Besta giro «berezia» Lizarran

Nafarroa Oinez jaiak ehunka lagun bildu ditu, eta antolatzaileek ontzat jo dute oro har. Hala ere, «formatu txikian» zenez, helburu ekonomikotik «oso urrun» gelditu dira. Tarteka euria izan arren, ia ekintza guztiak egin dituzte.

Jendea. Ehunka lagun bildu ziren Nafarroa Oinez-en. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
2021eko urriaren 19a
00:00
Entzun
Duela gutxi arte ez zuten espero kaleetatik txarangarekin joan ahal izatea edota edukiera mugarik gabe Nafarroa Oinez ospatu ahal izatea. Antolatzaileen ezusterako, horrela izan da, etaaurten Lizarran egin dute. «Formatu txikian» bada ere, «oso berezia» izan dela nabarmendu du Unai Gardokik, Lizarra ikastolako lehendakariak. Joan den urtean ospatzekoa zen, Lizarra ikastolaren 50. urteurrenarekin batera, baina pandemiaren ondorioz ezinezkoa izan zen.Hala ere, gogotsu ospatu dute aurten: «Jendeak asko errespetatu du; ez da asko nabaritu horrelakoetan egoten den zaborra. Gainera, besteetan igual parranda gehiago sumatzen da. Familiartekoa, oso polita eta lasaia izan da».

Primeran pasa pasatu gabe lelopean, sare sozialen bidez zuhur eta erantzukizunez jokatzeko eskatu zuten antolatzaileek. Jendearen erantzunagatik «oso pozik» daudela dio Gardokik: «Zabalduriko mezuak eragina eduki du; jendeak kasu egin du, arduratsu jokatu dugu denok, eta oso gauza polita atera da». Marta Igoa Ikastolen Elkarteko kideak adierazi du «apur bat» kezkatu zirela Nafarroan edukieraren neurriak bertan behera gelditu zirenean, baina jendeak «oso ondo» erantzun eta jokatu duela nabarmendu du.

Ez zuten autoak aparkatzeko trafiko planik, eta horrek ere kezka sortu zuela azaldu du Gardokik: «Beldur ginen zer egingo genuen auto asko etortzen baziren, baina ez da arazorik egon». Ez zuten aparkalekua gutiz bete, baina jende aldetik «orekatua» izan dela esan du Gardokik. Hala ere, ez dakite zenbat pertsona batu zituzten.

Jasotako elkartasunagatik, jendeagatik eta giroagatik «baikor» baloratu dute jaia, baina haur eskola berritzeko behar dituzten baliabide ekonomikoetatik «urrun» gelditu direla azaldu du Gardokik: «Jai txiki bat antolatuz, bagenekin hasierako behar horiek ez genituela asetzen». Beraz, ekarpen ekonomikoen bidez laguntzeko deia egin dute.

Asteburuko formatua

Beste urteetan ez bezala, bi egunetan egin zuten Nafarroa Oinez. Larunbatean, ekitaldiak herrian barna izan ziren; Santiago plazan eta Foruen plazan. Besteak beste, kalejira, batukada, artisau azoka eta antzerki tailerra egin zituzten. Larunbatean eguraldia alde izan zuten, eta Igoak adierazi du «poztekoa» dela herrian sortutako giroa: «Giroa bikaina izan zen; euskalduna eta kulturala». Nahiz eta hasieran jende gutxi joan herrira, egunak aurrera egin ahala «gehiegi» bete gabe «oso giro polita» egon zela esan du Gardokik.

Igandean, besteak beste, bertsolaritza, musika eta dantza ikuskizunak egin zituzten. Larunbat gauean eta igande goizean euria egin zuen, eta, ondorioz, igande goizean zenbait ekitaldi bertan behera gelditu ziren: «Euskal fitnessa ez genuen egin, belardia bustita zegoelako, eta puzgarriak beranduago jarri genituen martxan». Hala ere, Gardokik dio euriak ez zituela gelditu: «Zorte txarra izan zen, baina aurpegi ona jarri genuen, eta atertu zuenean, jendea agertzen hasi zen».

Ohikoan, Nafarroa Oinez ikastola guztien artean antolatzen dute, baina aurten, COVID-19aren egoerarengatik eta «formatu txikian» zelako, Lizarra ikastolakoak arduratu dira antolakuntzaz; 600 txanda egin dituzte. Jasotako laguntza eskertu du Gardokik: «Pertsona asko inplikatu dira; ikastolako lagunak hurbildu dira, eta ikastolatik kanpoko jendea ere laguntzera etorri zaigu. Hori sumatu dut, eta horrek asko pozten nau». Horrez gain, Lizarrako Udalak eskainitako laguntza «handia» izan dela nabarmendu du: «Lizarrako Udalari eta herriari orokorrean eskerrak eman nahi dizkiegu; berotasuna eta gertutasuna sumatu ditugulako».

Igoak eskerrak eman dizkie Nafarroa Oinez-era joan direnei eta joan ez direnei: «Babesa eta kariñoa oso gertutik sentitu dugu». Antolatzen ibili diren familiei, boluntarioei eta ikastolako langileei ere eskerrak eman dizkie; «izugarria» izan delako. Horrekin batera, Lizarra ikastolak egindako lana txalotu du. Bidea «zaila» izan dela eta, pandemiak eragindako ziurgabetasunagatik «gogorra» izan dela nabarmendu du. Hala ere, Lizarra ikastolak euskalduntze prozesua zabaltzeari «gogor eutsi» diola dio.

Lizarra ikastolak lekukoa pasatu dio Garces de los Fayos ikastolari; beraz, Tafallan eginen dute hurrengo urtean. «Gustatuko litzaidake Tafallak erabat normalantolatzeko aukera izatea», esan du Lizarra ikastolako lehendakariak.

Ez dakite hurrengo urteko Nafarroa Oinez-ek zer itxura izanen duen; baina Igoak nabarmendu du formatu honek beste aukera batzuk eman dizkiela familiei. Lehen, familia asko autokarabanarekin joaten ziren; batzuk ostiralean eta beste batzuk larunbatean, eta horrek «giro polita» sortzen zuela dio, goizean goizetik herrian barna ibiltzen zirelako: «Asteburu osoan egitea familia horiei beste zerbait eskaintzeko modu bat izan daiteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500