Hiriguneetako gazteen artean euskararen eta euskal kulturaren transmisioa hobetzea du helburu atzo Bilbon aurkeztutako #Damolat proiektuak. Ahize-AEK-ko teknikari Naroa Jauregizuriak Bilbon, Getxon eta Portugaleten (Bizkaia) egindako ikerketaren emaitza da, eta jardunaldi formatuan plazaratuko dute laster. Gazteei euskal kulturara hurbiltzeko tresnak eman nahi dizkiete, eta Ikastolen Elkarteak unitate didaktiko bat atonduko du, Bizkaiko Foru Aldundiak lagunduta.
Jauregizuriaren ikerketak argi utzi du hutsune bat dagoela nerabeentzako edukietan. Haren iritziz,umeek badauzkate euskara eta euskal kulturara heltzeko bideak eta edukiak: «Nahiz eta familia erdaldunetako umeak izan, eurentzako edukiak dauzkate: Irrien Lagunak, Ene Kantak, ETBko marrazki bizidunak, Goazen, Olentzero eta Mari Domingiren istorioa bera...». Horiek guztiak «umeen iruditeriaren» parte direla azaldu du, eta badaukatela eragina haiengan.
Nerabezaroan, ordea, kanal horiek «mozten eta urtzen» hasten direla esan du. Jauregizuriaren aburuz, trantsizio adin horretan, hiriguneetako gazteek euskararen mundutik jasotzen dituzten erreferentziak «ikusezin eta arrotz» bihurtzen dira, baita «deseroso» ere, «komunikazio konpetentzietan zailtasun gehiago dauzkatelako».Bide beretik jo du Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Gogorarazi du denbora daramatela ohartarazten nerabeen arteko erabilerak eta kalitateak behera egin dutela, eta neurriak eskatzeaz gain «egin» egin behar dela azaldu du. Tellituren ustez, arazoari hezkuntzatik, euskalgintzatik, kulturgintzatik eta erakunde publikoetatik erantzun behar zaio. «Erantzuna elkarlanaren ondorio bada, are eta emaitza hobeak lortuko ditugu».
Euskara, zokoratuta
Presentzia urria dauka euskarak Bilbo aldeko nerabeen artean. «Ikerketan parte hartu duten gazte gehienek euskal munduarekin duten lotura bakarrenetakoa ikastetxeak eta herri eta auzoetako jaiak dira», azaldu du Jauregizuriak, azterlanaren parte izan diren ia ehun ikasleen erantzunetatik abiatuta.
Nerabeen beharrizanak identifikatu ondoren, konponbidea du jomuga #Damolat proiektuak, baina Jauregizuriak onartu du «laguntza xumea» bakarrik eskaini dezakeela, «erronka eta eztabaida handi baten parte» delako arazoa. Hezkuntza komunitateari laguntzeko tresna egin nahi dute orain, ikasketa unitatea eskainiz gazteei. Helburua da komunikazio kanalak «argiztatzea» euskara eta euskal kultura gazteengana heltzeko.«Ez dugu esango 'hau gustatu behar zaizu', baizik eta 'hau da zuen esku dagoena: behintzat ikusi eta erabaki zer gustatzen zaizuen'», nabarmendu du Jauregizuriak.
Unitate didaktikoa datozen asteetan argitaratuko dute, eta doako zabalpena izango du. Eskolez gain, aisialdi taldeei, gaztetxeei eta euskaltegiei eskainiko zaie, besteak beste, haiek ere edukiak aprobetxa ditzaten.
Euskara gazteen artean sustatzeko proiektu bat aurkeztu du AEK-k
Ikerketa bat egin dute Bilbo aldeko ikasleen artean, Ikastolen Elkartearekin eta aldundiarekin batera. Transmisioan hobetzea da proiektuaren helburua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu