«Zerk eginarazi dizu filma koreeraz, beste film batzuk ingelesez izanik?», galdetu zioten duela astebete Bong Joon Ho zuzendariari Hollywoodeko alfonbra gorrian. Ipar amerikar kazetari batek asiar bati egiten zion galdera, baina mundu globalizatu honetan euskaldunak oso hurbil senti zezakeen ikuskera zen: «zertan zabiltza txokokerietan, gu bezala kosmopolita izan beharrean». Twitterreko erabiltzaile batek laburbildu zuen: «Zergatik koreeraz, galdetzen diote Korean bizi den, koreeraz egiten duen, eta korear rolak jokatuz Korean klaseari buruzko kritika soziala egiteko korear aktoreak kontratatu dituen zuzendariari».
Wikipediaren arabera, munduan jatorrizko hiztun gehien dituen hamalaugarren hizkuntza da koreera, justu turkiera aurretik duela eta atzetik frantsesa eta alemana. Europan espainiera hiztunak baino gehiago dira Asian koreera hiztunak. Galdera bera 77 milioi hiztun dituen hizkuntza bateko zuzendariari, eta milioi batera iristen ez den artista euskaldunei.
Koreerazko filma saritzeak garrantzia dauka Korean, noski, baina munduan eta zinemagintzan mugarria ingelesez egin ez den filma saritzea izan da. Zer EZ den, alegia. Horregatik da larria bezain tristea filmak Euskal Herrian izan duen ibilbidea: asteon aipatu da Donostiako Zinemaldian proiektatu zela, Perlak sailean. Eta sail horretako oinarriek argi diote: «Film guztiak jatorrizko bertsioan aurkeztuko dira, gaztelaniazko azpitituluekin, jatorrizko bertsioa ez bada gaztelaniaz». Egia da, urratsak egiten ari dira euskarazko azpidatzi elektronikoak txertatzeko, baina oraindik ere ia zinemaldi guztiek espainiera dute azpidazteko hizkuntza komuna, eta tarteka baino ez euskara.
Parasitoak espainolezko azpidatziekin proiektatu zen Donostian. Eta ez zenez euskarazko azpidatzirik egin, espainolezko bertsio horrekin ikusi dute filma gero Tolosan, Oñatin, Getxon, eta joan den ostegunean Zarautzen. Herririk euskaldunenetan ere espainolezko bertsioak dituzte. Azkoitian Parasitoak koreeraz eta espainieraz azpidatzita eman zuten asteburuan eta Abominable animaziozko filma espainierara bikoiztuta. Pediatra euskaldunak nahi ditugu, baina bost axola digu gure udalerri euskaldunetako aretoetan espainolera bikoiztutako filmak egotea erdararik ez dakiten umeentzat. Amets eta Lur-i esker panorama zertxobait aldatzen da asteburu honetan, baina euskarazko filmaz gain espainolezko bertsioak daude nongura: Jojo Rabbit dago Azkoitian, Las aventuras del doctor Dolittle Azpeitian, Aves de Presa Lekeition... datorren astean ere Parasitoak ematekoak dira Azpeitian.
Nahi izatera, azpidatziak euskaratuta proiektatu liteke, merke eta azkar egin daitekeen lana da. Nahi izan behar horretarako, baina. Baina zertarako itzuli euskarara, «denok» badakigu espainolez? Kexu gara erdaraz egiten diguten politikariekin, eta geure borondatez hautatzen ditugu espainol bertsioak ingelesez sortutako eleberrietarako, errusieraz idatzitako kronika-liburuetarako, koreeraz egindako filmetarako. Ez baitago euskarara itzulita! Bistan da, espainolez izatea aski den artean, euskarara itzultzeko beharrik ere ez dugu izango: eginez gero, ondo, baina egin gabe ere molda gaitezke. Bigarren Sexua idatzi eta 70 urtera daukagu euskaraz, baina euskaldunak irakurria zuen lehen ere. John Bergerren espainol itzulpena aholkatzen ikusi dugu Artefaktua literatura saioan. Neskamearen ipuina katalanez irakur liteke. Zaldibarren gertatu denaz eta kapitalismoak itotzen duen planetari buruz Naomi Kleinen lanak euren hizkuntzan irakurtzen dituzte katalanek, eta espainol itzulpenak iragartzen dituzte euskaldunek.
Estoniarrek ulertu zuten euren hizkuntzaren normalizazioa errusierarekiko menpekotasuna gainditzetik zetorrela. Beti ez zela den-dena estonierara itzuliko, baina orduan ingelesez ikasi beharko zutela: Estonia eta Euskal Herria ez dira Gales edo Irlanda, gure hizkuntza ordezkatzeko mehatxua ez dator ingelesetik, espainiera, frantsesa eta errusieratik baino. Baina mehatxu horrek errazten digu: ez bageneki, espainolez kontsumitzen ditugun liburu, film eta telesail guztiak euskaratu beharko genituzke, edo beste hizkuntzaren bat ikasi.
Normalizaziorako oztopo handi hori mesede handia da egunerokotasunean hiztunarentzat, eta sorgin gurpil horretatik irteteko sakrifizio pertsonal handia behar da: erdaldunari euskaraz ikasteko eskatzen diogu, baina ez gaude prest gure kultur ohiturak aldatzeko. Eta kontsekuente izateko, euskaltzaleak elebakar edo eleanitz izan beharko luke, baina ez elebidun. Elebidunak etengabe gure hizkuntza ordezkatzeko mehatxua den hizkuntza kontsumitzen du, behar beharrezko zaio. Euskaldunak espainolez egiten duenaren zati txikiena da interlokutore erdaldunarekin daukan solasa. Handiena, alde handiz, etxeko intimitatean edo herriko aretoan egiten du, bere borondatez, inongo kontzientzia arazorik gabe. Kontziente ere izan gabe, alegia, bere hizkuntzaren minorizazioan eragiten ari dela.
LEKU-LEKUTAN
Koreeraz eta espainolez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu