Hiriburuak ere inauterizaleak

Euskal Herriko herri ugaritan ez ezik, hiriburu askotan ere ospatzen dituzte inauteriak. Oro har, asteburuan antolatzen dituzte ekintzarik inportanteenak. Aurten ere horrela izango da.

Nagore Arin.
2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Euskal Herriko hainbat hiriburuk ere kolore alaia izango dute; izan ere, larunbatean eta igandean ere inauteriak ospatuko dituzte. Bilbon larunbata izango da egun handia. Aurtengoan etorkizuna da inauterien gaia, eta Ane Lindane aktorea eta Joselu Angulo txistularia izango dira, hurrenez hurren, Farolinen eta Zaranbolasen pertsonaiak. Eguerdian hasiko dute festa, eta gauera arte iraungo du.

Donostian ere larunbatean eta igandean ospatuko dituzte. Kasu horretan, konpartsen desfilea izan ohi da jendearen interesa erakartzen duten ekintzetako bat. Bai larunbatean baita igandean ere 17:00etan hasiko dira desfile horiek, eta erdiguneko kaleetan barrena egingo dute ibilbidea. Guztira, 26 konpartsa izango dira.

Gasteizen, berriz, 18:00etan egingo dute konpartsen desfilea, larunbatean. Desfilea amaitu eta gero ere egongo da zer ikusi eta zer entzun: 23:00etan, adibidez, batukada eta dantzaldia egingo dituzte. Igandean ere egingo dute konpartsen desfilea: 12:00etan izango da.

Euskara, erdigunera

Iruñean ere asteburuan ospatuko dituzte. Alde Zaharrean, adibidez, larunbatean ospatuko dituzte: kalejira egingo dute 18:00etan, eta, gero, hiru kontzertu egongo dira. Aurten, denbora izango da gaia, eta inauterizaleek iraganera edota etorkizunera bidaiatzeko parada izango dute. Igandean, aldiz, Iruinkokoa ospatuko dute, hots, musika, dantza, antzerkia zein bertsoak biltzen dituen jaia. Goiz osoan kalejira egingo dute Alde Zaharreko karriketan barrena, eta puska biltzea ere egingo dute. Hala ere, ekitaldi nagusia 13:00etan izango da,Santa Anan. Inauterien jiran euskara hutsean antolatzen den ospakizun bakarra da Iruinkokoa.

Baionan larunbata izango da egun handia. Zanpantzarren iritsiera da ekintza nagusia, eta horrekin batera hasiko da jaia: Orai Bat elkarteak prestatu du. 13:30ean iritsiko da zanpantzar Roland Barthes zelaigunera, hartzarekin eta bestepertsonaia batzuekin batera. Hor egongo da 15:00ak arte, eta gero desfile koloretsu bat egingo dute: bertan izango dira joaldunak ere. Desfilea egin eta gero izango da epaiketa, 17:00etan: pertsonaia erretzen duten bitartean dantza egingo dute. Natura esnatzea eta udaberriaren etorrera iragartzea dira jaiaren helburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.