Auzoak erdigunera

Bartzelonako Udalak argi du: hezkuntza ez da familien eta eskolen lana soilik. Hainbat erakunderekin elkarlana sustatu eta hezkuntza formalean eta ez-formalean eragiteko planak abiatu dituzte.

Irati Urdalleta Lete.
Bartzelona
2022ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Hiri bat, hamar barruti, 73 auzo, 103 haur eskola eta 444 ikastetxe. Bartzelonaren zenbakiak ez dira nolanahikoak. Eta, hezkuntzaren kudeaketa gertuagokoa izan dadin, txikira jotzea erabaki dute, auzoetara. Pau Gonzalez Bartzelonako Udaleko Hezkuntza zinegotzi eta Hiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkarteko presidente ordezkariak azaldu du arrazoia: «Bartzelonaren gisako hiri hain handi batean, politika lokalak auzoetakoak dira. Errazagoa da auzoko erakundeekin gertutik egitea». Izan ere, hiri hezitzaileen sareko kide izanik, argi dute hezkuntza ez dela familien eta ikastetxeen ardura bakarrik: «Hemen hezkuntza oso garrantzitsua da, eta, beraz, ezin dugu inor bakarrik utzi hor: ez familiak eta ez eskolak; hiri guztia inplikatzen da pertsona guztien hezkuntzan».

Egun, Bartzelonan, partzuergo bat daukate, udalaren eta Kataluniako Generalitatearen artean eskolak «modu integralean» kudeatzeko. Horretaz gain, Gonzalezek azaldu duenez, auzo mailan udalak eta batez ere barrutiek harremana daukate ikastetxeekin, gertutasun hori lortze aldera: «Distritutik, hurbiltasunetik, ikus daiteke zer behar duen eskolak, zer behar duen eskolaren inguruak...» Eta saiatzen dira «ahal bezainbat» aliantza lortzen auzoetan aritzen diren elkarteekin ere: Esplai taldeekin—umeentzako aisialdirako jarduerak antolatzen dituzten taldeak—, guraso elkarteekin...

Gainera, udaletik hartzen dituzten gainerako erabakietan ere ikuspegi pedagogikoa txertatzen dute. Gonzalezek azaldu duenez, adibidez, eskola bat margotu behar dela edo ikastetxe bateko altzariak aldatu behar dituztela erabakitzen badute, «zentzu pedagogikoarekin» egiten dute; esate baterako, pinturaren bidez ikasleak erlaxatzeko edo altzariekin irakasleen eguneroko bizimodua hobetu dezaketela buruan izanda.

Haurrek ikastetxetik ateratakoan izan ditzaketen gabezien jakitun, eskolaz kanpoko ekintzetan ere eragin nahi izan dute: «Familiak baliabiderik ez badu, ume batzuek ez dute musikako edo hizkuntzetako ikasketarik izango, eskolan ematen direnez harago». Horregatik, Gonzalezek esplikatu duenez, aurreko legealdian auzoetan plan bat abiatu zuten, adierazle okerrenak dituzten tokietan esku hartze integral bat egiteko, eta haren oinarrietako bat hezkuntza zen. Adibide bat eman du: «Orkestra bat jarri genuen eskola batean eta institutu batean, pentsaezina zelako horrelako auzo batean umeek ikasketa musikalak izatea eskolako orduaz harago». Zentrotik kanpo bai, baina zentroan bertan ere segregazioari aurre egiteko beharra ikusten du oraindik: «Helburua da eskola guztiek erantzutea auzoko errealitateari».

Jolasaren garrantzia

Eta, hezkuntza formalari eta ez-formalari erreparatzearekin batera, jolasari ere garrantzia ematen dio Bartzelonak. Izan ere, arazo bat dagoela uste du Gonzalezek: «Hiriak batzuetan umeen aurkakoak dira». Horri buelta eman nahi diote, eta haurrek jolaserako duten eskubidearen aldeko pausoak eman. Horretarako, plan bat egin zuten: «Estrategia da espazioak irabaztea, umeak jolas daitezen». Hainbat bide ireki dituzte: besteak beste, patioak eskola orduetatik kanpo ere zabalik egotea; espazio publikoa «hobeto pentsatzea», paseatzeko, irakurtzeko edo jolasteko aukera eman dezan; eta jolaslekuak aldatzea. Gainera, umeeihitza eman diete, eta galdetu diete jolaslekuetan zer falta den.

Eskoletan nahiz haietatik kanpo martxan jarri dituzten estrategia eta plan guztien xedea zein den argi du Gonzalezek: «Helburua da hezkuntza sistema ofiziala hobetzea, eta hori egitea eskolatik kanpo ematen den hezkuntzarekin batera, desberdintasunak gaindituz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.