Nafarroako Gobernuak behin betiko onartu du Aroztegiko proiektua

Baztan, Etxalar eta Ultzamako udalen alegazioak baztertu dituzte. Helegitea jar dezakete aldeek

Manu Aierdi lehendakariordea eta Palacio de Arozteguia SL enpresako burua, Lekarozen, iaz eginiko bisitaldian. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2017ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Aroztegiko hirigintza eta turismo egitasmoari baiezkoa eman dio Nafarroako Gobernuak. Bai, 240 biztanleko herri batean 228 etxebizitza berri eraikitzeari; bai, spa bainuetxe bat, luxuzko jatetxe bat eta lau izarreko hotel bat dituen turismo gune bat egiteari; eta bai, azkenik, Lekaroz eta Elizondo herrien arteko lursail batean bederatzi zuloko golf zelai bat jartzeari.

Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak behin betiko onetsi du Aroztegiko plan sektorialaren hirigintza proiektua. Egiazki, azaroaren 28an sinatua dago ebazpena, baina atzo argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean, aurrekontuei buruzko eztabaida parlamentarioa bukatu berritan.

Izan ere, auzi horrek polemika bizia piztu du laukoaren barruan: Geroa Bai da proiektuari babesa adierazi dion bakarra, eta kontra ditu EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerra. Baztanen ere, hautsak harrotu ditu egitasmoak: kontra dago udal gobernua —EH Bildu eta Ezkerra—, baina udalbatzan gehiengoa dute proiektuaren aldekoek —Geroa Bai, UPN eta Auzolanean—. Iazko ekainean, berriz, galdeketa egin zuten eskualdean, eta proiektuaren aurkako aukerak aise irabazi zuen arren, parte hartzea eskasa izan zela argudiatzen dute planaren alde daudenek —erroldatuen %27—.

Atzo argitaratutako ebazpenean, gobernuak atzera bota ditu Baztango, Etxalarko eta Ultzamako udalen alegazio gehienak. Baztango Udalak, esaterako, hutsune teknikoei buruzko alegazio ugari aurkeztu zituen. Horietako batzuk onartu ditu Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Departamentuak —enpresak dagoeneko zuzendu dituen forma akatsak, batez ere—, baina gehienak atzera bota dituzte. Baita euskararen erabilerari dagokion bat ere.

Aroztegiko hirigintza proiektua idatzi zutenek «Baztango udalerriko gehiengo euskaldunarekin agertzen duten enpatiarik eza» salatu zuen Joseba Otondo alkateak, proiektua gaztelania hutsean idatzia baitago. Baztan eremu euskaldunean egonagatik, proiektua ele biz idazteko betebeharrik ez dagoela argudiatu du gobernuak, eta 1986ko Euskararen Legea erabili du horretarako: «Aitortu egiten da herritar guztiek administrazio publikoekiko harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dutela».

Ultzamako eta Etxalarko udalek ere alegazio bana aurkeztu zuten, iazko herri kontsultaren emaitzak aintzat hartzeko eskatzeko. Proiektua «legearen araberakoa» dela erantzun die Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Departamentuak.

Hala ere, proiektuaren aurka daudenek aukera dute Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazio Auzietarako Salan helegitea jartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.