Ford, Toyota, BMW, Honda, Peugeot, Porsche, Yamaha... Modu batera edo bestera 1 Formulan egon diren autogileak dira. Une jakin batean bertan sartzea erabaki zuten, eta beste batean hura uztea. Duela sei urte, Liberty Mediak 1 Formularen ustiapen komertzialaren eskubideak erosi zituenean, autogileak berriro erakartzea izan zen helburuetako bat.
Horretarako, beharrezkoa ikusi zuten aldaketa batzuk egitea: adibidez, teknologikoki autogileen estrategiekin bat egin zezala elektrifikazioan. Lehenago ere ahalegindu zen Bernie Ecclestone gauza bera egiten, baina soilik Honda konbentzitu zuen. Orain gehiagok sartu nahi dute.
Horretarako, 2026. urtea aukeratu dute, orduan baitator beste eraldaketa nagusia motorretan. Erregai erabat jasangarriak erabili, eta ahalmen elektrikoa hirukoiztuko dute. Horrekin batera, MGU-H edo gas beroek zuten energia berreskuratzeko sistema desagertu egingo da: motorgile berrientzat oztopo handiena.
Hori izan zen Volkswagenek sartzeko jarri zuen baldintza, eta, hala, iazko abuztuan jakinarazi zuen Audik 1 Formulan debuta egingo zuela, egun Alfa Romeo den taldea bereganatuz. VW taldeko beste marka bat ere oso gertu izan zen, baina Porschek eta Red Bullek bertan behera utzi zuten ia egina zirudien akordioa. Hala, urte hasieran Red Bullek iragarri zuen 2026an Ford motorrekin lehiatuko dela.
Ikusi gehiago:Gaur hasiko da Munduko 1 Formula Txapelketa, Bahrainen, eta azaroaren 26an bukatuko da
Bitxia da Ford eta Red Bull elkartu izana, Honda harrapatzen baitu tartean. Japoniarrek 2021ean erabaki zuten alde egitea, titulua irabazi eta gero. Iazko denboraldia Honda motorrekin osatu zuten, baina Red Bullek erosi zuen haiek erabiltzeko eta garatzeko eskubidea. Gutxinaka beren tokia hartuz joan ziren, eta aurten Honda izena agertzen da autoetan. Ofizialki ez dira itzuli, baina onartu dute 2026rako motorraren gainean lanean hasiko direla, eta McLarenekin elkarrizketak nahiko aurreratuak dituztela. Bai, McLarenekin.
Baina bada AEBetako talde bat guztiz berria izan nahi duena: Andretti. Michael Andrettik aspaldi utzi zion gidatzeari. Kategoria askotan ari dira haren taldeak, baina 1 Formula falta du, eta hura nahi du. Cadillacekin elkartu da, proiektuari sinesgarritasuna emateko. Baina, zoritxarrez, 1 Formula oso itxia da: ez da talde berriak sartzearen aldeko. Arrazoiak desberdinak dira oso. Izan ere, egungo taldeentzat irabaziak gehiagoren artean banatu beharko dira. Antolatzaileentzat, erdi mailako beste talde batek ez duelako erakartzen. Jakina da 1 Formulak bere presentzia indartu nahi duela AEBetan, aurten hiru lasterketa izango baitira han. Dagoeneko Haas taldea dagoenez, ez diote inolako erraztasunik eman nahi.
Hori gutxi balitz bezala, 1 Formulan talde berria eratu nahi duenak 200 milioi dolarreko sarrera ordaindu behar du, berme gisa. Joan den astean prest ziren kopuru hori 600 milioira handitzeko. Hain kopuru altua jartzeak ondorio bakarra du: amaitu direla talde independenteak.
Izan ere, etorri bezala joan egiten dira autogileak, 1 Formulan egoteko duten arrazoia erabat komertziala baita. Helburuak betetzen dituztenean, alde egiten dute, eta helburuak betetzen ez dituztenean ere, alde egiten dute, baina lehenago. Haien interesei begiratuko diete soilik, 1 Formula nola uzten duten axola gabe. Talde independenteek errotu eta handitu dute 1 Formularen historia. Ekonomikoki porrot egin ezean, haiek beti jarraituko lukete 1 Formulan, lehiatzeko sortu baitziren. Ez ziren enpresa erraldoiak. Pertsona jakin baten pasiotik jaio ziren.