Gaixoaldi osterako festibala

Zetak taldeak eta Panda enpresak egun osoko eta «jende guztiarentzako» jaialdi bat antolatu dute apirilaren 2rako, BEC erakustazokan: Zeinen Ederra Izango Den Fest. Hogei talde bilduko dituzte. BERRIA da babesleetako bat.

Iseo abeslari iruindarraren zuzeneko irudi bat. MARTA PEREZ / EFE.
Inigo Astiz
2022ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Zeinen Ederra Izango Den Fest. Doinu eta guzti dator ezpainetara Barakaldoko BEC erakustazokan (Bizkaia) apirilaren 2an egingo den jaialdiaren izena. «Zeinen ederra izango den:/ eguzki izpiak zure itzala belarretan marrazten,/ muxu bat Larrunen,/ garagardo bat zerura eroritakoen omenez». 2020an kaleratu zuen abesti hori Pello Reparaz Zetak taldeko musikariak: artean, itxialdi betean zen Euskal Herria, eta haize ufada bat bezala zabaldu zen berehala kanta estualdi hartan. Publikoaren harrera beroak animatuta, pandemia amaitu osterako musika jaialdi bat antolatzea bururatu zitzaion musikariari, eta, tartean hainbat atzera eta aurrera egon diren arren, elur bola baten antzera, handituz eta handituz joan da ideia hura, azkenik, jaialdiak egungo neurria hartu duen arte. 11:00etatik 01:30era bitartean, etenik gabeko egitaraua antolatu dute, hogei musika talderekin, eta publiko eta gustu guztiak asetzeko helburuz. «Festa handi bat izango da», laburbildu du Jon Arratibel jaialdiko zuzendariak. Besteak beste, Gatibu, Maria Arnal & Marcel Bages, Dupla, Luna Ki, Tanxugueiras, ETS, Ene kantak, eta, noski, Zetak izango dira oholtzan. BERRIA da babesleetako bat.

Ikusi gehiago: Pello Reparaz, musikaria: «Helduleku bat eskaini nahi genion jendeari»

Jaialdiak nabarmen egiten dio uko espezializazioari. Rap-metaletik hasi eta folkeraino mugitzen da proposamena, eta Arratibelek azaldu du zergatik. «Denontzat izango den jaialdi bat antolatzea da helburua, eta horrek dakar musikan bakoitzak izan ditzakeen gustuak ere kontuan hartzea. Espero duguna da, batzuek zerbait nahi dutelako eta beste batzuek beste zerbait nahi dutelako, azkenean, denok elkartzea eta ongi pasatzea».

Erakustazokako bi areto handi hartuko ditu jaialdiak, eta eszenario propioa izango du haietako bakoitzak. Tartekatuta joango dira talde batzuetan eta besteen emanaldiak zenbaitetan; baina aldi berean izango dira kontzertuak bi eszenarioetan, beste batzuetan. Guztira, bederatzi batean, eta 11 bestean. Ene kantak izango da eguerdian jaialdia abiatzen lehena, eta Zook itxiko du, 00:30ean hasita.

Ziur egingo da

Itxialdi sasoian «pizgarri bat» izan zen jaialdiaren ideia, Arratibelek dioenez. Etengabeak ziren bertan behera geratzen ari ziren edo atzeratzen ziren emanaldien albisteak, koronabirusaren ondorioz sortutako osasun krisiaren hasieran, baina giroa irekitzen hasia zen festibala antolatzen hastea erabaki zutenean. Ez dute berehalakoan lortu, halere, eta, ordutik hona, hainbatetan aldatu behar izan dute data. 2020ko ekainean egitea izan zen lehen asmoa, baina egoerak berriz ere okerrera egin, eta berriz atzeratu behar izan zuten. Hirugarren data da apirilaren 2koa, azkenean, eta baikor mintzo da Arratibel. «Jadanik ez dugu jaialdia kolokan ikusten, eta ez da beti hala izan».

Oraingoz, indarrean dago oraindik ere areto itxietan maskara erabiltzeko araua Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa ez beste Euskal Herriko lurralde guztietan, baina datuek hoberantz eginez gero, baliteke derrigortasun hori ere bertan behera geratzea. Ikusi egin behar, ordea, jaialdia egin aurretik gertatuko ote den. «Oso ongi legoke hori: maskara erabili beharrik gabeko lehen jaialdia izango litzateke».

Arratibel aurrez ere aritu izan da antzeko jaialdiak antolatzen. Urteak daramatza Hatortxurock jaialdia prestatzen, eta badaki, beraz, zein den talde eta ikusle asko biltzen dituzten ekitaldien dinamika. Barakaldokoa ere «erraldoia» izango dela dio. «Bilduko den jendeagatik eta kokalekuagatik, BECen kontzertuak antolatzea ez delako gauerdiko ahuntzaren eztula».

Osasun arauak eta egoera aldatuz joan ahala, atzera eta aurrera aritu behar izan dira antolatzaileak musika taldeekin eta teknikariekin. «Zoramena izan da», onartu du zuzendariak. Baina pozik dago lortutakoarekin, eta lantaldearen maila nabarmendu du berriz ere. «Orain ere oso estu gabiltza denboraz, baina lan taldeak oso profesionalak dira, eta lortuko dugu».

Baldintza duinak xede

Zetak taldeak eta Panda management enpresak antolatu dute jaialdia, elkarlanean, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza ere izan dute. Zenbatekoaren berri ez dute eman oraindik.

«Jaialdian badaude kanpoko taldeak ere, baina gure asmoa izan da jasotako diru hori inbertitzea bertako taldeetan: taldeentzako ordainsariak duinak izan daitezen saiatu gara, eta bertan izango diren langileen soldatak ere duin xamarrak izatea».

Kontzertuez gainera, zer edan eta zer jan ere egongo da, eta baita artisau azoka bat eta taldeen materiala erosi ahal izateko gune bat ere. Familia osoarentzako ekitaldiak ere badaude, gainera, eta umeekin joan nahi dutenek orgatxoak utzi ahal izateko guneak ere izango dituzte eskura. «Egunpasa bat denez, eta mundu guztia etor dadin nahi dugunez, familiako planak egin ahal izatea ere nahi dugu. Ez dira kontzertuak eta barra bat bakarrik: bestelako espazio batzuk ere egongo dira».

Lehen jaialdiaren ostean gehiago ere egin nahi dituzte. Baina, oraingoz, lehen aldia da erronka. «Irauteko asmoa dugu, baina egin behar da lehenik lehenengoa, eta joan behar da ondo».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.