Salbuespenaren kontakizuna

Duela urtebete lortu zuen 'Aquarius' ontziak porturatzea, Valentzian; itsasontzi hartan iritsi eta gaur egun Euskal Herrian bizi diren bi iheslariren testigantzen arabera, bidea «oso zaila» izan da.

'Aquarius' itsasontzia, iaz, Maltako La Valeta portura sartu nahian. DOMENIC AQUILINA / EFE.
gotzon hermosilla
Bilbo
2019ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Aurten, Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna eta CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordearen txosten bat etorri dira Aquarius itsasontzia Valentziara (Herrialde Katalanak) iritsi zeneko urteurrenarekin. Hamabi eguneko bidaiaren ostean eta Italiako eta Maltako portu guztiek sartzea galarazten zietela heldu ziren Aquarius-eko 630 lagunak Valentziara. Askoren arreta eta beste askoren itxaropena piztu zuen hark. Baina CEAReko arduradunek nabarmendu duten moduan, Aquarius «salbuespena» izan zen; geroztik, erreskate lanetan jardun nahi izan duten ontziek trabak eta debekuak besterik ez dute aurkitu bide horretan.

630 lagun haietatik, 608k babesa eskatu zuten, eta 23 Euskal Herrira iritsi ziren; horien artean, Reward eta Suleman haien abizenik ez dute jakinarazi. Bi-biek eman zuten atzo beren bizipenen lekukotza.

Nigeriatik iritsi zen Reward Libiara, sorterrian bizitzen jarraitzeko ezintasunetik ihesi: «Han, bizirik irauteko borroka eguneroko kontua zen. Askotan galdetzen diot neure buruari zer gertatuko zen Nigerian geratu izan banintz». Baina Libian hiru urte luze eman behar izan zuen itsasoratu aurretik: «Han ez dira giza eskubideak errespetatzen». Dioenez, «makina bat balitz bezala» lan egitera behartu zuten Libian, eta egoera «oso latza» izan zen. Lau aldiz saiatu zen itsasoratzen; lau aldiz ordaindu zuen horregatik eskatzen zioten dirua. Birritan, plastikozko ontzia hondoratu zen. Beste behin, iheslariak harrapatu eta Libiako kostaldera eraman zituzten berriro. Azkenengoan, Aquarius-ek erreskatatu zituen: «Oso pozik geunden. Seguru geundela pentsatu genuen».

Ukoaren aurrean «etsita»

Baina bidaia ez zen uste bezain erraza suertatu. Maltak uko egin zion iheslariak hartzeari, eta berdin egin zuen Italiak. Hori ikusirik, «etsita» zeudela azaldu du Rewardek. «Inoizko albisterik onena» izan zen Valentzian porturatzeko baimena bazutela jakitea: «Azkenik, bizitza duina izateko aukera izango nuen».

Orain, 22 urte ditu Rewardek, informatika ikastaroa egiten ari da, euskarazko hitz batzuk ere badakizki, eta programatzaile lan egitea du amets, espainiar agintariek babes eskaerari zer erantzuten dioten itxaroten duen bitartean. Azken urtebete hau ere ez da samurra izan; batez ere, etxebizitza lortzea suertatu zaio konplikatuena, «bete ezin ditugun baldintzak eskatzen dituztelako, soldata agiriak, esaterako». Eta, hala ere, zorionekotzat du bere burua: «Gogorra da ikustea gure anai-arrebek ezin dutela berdin egin, uzten ez dietelako. Oso tristea da».

Gelditzeko barrenik ez

Sulemanek 32 urte ditu; Ginea uztea erabaki zuen bere sorterrian dagoen osasun egoera kaskarraren ondorioz emaztea eta ume jaioberria hil zitzazizkionean. «Ez nuen han gelditzeko barrenik izan», aitortu du. Bideo baten bidez eman du bere lekukotzaren berri.

Mali eta Aljeria zeharkatu, eta Libiara iritsi zen. Rewardek baino denbora gutxiago eman zuen han, bost hilabete, baina haren kontakizuna ere lazgarria da oso: «Ugazaba arabiarrak etortzen ziren, eta hamar beltz aukeratzen zituzten, edo hogei, eta lan behartuetan aritzen ginen. Ez ziguten ezer ordaintzen, ura eta ogia baino ez ziguten ematen». Orain, Euskal Herrian, iturgintza ikastaro bat egiten dabil: «irribarrea» bueltatu zaiola dio.

Ozeano bat jende babes eske
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.