Norilsk: «Badator negua»

Sobietar Batasunaren garaian bisitariek debekatuta zuten Errusiako Norilsk hirian sartzea, hango jarduera industrial militarrarengatik. 100.000 biztanle baino gehiago dituzten hirien artean, planetan iparraldeen dagoena da, eta, gaur egun ere, oso gutxi dira hura bisitatzen duten atzerritarrak.

Norilsk: «Badator negua».
Norilsk
2019ko ekainaren 28a
00:00
Entzun

Inoiz zeropeko 40 gradu inguru egoteko aukerarik izanez gero, orduan jabetzen da edonor Game of Thrones-eko eszenak zientzia fikzioa direla, eta ez, hain zuzen ere, Daenerys Targaryenen dragoiengatik, baizik eta Winterfall-en arropa lodi handirik gabe dabiltzalako, eta hori gezurra da. Norilsk bezalako hiri batean halako baldintzetan bizitzeak ez du zertan ezinezko izan (ikusi, argazki bilduma), baina halako bizipen bat oso mingarria gerta dakioke, esate baterako, Europa hegoaldetik haraino bidaiatzen duen norbaiti, kontuan izanik kontinentearen hegoaldeko hiri askotan 45 gradu izaten direla, baina zerotik gorakoak.

Ongietorria bera ere bidaiariak imajinatu bezalakoa da; izan ere, sekulako bizipena da aireportutik hiriguneraino iristea. Hemen, eguraldi txarra egiten duenetan, errepideak ixten dituzte ibilgailu guztientzat, garraiobide ofizialentzat izan ezik, hala nola hiriko autobusentzat. Zirkulazio istripuak eragozteko ixten dituzte; hala eta guztiz ere, ez da harritzekoa elkar jo duten hiruzpalau ibilgailu ikustea.

Duela oso gutxi arte sekretutzat jotzen ziren hirietako bat da Norilsk: alegia, antzinako Sobietar Batasuneko hiri edo herrietako bat, zeinera sartzea ia ezinezkoa baitzen hango jarduera industrial militarra zela bide. Hiri debekatuen kopurua nabarmen txikitu da 1990eko hamarkadaren erdialdeaz geroztik, baina oraindik badira halakoak; atzerritarrei —bielorrusiarrei izan ezik— debekatua zaie zenbait hiritan sartzea: besteak beste, Kaierkanen, Talnakhen, Dudinkan, Igarkan eta Norilsken. Norilsken ez dago turismorik, eta errusiarrak baimen jakin batzuei esker bakarrik sar daitezke.

Norilskeko aldirietan Oganer bizitegi auzoa dago. Hirigunetik zazpi kilometrora baino ez dago, eta zenbait eraikin abandonatu daude han. Zalantzarik gabe, toki ezin hobea da argazkiak ateratzeko: ia-ia ezleku diren lurraldeak, sobietarren arkitektura ageri dutenak, eta gizakia nolabait egokitu deneko eremu latzak.

Metropoli gaztea

Norilsk metropoli gaztea 1920an sortua da, baina 1953az geroztik du hiri estatusa. Goi-goian dago, zirkulu polarretik 300 bat kilometro iparraldera, Moskutik 3.000 kilometro ipar-ekialdera; 100.000 biztanle baino gehiago dituztenetatik, planetan iparraldeen dagoena. Neguan, zeropeko 52 gradutik beherakoak ere izan ditzakete tenperatura hotzenak, eta, batzuetan, baita zeropeko 64 gradu ere; horri haizearen abiadura gehituz gero —adibidez, 40 metro segundoko—, zeropeko 118 gradutan egotea bezalako sentsazio termikoa izango da. Hiri honen izena edozein bilatzailetan jarriz gero, berriz, gehienbat kutsadurari buruzko informazioa ematen dute; gehien errepikatzen dutena da Norilsk dela mundu osoan kutsadurarik handieneko hiria, metalurgia industriaren jardueraren ondorioz. Hori, baina, gezurra da, argi eta garbi, Interneten aspertzeraino eta behin eta berriz errepikatzen den beste edozein informazio bezala, ia-ia.

Norilsk hiria, batik bat, MMC Norilsk Nickel meatzaritza konpainiari esker existitzen da; hark sortzen du enplegua eta aberastasuna hirian, hango lan indar guztiaren %50. Eta nahiz eta konpainia horri egozten zaion kutsadura, hirigunetik deszentralizatuz joan da enpresa, pixkanaka-pixkanaka: kanpoaldera eraman du produkzioa, eta, hala, hiriguneko kutsadura nabarmen murriztu. Beste horrenbeste gertatzen da amen-omen honekin ere: poluzioa dela kausa, urria dela landaredia, edo ez dagoela batere. Gezur hutsa da hori; batetik, landaredia egon badago, hirigunetik kanpoalderantz jo orduko; bestetik, Norilsk tundraren erdi-erdian dago, eta horrek ezin hobeto deskribatzen du kokalekutzat duen eskualde biogeografiko polarra, zeineko landaredia hazkunde txikikoa baita, jakina.

Kaleak hutsik

Jendeak bizimodu normala egiten du, baina ez pentsa jende askorik ibiltzen denik kalean, garagardoa edanez edo terraza batean jesarria; ezta hurrik eman ere. Jendeak erosketak egiten ditu, lanera joaten da; haurrak eskolara doaz, iraupen eskian ere ibiltzen dira, eta denak dibertitzen dira etxean, iji-aja, berriketan, edanean, musika entzunez; nork bere jatekoa prestatzen du, eta, hori bai, oso goiz jaikitzen dira. Bizimodu mendebaldarraren kontzeptuak, Mendebaldeko Europan ulertzen den moduan, ez du inolako zerikusirik hiri jelatu honekin, zeinean jendeak nekez jotzen baitu kalera, eta, hala egiten duenean, gau polar luzearen etorrera ospatzeko izan ohi da, edota ospakizun patriotikoren bat egiteko. Baina hiriaren erdigunean, planetako beste edozein hiritan bezalaxe, badira zinema aretoak, antzokiak eta supermerkatuak; bai, supermerkatuak, pluralean, eta horietako batzuetan produktu ezinago garestiak izan ohi dituzte, oso konplexua baita halakoak hiriraino ekarrarazteko logistika. Elikagai horiek ontzi izotz-hausleen edo hegazkinen bidez garraiatzen dituzte; eta elikagai batzuk, airez bakarrik, muturreko hotza handiagoa baita kanpoaldean barrualdean baino, eta barazki batzuk hobeto mantentzen baitira aireontziaren barruan. Hori guztia, garagardoaren aldean, zeina hango bertako produktu bat baita, ezinago harro dauzkana.

Norilsk inguruko tenperatura hotz muturrekoek besterik iradokiagatik ere, badute nazioarteko jazzaldi bat, nahiko entzutetsua, urtero egin ohi dutena: Norilskeko Live Sound. Andrei Kiiko da Norilskeko jazz zale porrokatu horietako bat. Apala eta gizabidetsua da Andrei, eta, jazzaren eta fotografiaren zale ez ezik, Norilsk Nickel konpainiako langile leial bat ere bada; harro egiten du haren alde hizpidera datorkion orotan. Gutxi hitz egiten du ingelesez, eta irribarre garbiko begirada ahalke bat ageri du beti; gizabanako noble eta fidela da, bere jaioterriaz harro dagoena, eta bidaia logistikan laguntzen dabilena beti.

Erretiroa, 30 urterekin

Errusiako Artikoaren iparralde muturreko honetan, klima ezinago muturrekoa eta desatsegina denez, lan askok eta askok izugarrizko onurak dakartzate: esaterako, oporraldi estrak edo ordainduak, desgaitasunengatiko onurak, etxebizitzarako eta erretirorako onurak. Hala da Maximen kasuan ere; 30 urteko suhiltzaile bat da, eta 29 urteko eski irakasle batekin bizi da, Juliarekin. Maksimen historia lagungarria da Norilskeko herritar baten bizimodua ulertu ahal izateko: Maksimi, 30 urte bakarrik izanagatik, bost egun baino ez zitzaizkion falta lan egiteari behin betiko utzi eta bizitzeari, seme-alabak izateari eta bikote bizitzaz gozatzeari emana egoteko. Nork ez luke sinatuko halakorik? Hamabost lan urte bizi osoan.

Baina ezer ez da funtsik gabekoa, eta, hotz muturreko horretaz gain, bada are okerrago daroaten beste zerbait: maiatz amaiera aldetik uztail amaiera aldera arte eguzkia sekula sartzen ez deneko aldi hori; edo, alderantziz, 45 egunez gaualdi polarrera sartzen direnekoa. Izugarria da higadura psikologikoa, bai eta aldaketa horietara moldatzeko duten lastertasuna ere. Neguan, oso ohikoa da jendeak auzo inguruko edukiontzietan pilatzea jatekoa, edo nork bere etxean; batzuen batzuek izozkailu bat eta kutxa horizontal moduko beste bi izozkailu ere izan ohi dituzte, jatekoa eta batez ere barazkiak izozteko.

Mendebaldeko herritar bati burutazio berbera datorkio betiere: zoratuta egon beharra dagoela halako toki triste, hotz eta —haien irudiko— atsekabegarri batera joateko; zergatik hara? Munduan ez ote da beste inon bizileku hoberik? Oro har, ezjakintasun nabarmen baten adierazgarri izan ohi dira halako galderak, edo, zergatik ez, baita chauvinismorik okerrenaren erakusgarri ere. Lehenik eta behin, gizabanakoa bizileku eta —batzuetan, iraun-leku— duen ingurune horretara egokitu ohi da. Bigarrenik, badirudi bizitzeko lekurik onenak begitandu zitzaizkiela duela ehunka eta milaka urte nomada ziren herri haiei guztiei —hala baitziren nekazaritza eta abeltzaintza garatu aurretik—, halakoxeetan barrena ibiltzen baitziren batetik bestera, handik milaka eta milaka kilometrora zer zegoen aztarrenik batere izan gabe.

Nenets indigenak dira bizimodu horren oinordekoak, Taimirren Jenisei ibaiaren mendebaldeko ertzaren inguruan elur oreinen zaintzaile dabiltzan nomadak. Dudinkatik gertu bizi dira, Errusiako Artikoaren hiriburuan, Norilsketik 89 kilometro ingurura. Indigena horiek nahiko ezezagunak dira —ez dira Jamal penintsulakoak bezalakoak—, eta zenbaitek ez dute sekula ikusi atzerritarrik. Krasnoiarsk iparraldeko eremu hori Errusiako bederatzi krai edo lurraldeetako bat da. Nenets brigadak lurralde osoan daude barreiatuak, eta balok deritzen etxeetan bizi dira, zaintzen dituzten elur oreinak lurralde batetik bestera baitarabiltzate, bazkalekuen kopuruaren eta kalitatearen arabera. Brigadetaraino iristeko, berriz, helikopteroz —edo, okerrenean, leraz— 75 kilometro egin beharra dago Dudinkatik Tukharderaino, zeina Gidanskiko tundraren eta hiri biek hornituriko Mesoiakha gas eremuaren artean baitago: eremu jelatu bat da, ehunka kilometro hodi zilarkarak marraztua.

Maksimi galdetu zioten ea nola bizi zitekeen halako tenperatura muturrekoetan, eta hark erantzun zien ea nola bizi zitekeen zerotik gorako 45 gradupean, eta, gero, irribarre egin, eta bere txakurrentzako jatena prestatzen segitu zuen. Kanpoan, elurra ari zuen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.