urtzirrutikoetxea
LEKU-LEKUTAN

Inperioaren gainbehera

2020ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Laugarrena, ia esanahi bakarra daukan hitza da ingelesez. Estatu Batuetan behintzat bai, eta hedaduraz eta nagusitasunez, Erresuma Batuan ere argi dakite The Fourth uztailaren 4a dela. Behin egon naiz atzoko datarekin AEBetan, duela bost urte, baina ia desfilerik ere ez genuen ikusi. Utahtik Nevadara bitarteko errepide amaigabeetan ibili ginen, eta ia ohartu ere ez data garrantzitsuaz gauez Elkora iristear ginela su artifizialak ikusi genituen arte.

Egun osoko bide bakarti eta luzeen ostean, kontraste itzela zen basamortuko hiri txiki hartan sartu eta kasinoen neon argiak ikustea. Eta biharamunean, are kontraste handiagoa izan zen Elkoko euskal jaian egotea. Uztail hasieran egiten dute, AEBetako egun nazionalaren ingurumarian, eta, Nevadatik joandako euskaldunez gain, Kaliforniatik eta Idahotik ere izaten dituzte bisitariak. Egun ederrak dira. Euskal jai eta pikniken agenda maiatz inguruan hasten da, eta udan dauka segida; Elkon hasitako uztailekoak, esaterako, Boisen du hilaren amaierako ospakizuna. Urtero hori ere inguruko euskaldunentzat, eta bost urterik behin Jaialdi erraldoia. Boisetik Buenos Airesera, sukaldaritza edo dantza topagune dira, sarritan hizkuntzara eta Euskal Herrirako bestelako harreman batzuetarako bide ere bai, eta beti komunitateari sendo eusteko konpromisoa. Denak ere bertan behera geratu dira aurten, Euskal Herrian bezala diasporako euskaldunek ere osasuna hobetsi dute garrantzi berezia duten ospakizun eta topaguneen aurretik. Espero 2021ean egin ahal izatea.

Besterik da, baina, uztailaren 4ko ospakizunak bertan behera utzi behar izatea. Texasen irakasle dabilen Ruth Ibañez gasteiztarrak jarri du Twitterren: «Uztailaren 4ko ospakizunak bertan behera Texasen. Ez nuen inoiz pentsatuko halakorik ikusterik. Ikusi beharko da ea benetan den eta errespetatzen den, baina ene bada».

Duela lau hilabete baino gutxiago, Estatu Batuak ziren aldebakartasunez Europarekiko loturak eten eta hegaldiak bertan behera uzten zituztenak. Uneko kaosaren erdian, egunero milaka hildako genituela kontinentean, inork ez zuen ezer esan neurri horregatik. Denak etxean konfinatzeko sasoia zen, joan-etorriak erabat gerarazita. Badirudi Europako Batzordeak ez zuela begi onez ikusi estatuek aldebakartasunez mugak ixtea; argi zegoen salbuespenezko egoera baten geundela, eta neurri zehatz eta zorrotzak behar zirela, joan-etorria erabat etetea. Baina alderantziz ere pentsa zitekeen: herrialde batek etxeratzea eta konfinamendua agindu baditu, mugikortasunik egotea debekatu badu, ez du zertan beste neurririk hartu, ez du zertan muga itxi; herritarrak eurak baitaude etxeetan itxita, gotortuta. Schengen indarrean zegoen, alabaina, estatu baten mugen ardura estatuari zegokion eta beraz, subiranotasunik Europara transferitu gabeko auzia izanik, Bruselatik ezer gutxi egin zitekeen desadostasuna adierazteaz haratago.

Kontua da estatu bakoitzak bere kabuz mugak ixteari ekin zion sasoi hartan, Donald Trumpek Europako konexioak etetea agindu izana albiste bat gehiago bihurtu zela, erabat kontrolaezina zen zurrunbiloan. Gogoan izan, hasieran Trumpek Europatik kanpo utzi zuela Erresuma Batua, eta hegaldiei eutsiko zietela esan zuela. Martxoan egun gutxi aurreratu ahala, ordea, argi geratu zen Boris Johnsonen estrategia ere suizida zela, eta Londresekin ere berdin jokatu zuen Washingtonek. Txina eta Italia ikusita, gainontzeko herrialdeek hobe egin genezakeen ustea daukagu askok, eta nabarmen kale egin dutela gure agintariek, Osakidetzako murrizketen arduradunetatik hasita. AEBetan, Europako grafikoak ikusi eta gero ere, gaitzak gogor harrapatu eta kurba gorantz jarri zitzaien. Uneko inozotasuna izan liteke norberari gertatuko ez zaiola pentsatzea, ez duela neurri zorrotzik hartu beharrik. Gertatzen da, baina, Europako herrialde gehienetan neurri zorrotz horiek kurba beherantz jartzea lortu eta kutsatu kopurua zerora hurbiltzea lortu duten artean, AEBetan zerbait jaitsi eta berriz ere maldan gora jarri dela artez.

Orain, Europa izan da AEBei atea itxi diena. Eta Washingtonen baten bati are mingarriago izango zaiona, AEBei ixtea aski ez eta Txinari irekitzeko asmoa azaldu du. Behinola Ameriketako kolonian ugazaba eta egun Estatu Batuen txakur leial bihurtutako Erresuma Batuak ere itxi dizkie ateak, atera kontuak.

Testuingururik txarrenean etorri zaio pandemia herrialdeari, hauteskundeen urteen eta polarizazio bortitzenaren estrategian murgildutako presidente batekin. Nirekin ala ezker mutur antiamerikarrarekin, Trump ala beltzen aurrean zuriei armak kendu nahi dizkizuen Joe lokartua. Martxora arte AEBetako ekonomiak zeukan indarrarekin, estrategia gezurtia baina eraginkorra izan zitekeen. Orain, alderdia bere baitan batu eta aurrean inoizko aurkari eskasena izan arren, Etxe Zuritik kanporatu dezakete. Bidean milaka lagun hilko dira inperioaren bihotzean. Trumpek AEBak mundutik babesteko harresia eraiki nahi zuen, eta munduak eraiki du osasun harresia AEBetatik babesteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.