zelula ezin da gehiago zatitu eta hil egiten da. Horrenbestez, telomeroen luzera eta zelulen adina estuki erlazionatuta daude. Aipatutako ikerketan, 245.000 pertsonaren alkohol kontsumoko ohiturak eta telomeroen tamainak neurtu zituzten. Lortutako emaitzak argiak izan ziren: alkohol asko kontsumitzen duten banakoen telomeroak motzagoak dira. Batez beste, telomeroen luzera aintzat hartuta, astean 2,5 litro ardo edaten dutenen zelulak 0,5 litro ardo edaten dutenenak baino 1-2 urte zaharragoak direla ikusi dute.

Beste ikerketa batean, 36.678 pertsonaren garunak aztertuz, ondorioztatu dute alkoholak garunaren bolumena murrizten duela. Zahartu ahala, espontaneoki, garuna txikituz doa. Baina beste behin ere, alkoholak prozesu hori azkartzen du. Zehazki, ikerketa berri honen arabera, alkoholak informazioaren prozesamenduan parte hartzen duen materia griseko gune batzuen tamaina murrizten du; eta aldaketak eragiten ditu materia griseko gune ezberdinen arteko komunikazioa ahalbidetzen duen materia zuriaren mikroegituran. Aldaketa horiek nabarmenak dira alkohol asko kontsumitzen dutenen artean, baina alkohol gutxi kontsumitzen dutenengan ere antzematen da. Garuneko aldaketak aintzat hartuta egindako kalkuluen arabera, egunean alkohol unitate bat hartu ordez bi hartzeak bi urte zahartzea dakar. Kontsumoa egunean bi unitatetik hirura igotzeak, berriz, 3,5 urteko zahartzea.

Beraz, Gabonak gainean ditugun honetan, zaindu zenbat alkohol edaten duzun! Hurrengo egunean ajerik ez izateko eta azkarregi zahartzetik libratzeko...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.