Egun ederra izan zen osteguna, ibilbide luze bateko etapa garrantzitsua (ez amaiera, ez azken urratsa, horratik, Seaskako arduradunek gogorarazi duten legez). Molac legearen eztabaidak irudi gogoangarriak utzi zituen, ordezkari bretoiak Asanblea Nazionalaren atarian Bro Gozh ereserkia kantatzen, esaterako. Bestelako uneak ere eman zituen eztabaidak, Jean-Michel Blanquer Hezkuntza ministroak bere kolonialismo eurozentrikoena baliatzean, kasurako, esateko ez dela gauza bera Guyanako amerindiarrez hitz egitea edo Euskal Herriko «ondo hezitako haurrez».
Ostegun goizean, baina, Parisko eztabaida hasi aurretik, Hexagonoa lo zela, beste mezu bat iritsi zen itsasoaz haraindi. Melanesiatik zetorren, bederatzi orduko aldea daukan Kaledonia Berritik, eta, funtsean, egutegia gogorarazten zuen: urte erdi joan dela dagoeneko iazko urriaren 4an egindako independentzia erreferendumetik. Inor gutxik zeukan zalantzarik independentistek hirugarren galdeketa eskatuko zutela: 2018tik 2020ra erdira jaitsi zuten unionismoaren aldea: %13 izan zen lehen galdeketan, eta %6,5 iaz. Noumeako Akordioak hiru erreferendum aurreikusten ditu gehienez ere; heldu den urtekoa hirugarren eta, ondorioz, azkena izan liteke. Bistan da, independentistek irabaziko ez balute, ez dutela etsiko estatu subirano eta independentea eratzeko asmoan, baina egoera nabarmen aldatuko litzateke. Ezin ahaztu 1998ko Noumeako Akordioak baldintzatzen duela erreferenduma, kanak indigenek hainbat hamarkadatan sufritutako minorizazio prozesua mugatzeko. Hala, 1994aren ostean Kaledonia Berrira bizitzera joandako frantses herritarrak (kanak indigenak salbu, bistan da) erreferendumaren erroldatik kanpo daude. 40.000 direla diote (erroldaren %17) eta, iazko erreferendumean protestak egin zituzten, «baztertu» dituztela salatuz. Independentistek hirugarren erreferenduma iragarri ezean, litekeena da joko-arau horiek berriz negoziatu beharra.
Kaledonia Berrian ez eze, metropolian ere gaia indartzen hasi da. Manuel Valls lehen ministro ohiak «ezinegona» adierazi berri du lurraldearen independentziaren aukeraren aurrean. Aurretik, Sebastien Lecornu Itsasoaz Haraindiko ministroak «akordio berri baten beharra» aipatu zuen, «alde batek zein besteak irabazi, oso tarte estuarekin» izango delako. Gauzak horrela, Jean Castex lehen ministroak Parisera deitu ditu alde biak hilabete barru, maiatzaren 25etik ekainaren 3ra, elkarrizketa lan-saio baterako. Matignonen ere auziak ezinegona dakar, Melanesian gertatzen ari den aldaketaz jakitun, eta erreferendumera bidean polarizazioak har dezakeen tentsioaz jabetuta.
Horratx, beraz, batzuen eta besteen urduritasunak non diren. Independentisten eskariaren ondotik, unionisten oharra handik gutxira iritsi zen, oso hitz gogorrak erabiliz. Pariseko bileraren aurretik euren kartak jokatu izana leporatzen diete, ezinegona hauspotzea, eta indarkeriaren arriskuaz ohartarazten diote Parisi, erreferendumak Frantziako kanpaina presidentzialarekin bat egingo balu. Horregatik, ahalik bizkorren, aurten bertan egitea eskatu dute (independentistek epe luzeagoa nahi dute eztabaidarako).
Urduritasun horren zantzuak nabariak izan ziren iazko erreferendumean. Unionismotik, Frantziaren irudi kolonialena baliatu zuten, eskuin muturretik gertuko diskurtsoa eta iruditeria hartuta, Noumean eta uhartearen hegoaldean gotor kanak oldarraren aitzinean.
Independentismoak berriz, kanak herritarrengandik haratago joateko urratsa egin zuten, une historikoaz jabetuta alde batetik, eta artxipelago ahalik herritar gehienentzat proposamen erakargarria egin beharraz jakitun bestetik, kanak herritarrentzako mezuetan gelditu gabe.
Hil eta erdi falta da maiatzeko bilkura horretarako. Independentistek gobernuan gehiengoa lortu dute, baina barne zatiketek presidentea hautatzea eragotzi diete; aski irudi tamalgarria izan da. Horren guztiaren erdian, pandemiak jo du uhartean, ia urte betez kasu bakanak soilik izan eta gero. Agerraldi txikia izan da, Europako egoeraren aurrean, eta aste batzuetako konfinamenduari amaiera jarri diote asteon. Baina gobernua eratu beharra nabarmendu du; independentistek zirt edo zart egin beharko dute ahalik bizkorren.
Bestetik, estigmatizazioa gertatu da Wallis eta Futuna uharte polinesiarretako jatorria duten herritarren aurka, Frantziaren menpeko artxipelago horretatik iritsi delako birusa Kaledonia Berrira. Jarrera xenofoboak piztu dira Kaledonia Berriko biztanleen ehuneko hamar inguru den komunitate polinesiar horren aurka, eta FLNKS garaiz mugitu da herritar horiei ere babesa eta elkartasuna adierazteko orduan.
Iazko erreferendumean legez, jatorri ez kanak ez europarra ez dutenen garrantzia handia izango da. Polarizazioak gora egingo du datozen hilotan, baina independentzia inoiz baino hurbilago izan lezake Kaledonia Berriak.
LEKU-LEKUTAN
Frantses kolonialismoa higatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu