Maskarek, edukiera mugek, distantziek eta bestelako segurtasun neurriek hartu zituzten zinema aretoak orain bi urte, eta antzeko egoeran egin zuten iaz ere Donostiako Zinemaldia. Aurten, baina,normaltasunerako itzulera ospatuko du zinema jaialdiak: neurri bereziak bertan behera utzi dituzte, Belodromoko emanaldiak berreskuratu, eta alfonbra gorriaren ertzetan bildu ahalko dira zaleak berriro ere. Ospakizuna bikoitza izango da, gainera, 70. aldia izango baitu jaialdiak. Nabarituko da urteurrenaren marka festibalean, hainbat ekitaldi hari begira prestatu baitituzte; Tabakaleran ikusgai dauden bi erakusketak dira horren adibide, besteak beste.
Denera, 220 film eta 631 emanaldi izango dira, eta, ohi bezala, gustu guztietarako lanak bildu dituzte egitarauan. Gaur hasi, eta hilaren 24ko sari-banaketa ekitaldiarekin amaituko da jaialdia. Azken orduko ezustekorik ere izan da: Glenn Close aktorea ezin izango da Donostian izan, «familia larrialdi bat» tarteko; Matias Mosteirin ekoizle argentinarra izango da epaimahai ofizialeko buru.
SAIL OFIZIALA
Alberto Rodriguez zinemagile espainiarraren Modelo 77 filmarekin hasiko dira, gaur, Sail Ofizialeko emanaldiak, eta Neil Jordan zuzendari irlandarraren Marlowe lanarekin amaitu. Lehiaz kanpo erakutsiko dituzte biak, baita Rodriguezek berak eta Rodrigo Sorogoyenek, Raul Arevalok, Isa Campok eta Isaki Lacuestak zuzendu duten Apagón telesaila ere.
Urrezko Maskorra eskuratzeko hautagaien artean, berriz, hamazazpi film izango dira, tartean bi euskal ekoizpen: Mikel Gurrearen Suro eta Fernando Francoren La consagración de la primavera. Bi horiekin batera, lehiaketaren barruan erakutsiko dituzte hauek ere: El suplente (Diego Lerman); Girasoles silvestres (Jaime Rosales); Great Yarmouth-Provisional Figures (Marco Martins); Hyakka / A Hundred Flowers (Genki Kawamura); Il Boemo (Petr Vaclav); Kong Xiu / A Woman (Wang Chao); La Maternal (Pilar Palomero); Le lycéen(Christophe Honore); Los reyes del mundo (Laura Mora); Pornomelancolía (Manuel Abramovich); Resten af livet (Frelle Petersen); Runner (Marian Mathias); The Wonder (Sebastian Lelio); eta Walk Up (Hong Sangsoo).
Bada zeresana eman duen beste film bat ere lehiakideen artean: Ulrich Seidlen Sparta. Izan ere, Der Spiegel aldizkariak argitaratu zuenez, zuzendari austriarrak nahita ezkutatu zien grabatu zituen adingabeei pedofiliaren inguruko lan bat egiten ari zela, eta filma bere programaziotik kendu zuen Torontoko zinema jaialdiak. Zinemaldiak, baina, Sail Ofizialeko lehian emango du; «soilik epaile baten aginduz» kenduko lukete, Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak adierazi duenez.
Emanaldi berezietan, eta lehiaz kanpo, beste bi film emango dituzte: Isabel Coixeten El sostre groc eta Yannick Kergoaten La (très) grande évasion.
EUSKAL ZINEMA
Guztira, Euskal Herrian ekoitzitako hamahiru film luze eta lau film labur bildu ditu aurten festibalak bere egitarauan. Horietatik, hamahiru dira euskaraz sortutakoak —osorik edo hein batean—, eta 11 izango dira ikusgai, bi garapen fasean baitaude oraindik. Zinemira sailak hartuko ditu gehien, zazpi denera, eta Euskal Zinemaren Irizar saria irabazteko lehiatuko dira horietako lau: El vasco (Jabi Elortegi), My Way Out (Izaskun Arandia), Gesto (Xuban Intxausti) eta Karpeta Urdinak (Ander Iriarte). Sail berean, baina lehiaz kanpo, Alauda Ruiz de Azuaren Cinco lobitos, Arantza Santestebanen 918 gau, eta Jon Mikel Fernandez Elorzen Bi arnas erakutsiko dituzte, besteak beste.
Zinemira saileko lau lan horiez gain, beste sail batzuetan dauden sei film lehiatuko dira Irizar sarirako: aurrez Sail Ofizialean aipatutako biak —Suro eta La consagración de la primavera—; Maria Elorzaren A los libros y a las mujeres canto, Zuzendari Berriak sailekoa; Alberto Gastesiren Gelditasuna ekaitzean, Euskal Zinemaren Galan estreinatuko dutena; Fermin Aioren Kepa Junkera berpiztu, EITB galan erakutsiko dutena; eta Fermin Muguruzaren Black Is Beltza II: Ainhoa, Belodromoan emango dutena —sarrerak amaitu dira dagoeneko, baina egunean bertan, emanaldia baino bi ordu lehenago, beste ehun bat jarriko dituzte salgai leihatilan—. Hala, hamar lan izango dira guztira saria lortzeko lehian.
Zabaltegi-Tabakalera saila beste bi euskal ekoizpenen erakusleiho izango da: Lur Olaizolaren Hirugarren koadernoa eta Estibaliz Urresolaren Cuerdas film laburra. Halaber, Nest sarirako, lehen aldiz, euskarazko lanik ere izango da hautagaien artean: Nagore Murielen Erro bi eta Mikele Landaren Noizko basoa.
PERLAK ETA BESTE
Nazioarteko jaialdietan oihartzuna lortu duten lanen erakusleiho izan ohi da Perlak saila, eta hamazazpi lan erakutsiko ditu aurten. François Ozonen Peter von Kant-ek irekiko du sorta, eta, haren ondotik, besteak beste, Santiago Mitreren Argentina, 1985, Alejandro Gonzalez Iñarrituren Bardo, falsa crónica de unas cuantas verdades, Dardenne anaien Tori et Lokita, Hirokazu Koreedaren Broker, Ruben Ostlunden Triangle of Sadness, Louis Garrelen L'innocent eta Mia Hansen-Loveren Un beau matin emango dituzte.
Zabaltegi-Tabakalera sailak ere hainbat jaialditan parte hartutako lanak erakutsiko ditu, tartean Thomas Salvadorren La montagne, Anders Emblemen A Human Position, Cyril Schaublinen Unrueh, Natalia Lopez Gallardoren Manto de gemas, Laura Citarellaren Trenque Lauquen eta Ann Orenen Piaffe. Beste hainbat film luzez gain —Mutzenbacher (Ruth Beckermann), Amigas en un camino de campo (Santiago Loza) eta beste—, lan laburrak ere bildu dituzte sailean, hala nola Peter Stricklanden Blank Narcissus (Passion of the Swamp) eta Lee Chang-dongen Heartbeat.
Horizontes Latinos sailean, berriz, Argentina, Brasil, Txile, Kolonbia, Kuba eta Mexikon kokatutako hamabi istorio erakutsiko dituzte. Horien artean daude Ana Cristina Barragan, Natalia Beristain, Patricio Guzman eta Carlos Lechugaren lan berriak, besteak beste; Guzmanen filmak inauguratuko du saila, eta Barraganenak itxi. Eta Zuzendari Berriak sailak lehen edo bigarren hamahiru lan bilduko ditu aurten.
DONOSTIA SARIAK
Bi Donostia sari emango ditu aurten jaialdiak: Juliette Binoche aktore frantziarraren eta David Cronenberg zinemagile, gidoigile eta antzezle kanadarraren ibilbideak aitortuko ditu. Maiatzean iragarri zuen festibalak Binoche (Paris, 1964) omenduetako bat izango zela, eta 70. aldiko kartel ofizialaren irudia ere bada horregatik aktorea. Hilaren 18an jasoko du garaikurra, Kursaalean egingo duten sari-banaketa galan, eta Claire Denisen Avec amour et acharnement filma emango dute jarraian —aktorea du protagonista nagusietako bat—. Film horretan ez ezik, beste 70etik gora lanetan parte hartu du aktoreak azken 40 urteotan, hala nola Marie (1985), Mauvais Sang (1986), Les amants du Pont-Neuf (1991), Trois couleurs: Bleu (1994), The English Patient (1996), La Vérité (2019) eta aurten Sail Ofizialean lehiatuko den Le lycéen lanetan.
Cronenberg (Toronto, Kanada, 1943), berriz, azken mende erdiko zinemagile berezienetakotzat dauka jaialdiak. Hogei film luze inguru zuzendu ditu, eta horietan gaixotasuna, indarkeria, gorputza eta esperimentazio zientifikoa landu izan ditu. Berak sinatutako lanen artean daude, besteak beste, Scanners (1981), Videodrome (1983), The Fly (1986), Dead Ringers (1988), The Naked Lunch (1991), Crash (1996), A History of Violence (2005) eta Eastern Promises (2007). Aktore ere aritu izan da beste zuzendari batzuen filmetan. Hilaren 21ean jasoko du saria, Viktoria Eugenia antzokian, eta, ondoren, Crimes of the Future filma emango dute, aurtengo Cannesko jaialdian aurkeztutakoa.
Donostiako 70. Zinemaldia
Zinema ospatzeko urtea
Pandemiak baldintzatutako bi aldiren ostean, ohiko itxura berreskuratuta hasiko da gaur Donostiako Zinemaldia. 70. urteurrenak markatutako aldia izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu