Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia

Arriskua hartu, eta irabazi

Ide Schellingek irabazi du Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapa, Leitzan. Alex Aranburu urrutitik ahalegindu da, baina laugarren izan da berriro ere

Arriskua hartu, eta irabazi.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Lasterketa handietan irabazteko, ausarta izan beharra dago. Teknika eta unean uneko gaitasuna garrantzitsuak dira, baina arriskatu egin behar izaten da helmugan besoak altxatzeko. Hori egin zuen atzo Ide Schellingek (Bora). Maldan behera ari zirela, abiadura bizian hartu zien aurrea alboan zituen dozena bat txirrindulariei, eta esprint luze batekin nagusitu zen 2023ko Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapan, Leitzan (Nafarroa). Bost kilometroko jaitsiera arriskutsua abiadura bizian egin zuen talde txiki batek, eta Herbehereetakoa gailendu zen. Etapa irabazteaz gain, maillot horia ere jantzi zuen. Alex Aranburu (Movistar) urrutitik ahalegindu zen, baina ezin izan zuen garaipenik lortu. Laugarren sartu zen helmugan.

Ikusi gehiago:Gaurko etapa: hika baino, hobeto berorika

Herenegun ez bezala, etapa hasi eta berehala sortu zen eguneko ihesaldia. Javi Romo (Astana), Jesus Ezquerra (Burgos BH), Carlos Garcia Pierna (Kern Pharma), Alan Jousseaume (Total Energies), Jon Barrenetxea (Caja Rural) eta Txomin Juaristi (Euskaltel-Euskadi) sartu ziren bertan. Azken biak lehen etapan ere izan ziren ihesaldian. Tropelak bidea egiten utzi zien, eta oso kilometro gutxian zazpi minuturen aldea hartu zuen seikoteak. Etaparen lehen zatiak ez zeukan zailtasun nabarmenik, eta Etxauriko igoera zen arreta gune bakarra (11,3 kilometro eta %3,3ko pendiza). Bertan, tropelak ez zuen erritmoa bizitu, eta zazpi minuturen aldearekin hasi zuten igoera sei minutu inguruko aldearekin amaitu zuten iheslariek.

Hala ere, pixkanaka-pixkanaka erritmoa areagotu zuen tropelak. Ineos eta Movistar jarri ziren tropelaren buruan, eta, erreleboak emanez, aise murriztu zuten aldea. Halako batean, hiru minutura gerturatu zen tropela, eta argi ikusi zen garailea atzean zegoela. Dena den, lehen tarteko esprinta ihesaldiko ziklisten artean jokatu zuten; Leitzara iristean. Une horretan, Garcia Piernak ezin izan zuen iheskideen erritmoan jarraitu, eta atzean gelditu zen.

Arkiskileko lehenengo jaitsieran, Education First jarri zen tropelaren buruan. Juanma Garaterenak zuhaitza astintzen ahalegindu ziren, eta jarraipena eman zioten, gainera, Saldiasen gora. Bazirudien Richard Carapaz mugituko zela, baina Mikel Landak aldatu zuen erritmoa (Bahrain). Arabarrak helmugatik 47 kilometrora egin zuen saiakera, Saldiasen bertan, eta Barrenetxearekin, Jousseaumerekin eta Romorekin elkartu zen lasterketa buruan. Ineosek, baina, ez zion aldea handitzen utzi. Bigarren tarteko esprinteko gainsaria zen Landaren lehen helburua, eta Donezteben hiru segundoko gainsaria lortu zuen, helmugatik 28 kilometrora. Beraz, sailkapen nagusian lehian ibiliko diren txirrindulariek ez zuten gainsaririk lortu eguneko tarteko helmugetan. Aurrekoekin bat egiteko saiakera horretan, ordea, Ethan Hayter liderra (Ineos) atzean gelditu zen, eta maillot horia galdu zuen britainiarrak.

Mendiko maillota eskuratzeko, berriz, lehia bizia mantendu zuten iheslariek, baina, lehen etapan gertatu bezala, lehia guztietan nagusitu zen Barrenetxea. Puntu sorta ederra eskuratu zuen atzo, eta pinporta gorriko maillota soinean abiatuko da gaurko etapan.

Arkiskileko bigarren igoerara iritsi aurretik irentsi zuen tropelak aurreko laukotea, baina beste bi txirrindularik aurrea hartu zuten: Liliane Calmejanek (Intermarche) eta Abel Baldestonek (Caja Rural). Elkarrekin ekin zioten biek Arkiskileko azken igoerari, helmugarako 17 kilometro falta zirela, baina hamabost segundo eskasen aldearekin. Gogorra baino gehiago, luzea zen mendatea, eta gailurrera heldu baino lehen iritsi zen tropela aurrekoengana.

Handik helmugarako bidea maldan behera egin zuten ziklistek; ziztu bizian bost kilometroko ibilbide sigi-sagatsuan barrena. Aranburu urrutitik ahalegindu zen, daukan teknika ona erakutsita. Hala ere, harrapatu egin zuten, eta esprint luzea jota irabazi zuen Schellingek. Helmugatik ehun metrora zegoen biribilgunean aurretik sartu zen Borakoa, eta beste inork ez zion aurrea hartu.

Larunbatean, maillot horia eta txapel beltza irabazteko faborito gehienak elkarrekin sartu ziren helmugan. Enric Masek (Movistar) 11 segundo galdu zituen, eta Daniel Felipe Martinezek 31, matxura baten ondorioz.

Ikusi gehiago: Errepidetik at ere ederra da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.